Bertan behera geratu da Gasteizko Erdi Aroko azoka. Irailaren 25etik 27ra bitartean egin behar zuten, baina osasun arrazoiengatik ez da izango aurten. Udaletik azaldu dutenez, "bideraezina" da ekitaldi honetan izaten den ohiko jende oldeagatik eta Alde Zaharreko espazioak mugatzeko zailtasunagatik. "Kaleak estuak dira eta sarbide ugari dituzte. Horrek ia ezinezko egingo luke Eudelek biztanleria-masa handiak ez biltzeko emandako gomendioak betearaztea".
Erdi Aroko azoka Gasteizen ospatzen den ekitaldi kultural jendetsuenetako bat da. Iraileko laugarren asteburuan, Erdi Aroko hiriguneko kaleak eta plazak eraldatu egin ohi dira. Merkatua, normalean, 200dik gora artisau saltokik osatzen dute. Gainera, antzerkia, malabareak, txotxongiloak, musika eta suzko ikuskizunak ere izaten dira.