Batzar Nagusietako talde politikoei eskatu diete AHTaren obrak "berehala geldiarazteko"

Erredakzioa 2020ko uzt. 15a, 16:29
AHTrik ez plataformaren 2019ko manifestazioa. PHOT.OK

Ostiralean eztabaidatuko dituzte osoko bilkuran PPk tren lasterraren obrak arintzeko aurkeztu duen mozioa eta gainerako talde politikoen zuzenketak. 

Arabako Batzar Nagusietan AHTaren inguruko eztabaida izango da ostiral honetan. PPk obrak arintzeko eskatu du mozio batean, eta gainerako talde politikoek bere jarrera finkatzeko asmoz, zuzenketak aurkeztu dituzte. Kanpotik bada ere, AHTrik ez-Araba plataformak eztabaidan parte hartu nahi izan du, eta ohar baten bidez eskatu die talde politikoei obrak geldiarazteko.

Era berean, "Abiadura Handiko Trenaren plataformetan xahutu nahi dituzten milaka milioi euroak osasunera eta gizarte-zerbitzuetara bideratzea" galdegin dute. 

Hiru proiektu Araban

Taldeak gogoratu duen moduan, Araban, AHTaren hiru linea aurreikusita daude, eta une honetan ingurumenaren inpaktuaren azterketaren emaitzaren zain daude. Burgos eta Gasteiz arteko lineak 1.452 milioi euroko kostua izango luke; Gasteizko sarrera eta lurperatze partzialak 872 milioi euroko kostua; eta Gasteiz eta Iruñea arteko lineak 850 euroko aurrekontua du. "Guztira, gainkosturik ez bada gertatzen, ia 3.000 milioi euro. Krisi-une honetan eta aurreikuspenak kontuan hartuta, garrantzitsua da dirua gizarte-premia oinarrizkoenetara bideratzea".

Bestalde, pandemiaren ondorengo krisi ekonomikoari aurre egiteko bestelako politikak eskatu ditu AHTrik ez-Araba plataformak. "Botere politiko eta ekonomikoei berriro gogorarazi beharko diegu langabeziaren aurrean, murrizketen aurrean, ingurumen krisiaren aurrean, irtenbidea ez dela ekonomia, ingurumen eta ondare naturalaren aurka egiten duten azpiegiturak eraikitzea; baizik eta bizitza erdian jartzeko unea dela".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide