Alaves 0 - 2 Granada

Alavesek burua altxatu ezinik jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2020ko uzt. 2a, 08:27
Gauzak erabat okertu dira bigarren zatiaren hasieran. / Argazkia: LA LIGA

Granada gauza handirik egin gabe 0-2 nagusitu zaio Mendizorrotzan.

Alaves

0

Granada

2

Burua altxatu ezinik. Argia gorria ez da piztu baina urduri pitin egoteko arrazoiak egon badaude. Izan ere, jokaturiko azken bost partiduetatik bakarra irabazi du, Realaren aurka. Gainontzeko guztietan, batzuetan itxura kaxkarra emanez, galdu du. Egoera gaiztotzen hasia da. Jaitsiera sei puntura dago, beraz, ahalik eta lasterren irabazi beharra dago helburua lortu ahal izateko.

Partidari hasiera bizia eman dio Alavesek. Asier Garitanok denboraldian zehar zelairatutako hamaikakoa jokoan jarri du. Arabarrek jakin bazekiten neurketa oso garrantzitsua zela eta horren bila atera dira. Ezker hegaletik egindako erasoak onak izan dira baina ez dute errematerako inor aurkitu. Granada erabat atzean sartuta izan da eta kontraerasora jokatzeko ia-ia ez du inongo aukerarik izan.

"Garitanok partidaren norabidea aldatu nahi izan du, baina ez du lortu"

Halere, 26. minutuan Granadak hankaz gora jarri du neurketa Alaves taldearentzat. Atzealdeko jokalariak bigun aritu dira eta Puertas bakar-bakarrik gelditu da Robertoren aurrean. Atezainak geldiketa bikaina egin du baina aldaratzean, Antoñin aurrelariak zorte handiz baloia saretara bidali du. Dena den, taldea ez da batere kikildu eta hurrengo jokaldian berdinketa egiteko aukera paregabea izan du Magallan atzelariak. Handik gutxira, Lucas aurrelariaren errematea zutoinera joan da. Gehiago merezi izan du lehen zati honetan. Baina futbolean ezinean ari zarenean, era honetako gauzak gertatzen dira, eta 0-1koarekin aldageletara joan dira.

Gauzak erabat okertu dira bigarren zatiaren hasieran. Granada egindako jokaldiari bukaera ezin hobea eman dio Soldado aurrelariak 0-2koa markagailuan jartzeko. Gol honek min ikaragarria egin dio taldeari. Garitanok aldaketak egin ditu, partidaren norabidea aldatu nahi izan du, baina ez du lortu. Ia-ia bigarren zatia osoan Granadaren ate ondora hurbilketa bakarra egin du Burke aurrelariaren bitartez. Etsita, besoak jaitsita aritu da taldea azken minutuetan. Talde jakitun zen asko zegoela jokoan baina…

Edonola ere, hurrengoan pentsatu beharra dago. Tarterik izan gabe, datorren larunbatean, uztailaren 4an, 19:30etan, taldeak Valladolid taldearen aurka jokatuko du. Aukera paregabea helburua lortzeko.

Hamaikakoak

  • Alaves: Roberto; Ximo Navarro (61’. Martin), Laguardia, Magallan, Duarte (83’. Adrian Marín); Aleix Vidal (61’. Burke), Camarasa, Tomas Pina (70’. Pere Pons), Luis Rioja (61’. Edgar); Lucas, Joselu.
    • Txartel horiak: 45’. Duarte, 91’. Martin, 95’. Pere Pons
  • Granada: Aaron; Duarte, Vallejo, Martinez; Foulquier, Puertas (72’. Víctor Díaz), Yangel Herrera (67’. Yan Brice), Azeez, Gil Dias (88. Mario Rodríguez); Antoñin (45’. Machis), Soldado (67’. Fernandez).
  • Txartel horiak: 36’. Antoñin, 61’. Soldado.

Golak

  • 0-1: 26’. Antoñin.
  • 0-2: 48’. Soldado.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Harmailak hutsik. Dagoeneko bost partida igaro dira eta ohiko irudia bihurtzen ari da. Ordezko jokalariak musukoekin sakabanaturik harmailetan. Batzuetan telebistatik jokalari eta teknikoen oihuak entzuteko aukera izaten dugu. Gero eta neurketa gutxiago gelditzen dira, bost, hain zuzen ere.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

Arratsalde lasaia partida ikusteko Alde Zaharreko terrazetan. Oraindik orain, atzoko alaitasuna denon buruetan egonda, gaurko partidan entzundako komentarioak honako hauek izan dira:

  • Ze egun polita atzokoa. Garaipen ederra, borrokatua, azken unean. Horrela irabazteak gozoago izaten da. Ea gaur Alavesek mailari eustea lortzen duen!
  • Irabazi beharra dago. Nola edo hala irabazi behar da. Hiru puntuak lortu eta lasai aritzera hurrengo bost neurketetan.
  • Beno, bada, ohorezko hamaikakoa. Gainera, betiko sistema 4-4-2koa. Ea hiru puntuak etxean gelditzen diren.
  • Ondo ari da taldea, ondo, hor baloiaren irteerari presioa eginez. Aukerak gauzatu behar dira. Oso gol gutxi egin ditugu, bi Realari eta bat Atletico Madrili. Taldeari kostatzen zaio gol egitea.
  • Hor aukerak eta aukerak, baina golik ez.
  • Granadaren gola. Hau da hau! Zertan aritu dira atzelariak. Haiek ere zorte izugarria izan dute. Ia-ia ezer egin gabe gola egin dute.
  • Magallán kanpora, orain Lucasek baloia zutoinera. Ezinean, ezinean gola falta zaigu.
  • Bigarren zatian irauli egin dugu markagailua. Ikusiko duzue.
  • Granadaren bigarren gola. Irauli, ez irauli, ez golik egin. Porrota eta gainera Mallorcak atzo irabazi zuen.
  • Taldea ez dago batere sasoian. Hamaikakoak aldatu, ordezkoak jarri, dena delakoa eginez eta emaitza bera.
  • Baina, gutxienez bihotzarekin jokatu, aurrera joan nola edo hala. Ezinean, ezinean.
  • Bukatu da, bukatu da, akabo. Alarma laranja piztu da, ea gorria ez den pizten. Hurrengoan Valladoliden irabazi behar da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide