Bost kontzertu musika klasikoa Araban zehar hedatzeko

Erredakzioa 2020ko uzt. 22a, 18:22
Ensemble Diatessaron taldeak emango dio hasiera zikloari, abuztuaren 4an Argantzonen. / E.D.

Abuztuaren 4an hasi eta hilaren 19ra arte, Argantzon, Amurrio, Araia, Agurain eta Oionetik igaroko da 2020ko musika klasiko eta organo zikloa. Bost kontzertu eskainiko dituzte.

2020ko musika klasiko eta organo zikloa Arabako lurralde historikoan zehar ibiliko da abuztuan, bost kontzerturekin. Egitasmo honek udako ohiko musika klasikoa eta organo zikloak ziklo bakarrean bilduko ditu.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren lankidetzarekin antolatutako zikloa abuztuaren 4an hasiko da eta 19ra arte luzatuko da, Argantzon, Amurrio, Araia, Agurain eta Oion bisitatuz.

Aldundiko Kultura eta Kirol zuzendari Ana del Valek eta Donostiako Musika Hamabostaldiaren zuzendari artistiko Patrick Alfayak asteazken honetan aurkeztu dute Arabako Foru Aldundiaren 20.000 euroko aurrekontua duen egitasmoa.

Lehenengo kontzertua abuztuaren 4an izango da, 19:30ean Argantzongo Jasokundeko Andre Mariaren elizan: Ensemble Diatessaron musika barrokoan eta errenazentistan espezializatuta dago, XVI. mendetik XVIII. mendera doan ibilbide bat jorratuz, jatorrizko instrumentuekin. Rafael Bonavita gitarjoleak, Inmaculada Aranburu biolinistak eta Elena Martinez de Murgiak -ganba biola- osatzen dute taldea.

 

Trebiñutik Amurriora hurbilduko da zikloa, abuztuaren 9an 20:00etan Amurrioko Antzokian Conductus Ensemblek eskainiko duen emanaldiarekin. Andoni Sierrak 2002an sortutako musika elkartea musikari profesionalek eta afizionatuek osatutako talde instrumental eta korala da, garai guztietako musika koralaren interpretazioan espezializatua.

Halaber, zikloak bi geltoki izango ditu Arabako Lautadan: lehenengoa, abuztuaren 9an Araian, 19:30ean San Pedro elizan Susana Garcia de Salazar aktoreak eskainiko duen emanaldia, pianoa eta ahotsa konbinatuz; bestalde, abuztuaren 16an Agurainen, Loreto Aramendik, Pedro Aginagak eta Pablo Mezzelanik -organoa, biolina eta instrumentu etnikoak, hurrenez hurren- osatutako hirukotearen kontzertua, 19:30ean Santa Maria elizan.

Azkenik, Arabako Errioxara iritsiko dira musika klasikoaren doinuak, eta abuztuaren 19an, 20:00etan, Oiongo Jasokundeko Andre Mariaren elizan amaituko da zikloa, Alize Mendizabal -organoa- eta Catalin Bucataru -biolina- bikotearen azken kontzertuarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide