Entrenatzaile berria baina garaipenik ez

Ibon Gorrisi 2020ko uzt. 12a, 11:20
1-0ko gola egin du Benzemak 11. minutuan, penaltiz. / LA LIGA

Alavesek itxura ona emanez 2-0 galdu du Real Madrilen aurka.

Real Madril

2

Alaves

0

Alavesek oso itxura ona eta erasokorra erakutsi du Real Madrilen zelaian. Halere, lehengo lepotik burua, punturik ezin urratu, eta jaitsieratik hiru puntura dago.

Muñiz entrenatzaile berriaren estrenaldiak argi izpi batzuk utzi ditu.

Muñiz entrenatzaile berriaren estrenaldiak argi izpi batzuk utzi ditu. Gutxienez, taldeak lehiatu egin du eta une orotan itxura ona eman du.
Hasiera hasieratik, talde arabarra garaipenaren bila atera da. Lehen minututan bi gol aukera paregabeak sortu ditu, baina lehendabizikoan Joseluk buruz egindako errematea langara joan da, eta, bigarrenean, Lucas Perez Courtoisen aurrean bakar-bakarrik gelditzear izan da, baina Militao atzelariak baloia urrundu du.

Dena den, egun batetik bestera ezin dira gauzak bideratu eta 11. minutuan penaltiz Benzemak 1-0koa egin du. Jokaldi eztabaidagarria, ezbairik gabe, baina epaileak ez du inongo zalantzarik izan. Hortik aurrera, talde madrildarra nagusi izan da, eta ezker aldetik egindako barnekaldiak arriskutsuak izan dira. Lehen zati honetan arabarrek gehiago merezi izan dute; baina golaren ostean, taldeari gatza eta piperra falta zaio.

Hurrengo neurketa, Getaferen aurka, hil ala bizikoa izango da.

Bigarren zatia hastearekin batera etorri da Real Madrilen bigarren gola. Hasiera batean epaileak ez du ontzat eman Asensiok egindako gola, jokoz kanpo zegoelako; gerora, VARak balioztatu du. Gol horrek erabat lurperatu du Alaves taldearen ametsa, eta errealitatearen krudeltasuna agerian utzi du. Dena den, jokalariek adorea izan dute eta golaren bila aritu dira.

Hurrengo neurketa astelehenean, uztailaren 13an 19:30ean izango da, Getaferen aurka. Hil ala bizikoa izango da, eta garaipena behar-beharrezkoa da mailari eusteko. Baietz Alavesek lortuko duela.

Hamaikakoak

  • Real Madril: Courtois, Lucas Vazquez, Militao, Varane, Mendy, Kroos, Casemiro (93’. Diaz), Modric (69’. Valverde) , Marco Asensio (69’. Vinicius), Benzema (82’. Hazard) Rodrygo (82’. Isco).
  • Alaves: Roberto, Ximo Navarro,(21’. Martin), Laguardia, Ely, Adrian Marin, Burke, Camarasa, Fejsa (55’. Abdallahi), Edgar (69’. Borja Sanz) , Lucas Perez (55’. Luis Rioja) , Joselu (69’. Rodriguez).
    • Txartel horia: 83’. Abdallahi.

Golak

  • 1- 0: 11’. Benzema (penaltiz).
  • 2- 0: 51’. Marco Asensio.

Alfredo Di Stefano futbol zelaia

Harmailak hutsik, ohi bezala. Halere, telebistaz ikusi dugu Real Madrileko jokalari mediatikoak beraienak egiten. Bozgailuetatik zaleen animoak une orotan entzun ditugu. Bitxikeri gisa aipatu behar da epaile nagusiak min hartu duela eta bigarren zatia laugarren epaileak zuzendu behar izan duela.

Zaleon hitzak

Eguraldi ezin hobea gauez partida ikusteko, tabernetan edo elkartetan mokadua hartuz. Hona hemen esandakoak partidan zehar:

  • Ikusiko dugu entrenatzaile berriaren asmoak. Mallorca ate joka daukagu.
  • Partida honetan asko daukagu irabazteko eta oso gutxi galtzeko.
  • Gainera Real Madrilek beti izango du laguntzaren bat, ezta?
  • Beno, gutxienez erasora jokatuko dugu. Dagoeneko hamar minututan gol aukera egin ditugu. Aurreko partidetan baino askoz gehiago.
  • Bufff, nahi eta ezin. Nola ez, bada, penaltiz Madrilen gola.
  • Ze desastre garen defentsan!!!
  • Itxura ona ematen ari da taldea. Gutxienez presioa egiten dute.
  • Ze pena!!! Taldeak gola egitea merezi du.
  • Gola, madrildarren bigarren gola. Hau da hau zorte txarra izatea!!!
  • Gutxienez taldea aurpegia ematen ari da.
  • Hiru partida bukatzeko, bat irabazi behar da, bai ala bai. Getafe, Betis eta Bartzelona.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide