Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazitako datuen arabera, iragarritakoak bete dira, eta inoizko parte hartzerik txikiena izan da gaurko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Hautesleen %53k eman du botoa, 2016ko bozetan baino %7 gutxiagok. Are nabarmenagoa izan da Araban; %49,69ko abstentzioa izan da (%50,31ko parte-hartzea).
Ezohiko hitzordua
Covid-19aren hedatzea saihesteko segurtasun neurriek eta VOX alderdi ultraeskuindarraren balizko agerpenak markatu dute 2020ko hauteskunde autonomikoen hitzordua Araban. 251.586 arabar egon dira hautetsontzietara deituta, lurraldean egondako 99 hauteslekuetako 426 mahaietan bozkatzeko. Ohi bezala baina ezohiko baldintzatan, Eusko Legebiltzarra osatzen duten 75 eserlekuetatik 25 erabakiko dira Araban.
Maskarak, hauteslekura sartzeko eta bertatik irteteko seinaleztatutako bi ilarak, eta gel hidroalkoholikoa sarreretan; horiek izan dira hauteskunde hitzordu honen ezaugarri nagusiak. Hala ere, segurtasun neurri gehiago ere ezarri dira hauteslekuetan: adibidez, hautesleek nortasun agiria inori eman gabe erakutsi dute mahaian, eta gutun-azala zuzenean sartu dute hautetsontzietan; gainera, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu da uneoro.
Posta bidezko botoak behera egin du
Hauteskundeak udan ospatzeak eta osasun egoerak berak posta bidezko botoan eragin nabarmena izan du: 16.114 arabarrek eskatu dute posta bidez bozkatu ahal izatea; 2019ko azaroaren 10ekoaren bikoitza, baina apirilaren 28koaren erdia.
Hala ere, atzerrian dauden hautesle ugarik salatu dute epez kanpo jaso dutela posta bidez bozkatzeko pasahitza. Gainera, Hautesle-erroldaren Bulegoaren Arabako Ordezkaritzak ALEAri baieztatu dio ohiko boto eskaeren %56 inguru izapidetu direla: normalean atzerriko egoiliarren 600 boto inguru iristen diren bitartean, oraingoan 340 eskaera baino ez dituzte jaso.
Eserlekuen banaketa Araban
EAJ
|
EH BILDU
|
PSE-EE
|
PP
|
Elk. Podemos
|
VOX
|
9
|
6
|
4
|
3
|
2
|
1
|