Patata, artoa, erremolatxa, babarrunak… Gasteiz inguruko landa eremuan soro berdeak ikus daitezke, zerealaren horiaren artean. Berdetasun hori bermatzeko berrerabilitako ura baliatzen dute Arrato Ureztatzaileei Komunitateak, ekainetik irailera arte. Krispiñako araztegitik ateratzen den ura hartu, eta bigarren aldiz arazten dute, aipatu komunitateak asmo horretarako eraikitako azpiegituran. Horri esker, hiriko eta industria guneetako ur zikinak garbitu, eta bigarren erabilera bat ematen diete inguruko landa eremuko 4.000 hektareatan, osasun berme guztiak errespetatuz.
Ez da berria Arrato Ureztatzaileen Komunitatearen proiektua. Jose Miguel Bazan aipatu komunitateko presidenteak nabarmendu du 30 urte direla martxan dagoenetik. AMVISAk urte batzuk geroago, 1994an, argitaratu zuen Arratori aitortutako ur emakidaren nondik norakoak. Horri esker Gasteizko udalerriko hemeretzi herrik, Zigoitiko hiruk eta Iruñea Okako herri batek balia dezakete berrerabilitako ur hori. AMVISAren datuen arabera, urtearen arabera, bi eta bost milioi metro kubo ur artean hartzen ditu ureztatzaileen komunitateak, Krispiñako araztegitik.
Arratoko Komunitatearen azpiegitura martxan jarri zenean aitzindaria izan zen. Are, gaur egun ere gutxi dira halakorik egiten dutenak landa eremuan. 1990ko hamarkada baino lehen Amerikako Estatu Batuetan egiten zen, eta ideia bertatik hartu zutela azaldu zuten hastapenetan. Dena den, egitasmoak Araban emaitza onak eman dituen arren, inguruan ez da asko zabaldu. "Behar egoera bati aurre egiteko jaio zen, eta, aukera merkeena ez bada ere, bermatzen digu ura izango dugula", azaldu du Bazanek.
Lau pauso, sororako bidean
Arratoko araztegia Krispiñakoaren jarraipena da: bata amaitzen den lekuan hasten da bestea. Horrek bi azpiegituren arteko ur garraioa errazten du. "Azken urteetan Krispiñako araztegitik heltzen zaigun ura oso kalitate onekoa da, eta horrek lana errazten digu", azaldu du Juan Carlos Apilanezek, Arratoko araztegiko langileak. Krispiñako araztegiko lehen urteetan ez zen hala gertatzen, Bazanek gogorarazi duenaren arabera. Nabarmendu du garai batean Arratoko araztegiak Krispiñatik ateratako ura ere hartu zuela, Zadorra ibaira bota aurretik.
Apilanezek azaldu du zenbait pauso ematen direla ura ureztatze sistemara bideratu aurretik. Hasteko, jasotako uraren kalitatea aztertzen dute: emaitzen arabera erabakiko dute nola tratatu ur hori. Ondoren, ura lehen eremuan sartzen da: bertan ura astintzen da, eta produktu batzuk gehitzen zaio, geratzen diren hondarrak elkar daitezen, partikula handiagoetan. Ondoren, hondar horiek kentzen dira, eta, gero, are-iragazkietatik pasatzen da. Azkenik putzu handira heltzen da ura. "Bertan dagoela kloroa gehitzen zaio, eta ur-ponpa bidez ureztatzera bidaltzen da", gaineratu du Apilanezek.
"Azken urteetan Krispiñako araztegitik heltzen zaigun ura oso kalitate onekoa da"
Juan Carlos Apilanez.
Hartzen duten ur guztia ureztatzera bideratzen da; ez zaio beste erabilerarik ematen. Edonola ere, noizbait ur apur bat badago sobera, Mandoia herritik gertu dagoen erregulazio putzura eramaten dute. Ur biltegi hori araztegia baino 110 metro gorago dago. "Putzu hori beti mantentzen dugu erditik beteta, sistema osoan presioa mantentzeko lagungarria baita", argitu du Apilanezek.
Lehorte garaietatik, aukera
1989 eta 1990ko lehorteek ahalbidetu zuten, hein handian, martxan dagoen ureztatze proiektua. Urte horietan administrazioak ura garraiatzeko hodi handi bat jarri zuen Langraiz eta Abetxuku artean. Tutu horrek hainbat soro zeharkatu zituen, eta, lehortea amaituta, soro horietako jabeek pentsatu zuten azpiegitura horri beste erabilera bat ematea: Tresponde eta Mendarozketa arteko lurrak ureztatzeko baliatzea. "Zentzu batean behintzat lehorteak mesede egin zigun, ureztatzeko hodi nagusia administrazioak jarri baitzuen", gogora ekarri du Jose Miguel Bazan Arrato Ureztatzaileen Komunitateko presidenteak.
Ordura arte apenas ureztatzen zen lur eremu hori. Batetik, ia ez zegoen Zadorra ibaiko ura erabiltzeko baimena zuen herririk. "Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eman behar dizu ibaiko ura baliatzeko baimena, eta hori lortzea ez da lan erraza". Bestetik, baimena izan arren, ez zen erraza ura eramatea ubidetik hiru edo lau kilometrora kokatutako soroetara. Horren ondorioz, oso mugatua zen erein zezaketen laborea, Bazanek azaldutakoaren arabera: zereala.
Garia eta garagarra ez beste zerbait ereiteko, bi aukera zeuden: iturriko ura baliatzea ureztatzeko, edota ezkutuan baliatzea ibaiko ura. Gasteizko ur zikinen berrerabilerari esker, ordea, aukera zabalagoa dute inguru horretako laborariek. "Patata, erremolatxa, artoa, babarrunak… Askoz gauza gehiago erein eta landa dezakegu; dena den, ezin ahaztu merkatuak ere baldintzatzen duela landatuko dugun hori", zehaztu du Bazanek. Edonola ere, ez da arraroa uraza soroak ikustea Gasteizko ipar-mendebaldean.
"Behar egoera bati aurre egiteko jaio zen, eta ura izango dugula bermatzen digu"
Jose Miguel Bazan.
Etorkizunera begira ez dute asmo handirik. "Orain arte bezala mantentzearekin, pozik!", barre egin du Bazanek. Edonola ere, proiektu garrantzitsuak dituzte epe laburrean. Argindarraren faktura urritzeko proiektu bat hasiko dute aurki. Argindarra ekoizteko planta fotovoltaiko txiki bat jarriko dute, ur-ponpa bat hornitzeko. Juan Carlos Apilanezek azaldu du argindarra dela Arrako Ureztatzaileen Komunitateko gastu nagusia, ur guztia ponpa bidez mugitzen baita. "Eguzkiak gehien jotzen duenean dago ur behar gehien, eta azpiegiturak lagunduko digu gastua murrizten".
Horrez gain, planta fotovoltaikoak lagun diezaieke urte osoan hodi nagusia urez beteta izaten. "Neguan lursailak tratatzen ditugu, eta horretarako araztegiko ura baliatu badezakegu ez dugu zertan erabili beharko hornikuntza sare orokorreko ura", azaldu du Bazanek. Horrek lagun dezake Gasteizko ingurua, 2012ko Europako Green Capital-a, berde mantentzen, eta landa eremua laguntzen. "Garia, garagarra, oloa… ureztatzerik gabe Gasteiz ingurua Gaztela-Mantxaren modukoa litzateke. Urak bizia ematen dio inguruari".