Alaves0 |
Bartzelona5 |
Alavesek aurreko jardunaldian mailari eustea lortu ondoren, Bartzelonaren aurka patxadaz aritzeko aukera izan du. Horren ondorioz, 0-5 galdu du denboraldiko azken neurketan. Istoriorik gabeko lehia izan da. Lehen minututik talde kataluniarra jaun eta jabe izan da berdegunean. Eskerrak helburua aurretik beteta zegoela, bestela talde handi-mandi honen aurrean babarrunak jokoan izatea lapikoa hutsik egoteko gertu izango litzateke.
Lasaitasunez ekin dio partidari Alavesek. Ez batak zein besteak ez zeukaten ezertxo ere jokoan eta horrek eragin zuzena izan du bi taldeek egindako jokoan. Halere, Bartzelona kalitatea handiko taldea da eta berehala sortu ditu gol aukerak. Izan ere, lehen minutuetan baloiak bidali dituzte langara eta zutoinetara. Argi eta garbi ikusi baita bi taldeak arratsalde pasa egitera atera direla, baina Setien entrenatzaileak aukera eman die gazteei eta hauek izan dira norgehiagokari bizia eman diotenak.
Bartzelona, baloiaren jabe
Lehen gola Ansu Fatik egin du eta hortik aurrera talde kataluniarrak nahi izan duena egin du. Baloiaren jabetza izan du, nahi izan duenean erritmoa aldatu du eta makina findu duenean golak etorri dira. Bigarrena Messik egin du, nola ez, Ligako golegilerik onena. Handik gutxira, Luis Suarez aurrelariak hirugarrena egin du eta, nolabait esateko, hasieratik lehiarik ez bazegoen gol horrekin askoz gutxiago.
Roberto atezainaren lana goraipatu beharra dago. Izan ere, bera izan da taldeko jokalaririk onena.
Bigarren zatian gauza handirik ez. Lehen zatiko bidetik joan da neurketa baina erritmo gutxiagorekin. Ia-ia bi taldeak oinez joan-etorrian aritu dira. Gol aukerak izan dira Bartzelonaren alde baina, berriz ere, Roberto atezainaren lana goraipatu beharra dago. Izan ere, bera izan da taldeko jokalaririk onena. Halere, 57’. minutuan Semedo laugarrena egin du eta emaitza borobiltzeko Messik bosgarrena egin du.
Denboraldia gorabeheratsua Alavesek bizi izan duena. Baina, azkenean helburua lortu du eta hurrengo denboraldian Lehen Mailan arituko da. Datozen hilabetetan gauzak argitzen joango dira. Entrenatzailea, fitxaketak, kanporaketak… Gero gerokoak.
Hamaikakoak
Alavés: Roberto; Martin, Laguardia (45’ Tachi), Magallan, Adrián Marin; Edgar, Camarasa (64’. Addallahi), Manu Garcia (58’. Fejsa), Burke (45’. Luis Rioja); Joselu.
- Txartel horiak: Txartelik ez
Bartzelona: Neto; Sergi Roberto, Ronald Araujo, Lenglet (50’. Semedo), Jordi Alba; Vidal, Busquets (58’. De Jong), Riqui Puig; Messi, Luis Suarez, Ansu Fati (78’. Braithwaite).
- Txartel horiak: Txartelik ez
Golak:
- 0-1: 24’. Ansu Fati
- 0-2: 34’. Messi
- 0-3: 44’. Luis Suarez
- 0-4: 57’. Semedo
- 0-5: 75’. Messi
Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:
Harmailak erabat hutsik. Bero ikaragarria ia-ia 30 gradutik gora. Tenperaturak ez du batere lagundu partida on bat ikusteko. Jokalariak oinez aritu dira eta area ingurura hurbiltzen ziren bakoitzean erritmoa aldatu eta korrika hasten ziren. Martin atzelariak azken minututan mina hartu du eta berdegunea utzi behar izan du. Azken neurketa Mendizorrotzan zalerik gabe eta hurrengo denboraldiari begira oraindik orain gauzak ez dira batere argi.
Alde Zaharreko tabernetan partidari begira.
Bero ikaragarria. Partida terrazetan ikusi baino igerilekuetan, urtegian edo edozein lekutan egoteko askoz aukera hobeagoa zen. Halere, azken partida izanik, talde ahalguztidunaren aurka eta agurra emateko asmoz terrazetan jendea bildu da. Hona hemen esandakoak
- Hau beroa hau! Eskerrak tabernetan aukera daukagulako denetatik eskatzeko.
- Azken partida. Ea ahalik eta lasterren bukatzen den! Seguru gaur zaplaztekoa jasoko dugula.
- Hamaikakoan aldaketa askorik ez. Bartzelonaren taldean bai, hor gazte asko daude. Ikusiko duzue horiek dena emango dute.
- Hau da hau! Dagoeneko gola sartzeko aukerak izan dituzte. Eskerrak Roberto, langa eta zutoinak ditugula. Bestela 0-2 joango ginateke.
- Beno, lehen gola egin digute. Gureak ez daude partidan sartuta.
- Normala da. Helburua lortu dute eta gaurko partidak ez du ezertarako balio. Messi, ze ona den! Bigarrena. Vigon jaso genuena gaur ere jasoko dugu. Ikusiko duzue.
- Mesedez, atsedenaldira. Ez dago gaizki emaitza. Gol aukera asko izan dituzte. Gu, beti bezala, bat bera ere ez. Hori izan da gure patua denboraldi guztian zehar.
- Bigarren zatia soberan dago. Espero dezagun haiek poliki aritzea bestela beste hiru.
- Beno, bada, laugarrena. Baina ikusten da ez dutela nahi jipoia ematea. Ez dute gol zaparrada sartu nahi. Eskerrak.
- Messi, ze jokalari puska!
- Bukatu da, bukatu da, akabo!
- Hau denboraldia izan duguna! Hurrengoan taldea sortu zenetik 100. urte beteko dira. Ea beste final bat jokatzeko aukera izaten dugun.