"Teknikari eta jokalarien arteko lotura gertatu da txapeldun izateko"

Jon Rejado 2020ko uzt. 24a, 08:00
Ohi baino "urrunago" jarraitu du aurtengo denboraldia Iñaki Garaialdek. / Jon Rejado

Ivanovic bere neurrira egindako taldea osatzen ari dela hausnartu du Iñaki Garaialdek: mugikortasun handiko jokalariak, fisikoak... Baskoniako kapitain eta esatari ohiak ez du argi, ordea, nola hasiko diren saskibaloi txapelketak, koronabirusaren itzalpean.

Ezohikoa. Hitz hori maiz ateratzen da aurten ACB Ligari buruz hitz egitean, baita txapeldunari buruz hitz egitean ere: Baskonia. Iñaki Garaialderentzat (Gasteiz, 1957) ere ezohikoa izan da. Baskoniako jokalari eta kapitain ohia, gerora 30 urtez bere taldearen partiden zuzeneko esatari lanetan egon zen, Radio Vitorian, Rafa Muntionekin batera. Iazko denboraldiaren amaieran lan horri utzi zion, baina. Beraz, ohi baino urrunago jarraitu du denboraldia, "asko sufritzen". Iazko irailetik ikusitakoez, bizitakoez, eta taldearen etorkizunaz hausnartu du.

Hilabete bat da Baskonia ACBko txapelduna denetik.

Oso ezohikoa izan da dena, egoerarekin bat eginez.

Denboraldi hasieratik gertatutakoa ikusita halakorik aurreikus zitekeen?

Lehen partidan jokalari garrantzitsuenetako bat lesionatu zen (Jason Granger) denboraldi osorako, hasiera batean. Taldea desegituratu zen, erabat. Hortik aurrera gertatutakoak ikusita, amaiera sinestezina da.

Zergatik?

Ez zuen Superkopa jokatu. Ez zuen Kopa jokatu. Txapelketak gelditu zirenean Baskonia hamahirugarrena zen Euroligan, eta zortzigarrena ACB Ligan. Zenbakiak argiak ziren.

Ze zenbaki dira horiek?

Buruz ari naiz, baina (Velimir) Perasovicek 29 partida egin zituen entrenatzaile, kargutik kendu aurretik: 13 irabazi, eta 16 galdu. (Dusko) Ivanovicek 29 egin ditu gero: 16 irabazi, eta 13 galdu. Deigarria: 58 partida horietatik Baskoniak 29 irabazi zituen, eta 29 galdu. Bide batez, taldeko 29. zenbakidun jokalaria, Patricio Garino, luzerako lesionatu zen. Etenaldira arteko datuak edonori erakutsiz gero, erantzuna berdina izango zen: aurtengoa denboraldi oso txarra izan da.

Eta egoera horretan txapelketak gelditu ziren, koronabirusaren pandemiagatik.

Ez nuen pentsatzen aurten txapelketak jokatu eta amaituko zituztenik, egia esan. Erromantiko bat naiz, eta ez nion zentzurik ikusten amaitzeari, ateak itxita egin beharko zela jakinda, jarraitzailerik gabe.

Testuinguru horretan Baskonia gailendu zen. Zeintzuk izan ziren gakoak?

Denek Ivanovicen lana nabarmendu dute. Horrekin bat nator. Hala ere, taldeak bi alde ditu: entrenatzailea eta jokalariak. Bien arteko lotura bat egon behar du. Eta lotura hori gertatu da txapeldun izateko. Entrenatzaileak sinestarazi die jokalari guztiei modu zehatzean jokatu behar zutela irabazteko. Ez zen erraza hori lortzea, ordura arte ikusitakoak ikusita. Eta are zailagoa zen jokalari batzuk argi zutenean azken urtea zutela taldean. 

Eta nola islatu zen hori kantxan?

Defentsan. Talde guztiak saskiratzen zituzten puntuetatik urrun utzi zituen Baskoniak azken fasean. Ivanovicengan ikusitako aldaketek ere harritu naute.

Ivanovicen jarreran?

Maila taktikoan eta estrategikoan aldaketa handiak izan ditu, Baskonian emandako aurreko garaietatik, eta eskertzekoa da. Agian, Gasteiztik urrun izandako bizipenek malgutu dute garai bateko irizpide irmoa.

Essie Hollisen jokoa goraipatzen du Garaialdek. / Iñaki Garaialde

Nolako aldaketak antzeman dizkiozu?

Gasteizen egondako aurreko boladetan ideia bat zuen, eta horrekin aurrera zihoan, aurrean zegoen taldea zegoela. Oraingoan, baina, aurkarira egokitu da. Finalean, Mirotic gelditzeko agindutako defentsa entrenatzaile eskoletan ikasteko modukoa da. Laburbilduz, lortutako emaitza ezohikoa da, aparta. Luzaroan gogoratuko da, baina oroitzapen horrek errealitatea faltsutu dezake.

Zein zentzutan?

Ezohiko egoeran gertatu da emaitza hori. Adibide argia dago: Vildozak sartu zuen finalean azken saskiratze erabakigarria. Bada, partida amaitzean, joko antolatzaileak azaldu zuen Polonarari oihu egin ziola, defentsatik ihes egin zuenean, balioa pasa ziezaion. Pabilioia ikuslez gainezka egon izan balitz Polonarak ezin izango luke oihu hori entzun. Baina azken fasea jokatzeko baldintza horiek talde guztiek onartu zituzten.

