Koronabirusa

Koronabirusa udako egutegia markatzen ari da Araban

Erredakzioa 2020ko uzt. 23a, 08:00

Urriaren 11ra atzeratu dute Ironman proba. IRONMAN

Azken asteetan kasu gutxi atzeman badira ere, kontrolak eta babes neurriak zorroztu dituzte erakunde publikoek eta hainbat ekitaldi eten dira.

Pandemia eusteko fasean jarraitzen du Arabak. Inguruko herrialdeetan ez bezala, kasu gutxi batzuk atzeman dira azken aste hauetan lurraldean. Dena den, zuhurtziaz jokatu nahi izan dute erakunde publikoek zein ostalariek edo kultur programatzaileek, eta aurreikusitako hainbat jarduera bertan behera utzi dituzte.

Iragan asteburutik, eguneko zentroetan eta adinekoen egoi- tzetan murrizketak egin dituzte, Eusko Jaurlaritzak zentro hauek ixteko dekretuaren harira. Hala, Arabako Diputazioak herrialdeko erreferentziazko hiru zentro publiko soilik mantendu ditu zabalik, premiazko kasuei aurre egiteko: Zadorra, Bizia eta Ariznabarra. Gasteizko Udalak, berriz, Tomas Zumarraga, Blas de Otero eta Olarizuko Santa Maria eguneko arreta zerbitzuak itxita ditu igandetik.

Udalekuak ere eten dituzte, Eusko Jaurlaritzaren eta Eudelen gomendioa medio. Halere, erabakia nola hartu duten salatu dute hainbat udalek, tartean Aramaiok. Lierni Altuna alkateak ohar bidez salatu du ezer ofizialik jaso gabe erabakiak hartu behar izan dituztela. "Gauzak horrela ezin dira kudeatu" esan du, "ezin da komunikabideetan mezu bat zabaldu udalen eskumenak diren gauzen inguruan udalei komunikatu gabe". Hartara, udalekuak bertan behera uztea erabaki du Udalak, baina eguneko zentroa zabalik mantendu dute.

Aisialdia eta kultura

Kostata bada ere, aurrera egiten ari da lurraldean kultur jarduera, aforo txikia duten ekitaldietara mugatuta. Bitartean, ospakizun handiagoak murriztu edo bertan behera utzi dituzte. Gasteizen, abuztuaren 1etik 12ra Iradier Arenan ospatzekoa zen Cabaret Festival jaialdia, esaterako, ez egitea erabaki dute antolatzaileek. Jaialdia gehienez mila ikusle hartzeko pentsatuta zegoen, baina "antolaketa zailtasunak" direla eta bertan behera utzi dute. Hala ere, ez dute baztertu ospakizuna beste data batzuetan egitea, egoeraren arabera.

Bestalde, hiriko jaietako egunen harira, behin Udalak txupinazo sekretua botatzeko asmoa baztertu eta gero, eliza katolikoak ere erabaki du kaleko ekitaldi erlijioso guztiak bertan behera uztea, eta soilik eliza barruan egingo dituzte mezak. Halaber, Udala eta hiriko ostalariak abuztuaren 4tik aurrera tabernetan pilaketak saihesteko formulak bilatzen ari dira, tartean edukiera murriztea edo ordutegiak egokitzea.

Hala, momentuz, hiriko jai nagusien egitarauan salbatu den ekitaldi bakarra zirkua da. Barrakarik, tonbolarik, erretegirik eta txurreriarik ez da izango aurten Andre Maria Zuriaren jaietan, baina Mendizabalan Italiako Zirkuaren karpa jarriko dute, uztailaren 30etik abuztuaren 9ra arte.

Bestetik, lurraldean data hauetan egiten diren kirol probak ere kaltetu ditu pandemiak. Hala, Gasteizen uztailean ospatu behar zen Ironman-a atzeratu dute sustatzaileek, eta urriaren 11n egiteko asmoa iragarri dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago