Egun osoan zehar bozkaleku inguruetan izandako joan-etorri txikiek iragartzen zuten, eta hala baieztatu dute datuek: inoizko abstentziorik handiena izan da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Hautesleen %50,31k bakarrik parte hartu du Araban, EAEko batez bestekoa baino bi puntu gutxiago; erdira ere ez da iritsi hiriburuan. Joerari jarraiki, beherantz doa parte-hartzea hauteskundez hauteskunde, hauek uda garaian egin eta koronabirusak eragindako egoerak areagotuta.
Abstentzio adierazgarria eta ezohiko neurriak izan diren urtean, Arabatik bederatzi legebiltzarkide eskuratu ditu EAJk (40.002 boz), sei EH Bilduk (30.886 boz), lau PSE-EEk (19.414 boz), hiru PP-Ciudadanosek (14.287 boz), bi Podemosek (10.054 boz), eta lehenengo aldiz Voxi ireki dio atea ordezkari bakarrarekin (4.722 boz).
Markarik onenari eutsi dio EAJk bederatzi eserlekurekin, 1984 eta 2001ean lortu zuen moduan, eta duela lau urte baino portzentaje handiagoarekin (%32,22), bidean 2.325 boto galdu baditu ere. EH Bildu bigarren indar moduan sendotu egin da lurraldean, 2016an baino eserleku bat gehiago eta inoizko datu onenekin (%24,88), 3.987 boto gehiagorekin. PSE-EEk ere legebiltzarkide bat gehiago izango du, aurreko hitzorduan baino 75 boto-paper gehiagorekin (%15,63). PP eta Ciudadanosen arteko koalizioak (11,5) ez ditu babes gehiatu batu, aldendu baizik; bost eserleku gutxiago lortu ditu Iturgaizek gidatutako aliantzak. Eta bosgarren indarra izatera igaro da Podemos (%8,9) duela lau urte baino 14.285 boto gutxiagorekin. Legebiltzarrean sartzeko beharrezkoa den portzentajea gaindituta (%3,8) lehen aldiz VOX alderdi ultraeskuindarra izango da ganberan.
Arabako mapari erreparatuta, hortaz, boto abertzalea da nagusi. EAJk irabazi du udalerri gehienetan, hiriburua eta Laudio, Amurrio, Maeztu, Langraiz Oka edota Bastidan. EH Bilduk, aldiz, nagusitasuna erakutsi du Lautadako eta Gorbeialdeko udalerri gehienetan. Salbuespen txiki bat ere bada maparen koloreetan, Navaridasen PPk izan duelako gehiengoa.
Hiriburuari begira, EAJ (%29,39) gailendu da, EH Bilduk (%22,24) baino 6.000 boto gehiago eskuratuta. PSE-EE da hirugarren aukera da udalerriko hautesleentzat (%17,8). PP+Ciudadanos laugarren (13,17) eta Podemos bosgarren (8,77).
Legebiltzarkide berriak
Eusko Legebiltzarrean Arabatik izango diren 25 ordezkarien artean hainbat aurpegi berri izango dira. EAJtik, Jose Antonio Suso ABBko presidentea edota Bastidako alkate Laura Perez izango dira legebiltzarkide; Iñigo Urkullu zerrendaburu, Jone Berriozabal, Luis Javier Telleria, Rakel Molina, Esibaliz Larrauri, Unai Grajales eta Joseba Diez ere izango dira. Mikel Otero zerrendaburu duen EH Bildun, berriz, Eba Blancok eta Josu Estarronak jarraituko dute, eta Maria Garde, Unai Fernandez de Betoño eta Itxaso Etxebarria izango ditu legebiltzarkide berri. PSE-EEtik, Gloria Sanchezek, Txarli Prietok, Maria Jesus San Josek eta Alberto Alonsok eskuratu dute eserlekua. Podemosek Gustavo Angulo eta Iñigo Martinez Zaton eramango ditu, PP-Ciudadanosek Carmelo Barrio, Laura Garrido eta Jose Manuel Gil izango ditu ordezkari, eta Voxetik Amaia Martinez izango da.
Gobernua osatzeko aukerak
EAEko gobernua osatzeko hiru aukera zabaltzen dira gaurtik aurrera, balizko itunen arabera, eta gehiengo osoa 38 jarlekutik gora lortzen dela kontuan izanda. Une honetan, probableena EAJren eta PSE-EEren arteko gobernua errepikatzea da; bien artean 41 jarleku dituzte, eta, beraz, gehiengo osoa lortu dute.
Baina beste bi aukera nagusi daude, horretarako borondatea baldin badago: alde batetik, EAJ eta EH Bilduren arteko akordioak lortuko luke gehiengo zabalena, 53 jarlekuekin; bestetik, ezkerreko hirukoa gauzatuko balitz, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzaren artean, 38 jarleku batuko lituzkete, hau da, gehiengo absolutu oso estua.