Lehen Mailan jarraitzeko helburua gertuago

Ibon Gorrisi 2020ko uzt. 14a, 08:43
Alavesek lau puntuko aldea dauka (36) Mallorca eta Leganesen aurka. / LA LIGA

Aspaldiko partez puntu bat lortu du Getaferekin (0-0) berdindu ostean.

Alaves

0

Getafe

0

Zer-nolako liga bukaera izango du Alavesek! Oraindik denok susto ikaragarria dugu gorputzean 87. minutuan Hugo Durok baloia saretara bidali duenean. Baina, oraingo honetan epaileak zuzen jokatu du eta VAR kontsultatu ondoren baliogabetu egin du.

Geroak esango du ea puntu honek balio izango duen edo ez. Gutxienez orain jaitsiera lau puntura dago eta bai Mallorcak nola Leganesek gelditzen diren bi partidak irabazi behar dituzte. Beraz, arabarrek ez dute urrats erabakigarririk eman baina pausua eman dute. Gainera orain arteko bolada txarrari bukaera ematea lortu dute eta, gutxienez, aspaldiko partez puntu bat urratu dute.

Golik ez jasotzea izan da bi taldeen helburua eta biek lortu dute, partida hutsean bukatu delako.

Partida oso gogorra izan da. Oso borrokatua eta ia-ia ez da gol aukerarik izan. Bi taldeek asko zeukaten jokoan eta horrek eragina ikaragarria izan du berdegunean. Golik ez jasotzea izan da bi taldeen helburua eta biek lortu dute, partida hutsean bukatu delako.

Lehen zatian, arabarrek ez dute inongo arriskurik sortu. Getafek, ordea, atsedenaldira joateko minutu gutxi falta zirela aukera paregabea izan du Cucurella erdilariaren bitartez. Egindako jaurtiketa zutoinarekin egin du topo. Halere, esan beharra dago ez batak ez besteak ez dutela gauza handirik egin markagailua mugiarazteko.

Alavesek 62. minutuan aukera polita izan du eta horren ondorioz partida irabazteko.

Bigarren zatian bi taldeek lerroak aurreratu dituzte eta biziago jokatu dute. Joan-etorriko partida bihurtu da eta bazirudien baten batek gola egingo zuela. Alavesek 62. minutuan aukera polita izan du eta horren ondorioz partida irabazteko. Edgarrek area barruan baloia borrokatu du eta Lucas Perez aurrelariari atezainaren aurrean bakarrik utzi dio errematea egiteko. Baina aurrelariak ez daude sasoi betean eta atzelaria aurreratu zaio eta baloia moztu du. Pena izan da, era honetako partidak gol bakarrekoak izaten dira.

Hortik aurrera Getafe partidaren bila joan da eta bizi-bizi jokatu du gola lortu ahal izateko. Partida bukatzear zelarik, lasaitu ederra hartu dugu denok epaileak baliogabetu duenean madrildarrek egindako gola. Jokaldi garbi izan da Mata aurrelariak eskuz baloia jo duelako. Eskerrak oraingo honetan VAR sistemari. Luzapena ia-ia hamar minutukoa izan da eta azken unera arte bi taldeetako jokalariek borrokatu dute gola lortzeko. Baina markagailua ez da mugitu.

Sufritzen jarraitu beharko du talde arabarrak mailari eusteko. Ea hurrengo ostegunean, uztailak 16, 21:00etan, Betisen aurka helburua lortzen duen!

Hamaikakoak

Alaves: Roberto; Martin (88’. Tachi), Laguardia, Ely, Adrián Marín; Edgar, Manu García, Tomás Pina (80’. Camarasa); Burke (73’. Paulino); Lucas Perez (88’. Borja Sainz), Joselu. 

  • Txartel horiak: 20’. Martin, 56’. Manu García, 74’. Laguardia, 82’. Ely

Getafe: David Soria; Cabaco (97’. Fajr), Djene, Timor, Olivera; Jason (83’. Hugo Duro), Arambarri, Maksimovic, Cucurella (92’. Amath); Mata (97’. Poulolo), Molina.

  • Txartel horiak: 12’. Cucurella, 35’. Mata, 45’. Jason

Golik ez

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

Harmailak hutsik, ohi bezala. Halere, telebistaz lehia ikusita ematen du zaleak hor eserita daudela. Gainera bozgorailuetatik animoak entzuten dira. Baina zaleek etxetan, tabernetan eta txokoetan ikusten dituzte partidak. Lehen eta bigarren zatian 30. minutuan arnasa hartzeko ohiko tarteak egin dira.  

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira.

Partida gogorra aurreikusten zen eta gainera oso garrantzitsua. Horrexegatik, ohi baino jende gehiago elkartu da tabernetan Alaves eta Getaferen arteko neurketa ikusteko. Hona hemen entzundakoak:

  • Gaur da eguna. Irabaziz gero helburua lortuta eta hurrengo denboraldian Cadiz taldearen aurka jokatzeko aukera izango dugu. Hori da hori bidaia, Cadizera.
  • Irabaztearekin konformatzen gara. Ez dugu gol askorik nahi, bakar bakarrik hiru puntuak eta kitto.
  • Berdinketak ez du balio, beno, bada, igual bai. Baina orain garaipena behar dugu.
  • Beti bezala, partida kaxkarra. Borroka eta borroka. Zelai erdian ez dago batere jokorik. Atzealdean ostikoa eman eta kanpora. Hori da egiten ari direna. Zer egingo dugu. Horixe da gure patua.
  • Gaizki, gaizki…Ufff, tragediatik hurbil ari gara. Eskerrak Cucurellak egindako errematea zutoinera joan dela.
  • Gutxienez, Realak gola lortu du. Hauek ere aspaldiko partez.
  • Partida txarra, txarra. Gol aukerarik batere ez.
  • Hor izan du Lucas Perezek. Baina ez dago, aurrelari hauek golaren usaina galdu dute. Realaren aurka izan dira azkenengo golak ez al da?
  • Gola, Getaferen gola. Hor zerbait arraro gertatu da. VAR, mesedez, VAR ikusi behar. Argi eta garbi baloia eskuarekin jotzen du. Eskerrak bideoari, eskerrak.
  • Sufritzen jarraituko beharko dugu. Hurrengo ostegunean ea pintxo-pote zoragarria izaten dugun.
  • Betisen aurka garaipena lortuz gero ospatzera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide