Egunotan Gasteizko kaleetan etorkizuneko ibilgailuen itxura duen autobusa ikusi eta entzuteko aukera izango dute herritarrek; batez ere ikusi, zarata gutxi ateratzen duen ibilgailua baita BEA (Bus eletriko adimentsua), %100 elektrikoa baita.
Halere, bidaiaririk gabe zeharkatuko ditu hiriko kaleak, zerbitzua martxan jartzeko denbora bat beharko baitu oraindik. Proba fasean dago oraingoz, eta herritarrentzat ikusgai. Hain zuzen, ibilgailua gertutik ezagutzeko aukera eskaini nahi izan diete herritarrei eta hiriko zenbait puntutan geldialdiak egingo ditu datozen egunotan (Boulevard merkatalgunean uztailaren 17an eta Katedral Berriaren aurreko plazan uztailak 20an).
Aurkeztutako ibilgailu modeloa Irizar ie tram izenekoa da, 12 metro luze, 3 ate ditu eta 22 leku bidaiarientzat. Ibilgailuaren motorra 180 kW artekoa da, ion-litiozko bateriek elikatuko dute, eta ibilbidean direlarik, bateriak 4 minututan kargatzeko aukera izango du, kargatze-sistema ultra-arin bati esker.
Informazioa online
Autobusa aurkezteaz bat, BEI marka eta irudia ere aurkeztu da egunotan, ibilgailu elektriko berriari nortasun propioa emanik. Horrekin batera zerbitzuari buruzko informazioa bilduko duen webgunea ere abian da dagoeneko, bei.eus izenekoa.
Hain zuzen, eskainiko duen zerbitzuari dagokionez, TUVISAren egungo 2. linea ordezkatuko du, 2021eko udatik aurrera, 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta 10 kilometroko ibilbidean 23 geltoki berri izango dira noranzko bakoitzean, gaur egungo geltoki konbentzionalen lekuan.
