Babestutako edukia

Geoparkea ezagutzeko irteerak

Euskal kostaldeko geoparkea 2020ko eka. 15a, 14:00

Euskal Kostaldeko Geoparkeak, bisita gidatuen programari ekin dio eta egunero eskaintzen ditu bisita gidatuak, Deba, Zumaia eta Mutrikuko naturaz eta kulturaz gozatzeko.

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak  martxoaren 13an eten behar izan zituen irteera gidatuak koronabirusaren krisiak eraginda, eta hiru hilabete beranduago berriz ekin dio ekimenari urte osoko programa berreskuratuz. Ekaina erdialdetik, egunero eskaini ditu irteera gidatuak Deba, Mutriku eta Zumaiako natura eta kulturaz gozatzeko.

Geoparkeak ohiko bisita gidatuak eskainiko ditu: barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, kutsu zientifikoagoa duten irteerak edota familiartean egiteko proposamenak. Guztira 17 bisita gidatu desberdin daude aukeran, adituak diren gidarien azalpenekin lagunduta Geoparkea ezagutu eta deskubritzeko, oinez zein itsasontziz.

Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dira, eta baita eskaera gehien dutenak ingelesez, frantsesez eta alemanez ere, webgunean deskargatzen diren audio giden bitartez.

Bisita gidatu hauek guztiek Geoparkeak gordetzen duen balio natural, geologiko eta kultural garrantzitsua ezagutaraztea eta gizarteratzea dute helburu. Aurtengo osasun krisi egoera kontuan hartuta, irteera guztiak Covid-19 protokoloetara egokitu dira, beharrezko segurtasun neurri guztiak bermatzeko.

Horregatik, irteera gidatuen erreserba on line egitea gomendatzen dute geoparkea.eus webgunean, eta edozein zalantza izanez gero, irekita dauden hiru turismo bulegoetan argitu daiteke. Bestalde, proposamen hauek guztiak bisita gidatuen liburuxka berrian daude jasota; liburuxka eskuragarri dago Euskadiko turismo bulego eta hotel nagusienetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide