Arabako Diputazioak sua egitea aldi baterako debekatzeko agindu bat onartu du, suteak gertatzeko arriskua saihesteko; irailaren 20ra arte egongo da indarrean agindua, baina epe hori aldatu ahal izango da eguraldiak hala eskatzen badu.
Debekua betetzen ez bada, gehienez ere mila euroko isuna jarri ahal izango da, bai eta eragindako kalteak ordaindu ere.
Hain justu ere, debekatuta dago sua erabiltzea edozein motatako landa lurretan, mendi publikoetan edo partikularretan, parke naturaletan, probintziako eta tokiko aisialdi parkeetan eta errepideetako atsedenguneetan. Debekatuta dago, aldi berean, erretegiak, barbakoak edo sua egiteko edozein instalazio eramangarri edo finko erabiltzea. Debekua betetzen ez bada, gehienez ere mila euroko isuna jarri ahal izango da, bai eta eragindako kalteak ordaindu ere.
Salbuespenak
Salbuespen gisa, eta hormak eta tximinia dituen fabrika obrako eraikuntzari esker, Aramaioko Andra Mari parkean, Amurrioko San Roke parkean, Artziniegako La Encina parkean, Laudioko Santa Ana auzoan, Bastidako San Gines auzoan, Izarrako Ostuño auzoan eta Kanpezuko Santa Cruz auzoan dauden erretegiak erabiltzeko baimena ematen da. Dena dela, baimendutako eremu horietan ere, segurtasuna zorroztea gomendatzen da.
Nekazaritzako eta basogintzako lanak
Agindua ez da barbakoetara mugatzen. Diputazioak gomendatu du sute arriskua ekar dezaketen jarduerak egiten diren bitartean, arreta neurriak zorroztea: besteak beste, nekazaritzako eta basogintzako lanak (makinak erabiltzea, zereal-uzta, mendietako sastrakak kentzea, nekazaritzako eta basogintzako hondakinak birrintzea, etab.) nahiz errepide sarea mantentzeko lanak eta makineria erabiltzea dakarten beste obra batzuk jasotzen ditu aginduak.