Gasteizko Mercedes lantegian muntaketa lanean diharduten hiru langile bizkaitarrek positiboa eman dute azken egunotan. Hirurak bizkaitarrak dira eta elkarrekin etorri ohi dira kotxean Gasteizera. Laugarren langile batek ere beraiekin egin ohi du bidaia, baina PCR probetan ez du positiborik eman orain arte.
Positiboa emandako hiru langileak, emaitza jakin zuten momentutik, isolamendu egoeran daude etxean eta enpresako zuzendaritzak segurtasun protokoloa martxan jartzeko agindu du. Horren arabera, hiru langileekin zuzeneko harremana izan duten dozena bat langileri PCR probak egingo zaizkie.
Positiboen goranzko joera
Atzo jakinarazitako datuen arabera, azken 24 orduetan egindako 4.424 PCR probetan 136 positibo berri antzeman ziren, horietatik 13 Araban.
Datuek erakusten dute azken egunotan positibo kopuruek goranzko joera dutela eta Osasun Sailburuaren hitzetan "bigarren uholdea" etor liteke laster. Normaltasun berrian fokuak agertzea "aurreikus genezakeen zerbait zen, baina birusaren transmisio azkarrak harritzen gaitu" gaineratu zuen Sailburuak.
Halere, martxoan eta apirilean ez bezala, kutsatutako pertsonen artean antzematen diren kasuen artean "%70-%80 sintomarik gabekoak dira", eta horrenbestez goiz identifikatutakoak direla suposatzen dute osasun saileko arduradunek.
Euskadin egiten ari diren miaketa-lanei dagokienez, Murga sailburuak argitu du "200 pertsona baino gehiago" ari direla une honetan miaketa-lanetan, eta gainera kutsatze foku nagusiak izaten ari diren gaueko aisialdi eremua "arautuko duen agindu bat" lantzen ari dela Eusko Jaurlaritza.