Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroak erdi-erditik zatitzen du Euskal Herria, mendebaldetik ekialdera, Gorobel mendizerratik hasi eta Zuberoa eta Nafarroa arteko mugara. Mendikate honen ekialdean dauden tontorrak Euskal Herriko altuenak dira, Pirinioak; mendebaldera jarraituz ere mendilerro garaiak daude: Aralar, Aizkorri, Elgea, Anboto, Gorbeia eta Gorobel. Bada, uren banalerro horretan barna Urmuga izeneko ibilaldi musikatua antolatu dute, uztailaren 14tik abuztuaren 1era arte. Hemeretzi egun horietan, talde batek Anguloko portutik Hiru Erregeen Mahaira dagoen distantzia zeharkatuko du; aldi berean, musika emanaldiak izango dira hainbat menditan eta baita mendien inguruko herrietan ere.
Migel Zeberio Et Incarnatus Donostiako orkestrako zuzendaria ari da zeharkaldia antolatzen, Felipe Uriarte alpinista eta mendi gidaria, eta Xabier Berasaluze Leturia musikariarekin batera. "Ni musikaria naiz –azaldu du Zeberiok–, eta nire beste pasioa mendizaletasuna da. Aspalditik, txikitatik, ezagutzen dut Felipe Uriarte mendizalea, eta berarekin justu orain dela bi urte berak antolatu zuen Oxigenoa Euskarari 6000 espedizioaren harira, mendia eta musika uztartuko zuen ekimen bati buruz hitz egiten egon nintzen". Uriarteri Nepalen zegoela bururatu zitzaion Urmuga zeharkatuko zuen espedizioa antolatzea, eta iaz proiektua martxan jartzea erabaki zuten.
Hamabost etapa izango ditu Urmugak; horietako bost Araban zehar egingo dituzte
Zeberioren esanetan, hasieratik egitasmoa mendia eta musika bateratzen duen espedizioa antolatzea izan da. "Mendizale talde bat izango da zeharkaldi horretan batetik, eta ibilaldi horretan zehar kontzertu txikiak eta handiak egingo ditugu, tokiaren arabera. Batzuetan orkestra osoa egongo da kantariekin eta beste batzuetan bikote bat edo bakarlari bat izango dira mendi-tontor batean".
Erronka kulturala
Hemeretzi egunetan osatuko dute zeharkaldia, eta batez beste bederatzi orduko ibilaldiak egingo dituzte egunero. Hasierako asmoak pandemiak utzitako egoera berrira egokitu behar izan dituzte, eta maila logistikoan askoz traba eta arazo gehiago izaten ari dira aterpeak bilatzeko edota kontzertuak antolatzeko. Denboraren premiagatik, gainera, ez dute nahi beste udalekin eta mendi talderekin hitz egin ahal izan. Zeberioren esanetan, azken momentuan harreman asko egin ezinean ibili dira, "eta ezin izan gara toki guztietara iritsi". Arabako kasuan, esate baterako, Murgian aurreikusita zegoen kontzertua bertan behera utzi behar izan dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, edozein mendizalek izango du aukera ibilbidea bere osotasunean burutzeko Urmugak jarritako baliabideekin. "Hamabost laguneko talde finkoa osatu nahi dugu –azaldu du Zeberiok–, eta izen-ematea oraindik zabalik dago". Bestela, norberak nahieran, astebeteko zatiren bat egiteko edo egun bakarreko ibilaldia egiteko aukera du. Etapa bakoitza tokian tokiko mendi elkarteekin antolatzeko asmoa dute, eta mendi-gidari batek zainduko du mendizaleen ibilia. Zeharkaldian parte hartzera animatzen diren mendizaleek ez dute mendian lo egingo. "Eguneko jarduera bukatu, eta autobusez herri txiki batera joango gara. Urmugak xede baitu ere herriak, herri txikiak, biziberritzea eta horiek ezagutzea".
Angulotik aterako dira hilaren 14an eta Hiru Erregeen Mahaian amaituko da espedizioa
Proiektuaren aurkezpenean azaldu dutenez, zeharkaldiaren azken bi egunak dira zailtasun handiena dutenak. "Baina ez goaz erronka bat egitera, ekimen poetiko bat izango da, musikala. Ez da kirol erronka bat, ibilaldi lasaia izango da, gauza gozagarria".
Zeberiok gidatzen duen Et Incarnatus Orkestra da Urmuga proiektuaren oinarri musikala. Abiapuntu horretatik hasita, Euskal Herri osoko artistak gonbidatu dituzte parte hartzera, eta Urmugak osatzen duen ibilbide horretako hainbat lekutan kontzertuak eskainiko dituzte, formatu txikian zein handiagoan, orkestra bere osotasunean musikari gonbidatu gehiagorekin.
Mendiko kontzertuetan parte hartu nahi izanez gero, komeni da aldez aurretik izena ematea, jendearen muga ezarri baitute administrazioek. "Hego Euskal Herriko kontzertuetan mila lagunen kopurua jarri digute; ez dut uste gaindituko dugunik, baina badaezpada komeni da izena ematea", argitu du Zeberiok.
Artista ugari
Musikari eta talde gonbidatuen zerrenda amaigabea dute esku artean Urmuga ekimeneko sustatzaileek. "Musikarien harrera oso ona izan da eta izen zerrenda potoloa dugu; hogeita hamarretik gora kantari eta talde izango dira gurekin", esan du Zeberiok. Euskal Herriko kantari ezagun askok izena eman dute. Horien artean daude Donostiako Orfeoia, Maddi Oihenart, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Maider Zabalegi, Gari, Josu Zabala, Txomin Artola, Alex Sardui, Oreka TX, Araiako Albokariak edo Baigorriko Gaiteroak.
Herri eta tontor bakoitzari egokitzen zaion formatu txikiko kontzertuak antolatzen ari dira une honetan, eta mendietako ekitaldi nagusiak ibilaldia pasatzen den unean egingo dira. "Toki erakargarriak dira denak, paisaia aldetik edo soinu aldetik", nabarmendu du Zeberiok.
Bederatzi kontzertu izango dira gailurretan
Agertoki bereziak izango dituzte Urmuga ekimenean parte hartzen duten musikariek: Tologorri mendia, Urkiola ingurua, Aizkorri punta, Lareoko urtegia, Aizpearro, Okabe eta Hiru Erregeen Mahaia. Nafarroako Pirinioetan oraindik emanaldi bat zehazteke dute antolatzaileek, eta Baigorrin natur guneetakoa baino emanaldi handiago bat egingo dute. "Mendiko kontzertuen tokiak nahiko erabakita ditugu, guztiak toki esanguratsuetan izango dira", azaldu dute antolatzaileek. Herrietan egingo diren kontzertuak, berriz, ez dituzte guztiz lotuta.
Halaber, kontzertuak egiteko beharrezkoa duten azpiegitura ere prestatzen ari dira azken egun hauetan; kasu berezi batzuk barne: "Oreka taldekoak izango ditugu Aralargo mendian, Aizpearroko zuloan, eta eskatu digute 30 zamari behar dituztela instrumentu litiko bat eramateko".
Guztira bederatzi kontzertu izango dira mendietan eta beste hainbeste inguruko herrietan.
Tologorrikoa da lehenengoa, hilaren 14an. Hari laukotea, Maider Zabalegi, Flavio Banterla, Xabi Zeberio eta Amaia Elizaran dantzaria izango dira bertan. Uztailaren 19an, berriz, Dimako Baltzolako koban izango da emanaldia. Horretan izango dira Josu eta Gari Hertzainak taldekoak, Maddi Oihenart, Miren Narbaiza, Et incarnatus Orkestra, Igor Elortza eta Unai Iturriaga. Gorka Benitez saxoan izango da, Itsaso Etxebeste baxuan, Juantxo Zeberio pianoan eta Karlos Aranzegi baterian.
Mendizaleen ibilbidearekin batera, uztailaren 20an, Aitzkorriko tontorrean Maddi Oihenart, Juantxo Zeberio, eta Gorka Benitez bilduko dira, eta hurrengo egunean, uztailaren 21ean, Lareon, Donostiako orfeoia, Et incarnatus Orkestra, Eneko Dorronsoro trikitia Gorka Benitez saxoa, eta Juantxo Zeberio pianista izango dira.
Uztailaren 22an, Aizpearroko inguruetan izango da kontzertua. Horretan, Donostiako Orfeoia, Et Incarnatus Orkestra, Txomin Artola, Leire, Kristina eta Leturia Xendarineko ahizpak eta Oreka TX izango dira. Halaber, Gorka Benitez arituko da saxoan, Juantxo Zeberio pianoan, eta perkusioan Enrike Solinis.
Ipar Euskal Herrira egingo du salto Urmugak uztailaren 26an; eta Baigorrin Donostiako Orfeoia, Et incarnatus Orkestra, Niko Etxart, Xendarineko Ahizpak, Eltzegor, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta eta Baigorriko gaiteroak izango dira protagonista musikalak. Gorka Benitez saxoan eta Juantxo Zeberio pianoan, perkusioan eta baxuan ere izango dira.
Uztailaren 28an, Euskal Barrokensembleren kontzertua egingo da Okaben; uztailak 30ean berriz, Donostiako Orfeoia izango da Zaraitzun; eta abuztuaren 1ean Hiru Erregeen Mahaian amaierako festa kontzertua egingo dute, "lagun ugarirekin".