Aurrez txarra zen denboraldia zuritzeko arriskua dago, behin txapela eskuratuta?

Ez dut uste hori gertatuko denik. Talde batek bihar hobea izan nahi badu, gaur lan egin behar du, baina aurretik gertatutakoa ahaztu gabe. Orain arteko fitxaketen atzean Ivanovicen irizpidea dagoela iruditzen zait.

Nola antzeman duzu hori?

Jokalari gogorrak dira, trinkoak, baina mugikortasun handikoak, eta edozein unetan kanpotik jaurti dezakete. Talde ezerosoa izateko tankera hartzen ari da. Zenbateraino izango da hori? Aurkarien mugimenduak ikustea baino ez dago. Valentziaren fitxaketak, Bartzelonarenak, Real Madrilenak…

"Shengelia joateak kezkatzen nau. Gauza bat da kapitaina galtzea, eta beste bat liderra"

Baskonian zaila da honakoa esatea, aldaketa asko izan ohi dituelako, baina ziklo aldaketa bat egon daiteke. Shengeliak, egungo kapitain eta liderrak, taldea utzi du sei denboraldiren buruan.

Hori da kezkatzen nauen gauzetako bat. Gauza bat da kapitaina galtzea, eta beste bat liderra galtzea. Kapitaina, suposatzen dut, Ilimane Diop izango dela, taldean eman dituen denboraldiengatik; horrez gain, azken fase aparta egin du. Baina liderraren gaia, dela aldagelakoa edo zelaian dagoena…

Gertuko adibideak jartzerik bai?

Shane Larkin etortzen zait burura. Ez zen kapitaina, baina kantxan zegoenean berak agintzen zuen. Liderraren ikurra funtsezkoa da, ez bakarrik kirol arloan. Ioannis Bourousis denboraldi bat egon zen, eta, tarte horretan, nor izan zen liderra? Edo Essie Hollis bera! Garai horretan ni nintzen taldeko kapitaina, baina nor zen liderra? Eta hori onartzen nuen; tontoa izan behar zen hori ez egiteko! Eta datorren denboraldian Baskonian ez dakit nor izan daitekeen.

Kontratua duten eta ez dutenen artean zer mugimendu aurreikusten dituzu?

Kasu batzuetan ez dut ulertzen zergatik atzeratzen ari diren. Horregatik beste aldagai bat datorkit burura: Alavesen etorkizuna argitzea. Kudeatzaile on batek taldea egituratzen du duen diruaren arabera, eta duela aste eskasa lortu du Alavesek Lehen Mailan jarraitzea. Hori argituta dagoela, jokalari batzuen egoera argitzen hasi beharko da: Pierria Henry, Garino, Polonara, Granger, Dragic...

Eta, taldea alde batera utzita, nola espero duzu itzuliko direla saskibaloi txapelketak, koronabirusaren garai honetan?

Ez dakit, egia esan. Beste arlo batzuetan, kiroletik urrun, hezkuntzan kasu, balizko testuinguruak ezarri dituzte itzulera antolatzeko; bakoitzean nola jokatu aurreikusten ari dira. Saskibaloi txapelketako erabaki eremuetan ez dut halakorik ikusten.

Jarraitzaileak ere ezin dira ahaztu.

Bai, eta aurrekari batzuk ikusi izan ditugu: Baskoniak irabazi zueneko ospakizuna, futbol talde batzuen jarraitzaileenak… Datorren denboraldian Baskoniak urre koloreko ikurra eramango du elastikoan, txapeldun den erakusgarri. Horrek, baina, ez du ezkutatu behar aurrez gertatutakoa. Ni, esate baterako, 77 egun egon nintzen etxetik atera gabe, arrisku talde batekoa naizelako, besteak beste. Horren guztiaren ostean, haserretzen nau jokabide batzuk ikusteak.

Azkenik, zure lehen denboraldia izan da saskibaloi partidetan esatari izan gabe Radio Vitorian, aspaldiko partez. Nolakoa izan da?

Oso txarto pasa dut. Ez naiz gai izan, azken txanpara arte, Baskoniaren partida bat telebistaz zuzenean ikusteko. Partida ikusten hasi, eta emaitza zena zelakoa, bihotza saltoka hasten zitzaidan; hamar puntugatik irabazten zegoenean ere. Pabilioian lau partidatan egon naiz, eta izugarri sufritu dut. Lagun batek, psikologoa ogibidez, esaten zidan kasu tipikoa zela.

Bai?

30 urte eman ditut Saskibaloi partida guztiak ikusten, baita gehiago ere. Hori egitean, ordea, hitzez adierazten nuen gertatzen zena. Are gehiago, oharrak ere hartzen nituen. Beraz, partidari buruz hitz egiten ez nuenez, sufritzen nuen. Perasovic bota baino lehen ez nituen zuzenean ikusten; estatistiken bitartez jarraitzen nuen, eta abar. Eta partida amaitzean, beharrezko informazioa esku artean nuela, ikusten nuen.

Eta azken partida?

Hori zuzenean ikusi nuen. Radio Marcatik eskatu zidaten kolaboratzeko, oso modu lasaian. Oharrak hartu nituen, partidan hitz egiten egon ginen, eta amaitu zen moduan amaitu zenez… Poz-pozik!

30 urtez egin ditu esatari lanak Garaialdek. / Jon Rejado

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide