Araskik uko egin dio Europan lehiatzeari

Erredakzioa 2020ko uzt. 20a, 13:32
Argazkia: Gigantes del Basket

Egoerak ekonomikoak baldintzatuta nazioartean lehiatzeko ezintasuna adierazi du taldeak sarean argitaratutako oharrean.

Denboraldia bosgarren postuan sailkatuta bukatu zuen Araskik eta, horrenbestez, Eurocup txapelketan lehiatzeko eskubidea berea beharko luke. Ez da hala izango ordea, Araskik sarean argitaratutako oharrean jakinarazi duenez "Europak itxaron egin beharko du" oraingoz.

Europar txapelketan inskribatzeko epea gaur (uztailak 20) agortzen zen, eta postu hori kantxan egindako merituengatik berea zuen arren, egoera ekonomikoak baldintzatuta uko egin behar izan dio talde arabarrak. "Klubak murrizketa gogorrak jasan ditu erakundeen aldetik" eta zuzendaritzak egoera aztertu ondoren, eskubide horri ezezkoa ematera behartuta ikusi du bere burua.

Ez omen da "pausu hori emateko momentua" eta une honetan helburua "20/21 denboraldiko aurrekontua orekatzen lortzea" dela azaldu dute argitaratutako oharrean. Taldea babes pribatuak lortzeko lanetan dabilela azaldu dute gainera eta taldearen bideragarritasuna arriskuan jar dezaketen erabakirik hartu nahi ez dutela gaineratu dute.

Europan jokatzea "familia araskizaleak duen ametsa" dela onartu arren, atsekabetuta baina egoera zail honetan zuhurtziaz jokatu behar izan dutela adierazi nahi izan du taldeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide