LABek "onartezintzat" jo du Mercedesek murrizketak egitea "150 milioiko irabaziak izan ondoren"

Erredakzioa 2020ko uzt. 15a, 17:37

Mercedes-Benz enpresaren azterketa ekonomikoa aurkeztu du LABek. 2015etik 2019ra 485 milioiko irabaziak izan dituela azpimarratu dute.

Mercedes-Benz Españak egoera ekonomiko "ezin hobea" duela ondorioztatu du LAB sindikatuak, enpresaren irabazien gaineko azterketa egin ostean. "Izan ere, 2019an 150 milioi euro baino gehiagoko mozkin errekorra lortu zuen, 2018an baino 20 aldiz gehiago, 2015ean eta 2017an baino bi aldiz gehiago eta 2016koaren halako hiru". Are gehiago, LABen arabera, 2015etik 2019ra 485 milioiko irabaziak izan ditu Mercedesek.

Irabazi horiei esker, sindikatuaren arabera, azken 4 urteetan 500 milioi euro baino gehiago banatu ditu Mercedesek dibidenduetan. "Langileek sortutako aberastasuna biltzeko logika kapitalista hutsari erantzunez, Mercedesek 2018ko mozkin guztia dibidenduetan banatu zuen iaz, zehazki, 130 milioi euro baino gehiago".

Egoera "oparo" horren aurrean murrizketak egin nahi izatea arbuiatu du LABek. "Mozkin maila horrekin, diru kopuru handi hori dibidenduetan banatu ondoren, Mercedesek langileei murrizketak egin nahi izatea zentzugabea da". Planteamendu horrekin enpresak langileak eta oro har Gasteizko herritarrak "beldurtu" nahi dituela uste du sindikatuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago