Asier Garitano: apaltasun eta xumetasuna

Ibon Gorrisi 2020ko uzt. 6a, 13:19
Bost porrot jarraian izan ondoren kaletatu du taldeak Garitano. / ALAVES

Alaveseko zuzendaritzak Asier Garitano entrenatzaile kargutik kentzea erabaki du. Entrenatzaile berria Juan Ramon Lopez Muñiz izango da.

Liga berriz abian jarri zenetik Alavesek zaplastekoak besterik ez ditu jaso. Jokaturiko zazpi partidatik bakarra irabazi du, Realaren aurka Mendizorrotzean. Gainontzeko guztietan galtzeaz gain itxura kaxkarra eman du.

Hori guztia kontuan izanik, Alaveseko zuzendaritzak Asier Garitano entrenatzaile kargutik kentzea erabaki du. Nolabait esateko, futbolean ez idatzitako legea da hori. Duela egun gutxi, Joxean Kerejetak jokalariak jopuntuan jarri zituen, baina azkenean entrenatzailea kaleratu du.

Geldiunea baino lehen taldea sasoi betean zegoen

Asier Garitanok egindako lana apaltasun eta xumetasunean oinarritu da. Hasieratik oztopoak besterik ez ditu izan; izan ere, lehen jardunaldietan kolokan izan zen. Gerora, gorabehera askorekin taldea bideratzen lortu zuen, eta geldiunea baino lehen taldea sasoi betean zegoen. Horri esker, taldea zutabe sendoa jarri zuen mailari eusteko. Eskerrak lan horri, bestela, azken emaitzak ikusita, taldea kinka larrian izango litzateke.

Egia esanda, azken neurketetan, Asier Garitanok aldaketak besterik ez ditu egin, baina ez du inongo fruiturik lortu. Taldea noraezean aritu da, nortasunik gabe; gainera, okerrena emandako itxura izan da. Dena den, jokalariek ere ez dute neurria eman, eta asko kostatu zaie behar bezala lehian sartzea. Horren adibidea dugu jasotako txartel gorriak, hiru partidetan jarraian.

Halere, katearen katebegirik ahulena entrenatzailea da. Orain, taldea berpizteko Juan Ramon Lopez Muñiz ekarri dute. Agur apal eta xumea Asierri eta ongi etorri beroa Juan Ramoni.

Juan Ramon Lopez Muñiz izango da Alaveseko entrenatzailea aurrerantzean. / ALAVES

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide