Zorioneko amesgaiztoa Baskoniarentzat

Aritz Martinez de Luna 2020ko uzt. 2a, 09:00
Harmailetan zaletu gabe jokatuta, jokalariek aldagelan ospatu zuten garaipena. / Baskonia

Baskoniak bere ibilbidean laugarren aldiz lortu du Liga txapelketa eskuratzea; pronostikoak hautsi eta azken fase gogoangarria jokatuta, Bartzelonaren kontrako finala sufrituta irabazi du.

2020a urte aldrebesa izaten ari denik, ezin ukatu. Mundu mailako pandemia batek egunerokotasuna goitiki behera irauli du, bizitzako arlo guztietan, eta baita kirolean ere. Martxoan inork galdetu izan balu Baskoniak zer espero zezakeen denboraldi honetatik, erantzun gehienak ildo beretik joango lirateke seguruenik: denboraldia lehenbailehen bukatu eta taldea goitik behera berregiteko beharra zegoela. Izan ere, azken urteotako denboraldirik penagarriena izaten ari zen aurtengoa, zaletuak amorrarazterainokoa.

Hala, Perasovic taldeko gidaritzatik bota beharra ikusi zuen Kerexetak, jokalariak noraezean eta taldea bere izaera galduta baitzebiltzan partida gehienetan. Errege Kopa lehiatzeko aukera galduta, ligan zortzi talde onenen artean sailkatzeko zailtasunez eta Euroligako sailkapenean gora baino, behera begira jarrita.

Egoera horretan hartu zuen  Ivanovicek taldea, jokalari burumakurrez osatutako multzoa. Kritikak entzun behar izan zituen gainera: joko estilo zaharkitua zuela, ez zuela egungo mailan aritzeko kalitate nahikorik, eman beharrekoak aspaldi emanda zituela eta estiloko beste zenbait perla.

Baina Ivanovic borrokalaria da. Inoiz amore ematen ez duen horietakoa, eta, azken emaitza ikusita, Baskoniako bulegoetan jokalarien beharra zein zen argi ikusi zuten, zaletu zein hedabide gehienok zalantzak zituzten momentuan. Oinarrizkotik hasi beharra. Alde taktikoari garrantzia  eman ordez, jokalarien irabazle sena berpiztu beharra.

Titulu berezia

Martxoan, egun batetik bestera liga eten eta jolakariak gelditzera behartuta egon ziren. Lanera itzultzeko aukera izandakoan, lan saio gogorrak egitera behartu zituen entrenatzaileak; liga bukatzeko partida gutxi batzuk bakarrik jokoan egon arren, denboraldi "berria" hasten zela ulertuta. Galtzeko ezer gutxi zuen taldeak, eta asko irabazteko ordea.

Pronostikoetan Bartzelona, Real Madrid edota Valentziak esaterako irabazteko aukera gehiago izan zezaketela pentsatzen zuen saskibaloi munduak. Baina Ivanovicek lehendik ere erakutsi du gogoko dituela horrelako erronkak, eta asmatu du irabazteko gose hori jokalariei transmititzen. Nekeak jota, momentu askotan aurkariaren menpe eta markagailuan atzetik izan arren, sufritzen baina beti lanean jarraitu beharra dagoela.

Horrela lortu ditu Baskoniak bere ibilbideko sari gehienak, eta horietariko asko Ivanovicen eskutik gainera. Gaur arte eskuratutako lau liga tituluetatik, hiruk dute Duskoren sinadura (2002, 2010 eta 2020), eta horrek zerbait esan nahiko du.

Egunotan Duskista asko entzun da kalean, batzuek Juan Carlos I hiribidearen izena ere aldarrikatzera arte. Urte zoroa aurtengoa. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide