Betis1 |
Alaves2 |
Alavesek irabazi beharra zeukan eta halaxe egin du Benito Villamarin futbol zelaian. Garaipena behar beharrezkoa zen eta, asko kostata, 1-2ko emaitzarekin irabazi dio Betisi haren zelaian.
Argi eta garbi hitz egin du entrenatzaileak, Muñizek, partidako atarietan: "Guretzako Txapeldunen Ligako partida da honako hau". Taldeak bere egin ditu hitzak eta dena ematera atera dira jokalariak. Horren adibiderik garbiena izan da Manu Garcia. Izan ere, kapitainak poztasun malkoak bota ditu partida amaieran helburua lortuta zegoelako.
Partidaren hasiera oso bizia izan da. Lehen minutuan Alavesek gol aukera izan du. Handik gutxira, bosgarren minutuan, Borja Iglesiasek gola sartu du baina epaileak jokoz kanpo adierazi du. Hurrengo jokaldian Burkek sekulako aukera izan du baina Dani Martin atezainak ezerezean utzi du. Norgehiagoka erabat erotuta zegoela zirudien baina ez da horrela izan. Handik aurrera gauzak baretu egin dira eta ez batak ez besteak ez dute gol aukerarik sortu. Betisek lehen zatiaren bukaeran Fekirren eta Borja Iglesiasen bitartez bi aukera izan ditu baina bietan Roberto atezaina agertu da.
51. minutuan, Joseluk ez du barkatu eta saretara bidali du Burkek egindako sakoneko pase bikaina.
Bigarren zatia hasi bezain pronto Joseluk sekulako aukera garbia izan du gola egiteko eta garaipena bideratzeko, baina huts egin du. Halere, 51. minutuan, Joseluk ez du barkatu eta sareetara bidali du Burkek egindako sakoneko pase bikaina. Oraingo honetan ere, epaileak VAR erabili behar izan du, hasiera batean jokoz kanpo adierazi duelako. Irudiak ikusita, garbi ikusi du aurrelaria baleko lekuan zegoela. Beraz, 0-1koa jarri du markagailua eta arabarren poza izugarria izan da. Jokalari guztiak, atezaina izan ezik, kornerrean bat eginda elkar besarkatu dute. Helburua gero eta hurbilago.
Salbazioaren gola, 76. minutuan
Alavesek defentsa gogortu du gola ez jasotzeko. Horren ondorioz, Betisek baloiaren jabetza erabatekoa izan du eta gol aukera batzuk sortu ditu. Taldea sufritzen ari zen baina kontraeraso batean mina egiteko ikusten zen. Neurketa azken txanpa sartzen ari zenean, Burkek egindako lasterketa bizian aukera izan du baina Dani Martin atezainak jaurtiketa gelditu du. Handik gutxira, 76. minutuan salbazioaren gola. Ely atzelariak korner baten ondorioz jaurtiketa bortitza egin du area txikian eta 0-2koa jarri du markagailuan.
Partida eta denboraldiko helburua lortuta zegoen baina, nola ez, sufritu beharra zegoen. 92. minutuan, Lorenek etxekoen gola egin du eta urduritasuna agertu da. Dena den, partida berehala bukatu da eta arabarren poztasuna izugarria izan da. Asko kostata, asko sufrituta eta azken partidetan egindako joko kaxkarra atzean geldituko dira hurrengo denboraldian Alavesek Lehen Mailan jarraituko duelako. Gora Deportivo Alaves.
Hamaikakoak
Betis: Dani Martin; Emerson, Mandi, Feddal, Pedraza (45’. Alex Moreno); Edgar (56’. Juanmi), Guido Rodríguez; Joaquín (71’. Loren), Fekir (82’. Aleña), Canales; Borja Iglesias.
- Txartel horiak: 35’. Joaquin, 74’. Feddal, 81’. Alex Moreno, 86’. Guido Rodríguez.
- Txartel gorria: 89’ Juanmi (bi txartel horiak jarraian)
Alavés: Roberto; Tachi, Laguardia, Ely, Adrián Marín; Edgar (64’. Pere Pons), Camarasa, Fejsa (45’. Manu García), Luis Rioja; Burke (80’. Aleix Vidal), Joselu.
- Txartel horiak: 22’. Joselu, 55’. Tachi, 61’. Edgar, 74’. Roberto
- Txartel gorria: 94’. Ely (zuzenean sarrera gogorra egiteagatik)
Golak:
- 0-1: 51’. Joselu
- 0-2: 76’. Ely
- 1-2: 92’. Loren
Benito Villamarin futbol zelaiko harmailak:
Harmailak hutsik. Denboraldia azken txanpan sartu da eta zaleek hurrengora arte itxaron beharko dute futbol zelaietan sartzeko. Ohi bezala, lehen eta bigarren zatian arnasa pitin bat hartzeko 30. minutuan atsedenalditxoak egin dira. Oraingo honetan, behar beharrezkoak izan dira Sevillan bero izugarria egin duelako; eskerrak partida gaueko bederatzietan izan dela. Ordezko jokalariak sakabanatua izan dira harmailetan. Partidaren bukaeran, ordea, Alaveseko jokalari, entrenatzaile eta tekniko guztiek bat egiten dute lortutako helburua ospatzeko.
Alde Zaharreko tabernetan partidari begira.
Gau aparta eta urduritasuna antzematen zen partida hasi aurretik. Hona hemen bizi izandakoak:
- Ikusiko dugu ea irabazten dugun. Betisek ez du ezer jokoan. Baina ikusiko dugu.
- Gola egin behar dugu garaipena lortzeko. Baina Lucas Perezek ez du jokatuko hasierako hamaikakoan. Hau da hau! Bi aurrelari dauzkagu golak egiten dituztenak eta batek ez badu jokatzen.
- Ze hasiera polita. Aukerak izan ditugu. Orain bai, orain ikusten da jokalariek garaipena nahi dutela.
- Beno, hor ari gara. Momentuz gainontzeko markagailuak ikusita, hau da, Mallorca eta Leganes berdinduta doaz. Hortaz, guretzako salbazioa.
- Beno, atsedenaldira eta golik ez. Gutxienez, berdinketa. Ea bigarren zatian gola egiten dugun.
- Beno, bada, Manu Garcia. Eskerrak, kapitainak dena emango du. Ikusiko duzue.
- Jokoz kanpo, baina… Mesedez, VAR, VAR, behar dugu. Ez dago jokoz kanpo, ez dago jokoz kanpo. Gooooooooool. Eskerrak eman behar VAR-ri, beno, gola balekoa izan da.
- Orain sufritzea tokatuko zaigu. Mallorca galtzen ari da eta Leganes berdinduta. Beno, guri berdin zaigu. Guk irabazi behar dugu eta kitto.
- Goooooool, gooooooool. Hori da hori, salbazioaren gola. Oso ondo Ely. Horrela errematatu behar da, dena eman behar.
- Eskerrak guk gurea egin dugulako. Begira, Leganes irabazten ari da.
- Betisen gola. Hiru minutu, hiru minutu. Mesedez, bukaera, bukaera.
- Bukatu da, bukatu da, akabo.
- Hobe, hobe, Alaves, Alaves, Alaves. Gora Deportivo Alaves.
- Ikusten al dituzue Manuren malkoak? Hori da hori Alaveseko sentimendua.
- Hurrengo denboraldian Lehen Mailan, berriz ere.