Martxan da EuskarAbentura 2.0 erronka lehiaketa

Erredakzioa 2020ko uzt. 6a, 17:16

Aurten udaleku ibiltaria egitea ezinezkoa izango bada ere, EuskarAbentura elkarteak egitasmoari eusteko ekintzak proposatuko ditu bere sare sozialen bitartez, EuskarAbentura 2.0 Edizio Mugatua lehiaketan.

Bere ibilbidea hasi zuenetik EuskarAbentura Elkarteak udaro Euskal Herriko eta diasporako 120 gazte eraman izan ditu Euskal Herriko lurrak oinez zeharkatzera. Covid-19 birusak sortutako osasun krisiaren ondorioz, ordea, 2020ko uztailean ezin izango dute gazteentzako jarduera ibiltari hau gauzatu.

Horren aurrean, EuskarAbentura Elkarteak gazteen aisialdirako alternatiba berriak proposatu ditu, egitasmoa egoera berrira moldatzeko eta aurtengo udan aisialdiaren alorrean egongo diren "hutsune eta beharrak asetzeko" asmoz.

Horregatik, ekintza eta jarduerak sare sozialen bitartez proposatuko dituzte, talde lana bultzatzeko, ingurumenarekiko errespetua bultzatzeko, sormena garatzeko, gazteen arteko harremana indartzeko eta euskararen erabilera sustatzeko, besteak beste. Horrez gain, gazte euskaldunen sarea indartu eta Euskal Herria eta bere kulturaren ezagutzan sakondu nahi du EuskarAbenturak.

Euskarri nagusia elkartearen Instagram kontua izango da, baina Whatsapp, Youtube eta EuskarAbenturaren webgune ofiziala erabiliko dituzte ere.

Izen-ematea

Apuntatzeko aukera 2001 eta 2005 urteen artean jaiotako gazteek izango dute soilik, eta 2-5 gaztez osatutako taldeak sortu beharko dituzte.

Izen-ematea zabalik dago jada, eta hilabete osoan zehar egongo da apuntatzeko aukera. Lehiaketan parte hartu nahi duten gazteek talde bat osatu, argazki bat atera, taldeari izen bat jarri eta Instagrameko mezularitza sistemaren bitartez jakinaraziko beharko dute.

Sariak

Asteroko erronkek irabazle bana izango dute, EuskarAbenturako katilu edo totebag bat eramango dute irabazleek. Antolatzaileek azaldu dutenez, sari batzuk Instagram bidezko bozketa bitartez egingo dira eta beste batzuk elkartetik baloratuko dira.

Gainera, hilabete osoko erronkak podium bat izango du, eta lehen 3 taldeek saria eramango dute: EuskarAbenturako merchandisinga, euskal kulturako saski bat, eta lehen taldeak, gainera, aterpetxe batean gau bat irabaziko du.

Azkenik, EuskarAbentura 2021eko ediziorako 2 plaza zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean: plaza bat adin txikikoentzat, parte hartzaile bezala joateko; beste plaza bat adin nagusikoentzat, begirale laguntzaile bezala joateko.

Erronka kolektiboa

Uztailean egingo diren taldekako erronka txikiez gain, erronka kolektibo handi bat proposatu dute, aurtengo EuskarAbentura diasporara iristeko. Gaur bertan zabaldutako bideo batean azaldu dituzte erronka horren nondik norakoak:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide