Valentzia 73 - 75 Baskonia

Finalean izango da Baskonia

Aritz Martinez de Luna 2020ko eka. 28a, 22:18

Valentzia mendean hartu dute gasteiztarrek, oso partida parekatuan.

Valentzia

73

Baskonia

75

Partidari hobeto ekin diote valentziarrek eta erasoko jokoan duten kalitateari esker markagailuan tartea egitea lortu dute lehen zatian (42-33). Denboraldi hasierako taldeak, Perasovic entrenatzaile zuenak, egoera horretan burua makurtu eta etxerako bidea hartuko zuen seguruenik. Izan ere, azken urteetan Gasteizen ikusitako talderik kaxkarrena izan da aurtengoa. Egia da jokalari asko min hartuta egon direla denboraldiko tarte luzean zehar, baina lesio horietatik haratago, Baskoniak bere izaera galdua zuen azken boladan.

Egoera horretan Ivanovicek hartu zuen taldearen gidaritza, eta zaletu askok ez zuten begi onez ikusi Kerexetaren erabakia. Dusko da Baskoniaren ibilbidean titulu gehien lortutako entrenatzailea, baina bere joko estiloa eta lan metodologia zaharkituta zegoela pentsatzen zuen jende askok. Baina deabruak gehiago omen daki adinagatik, deabru izate hutsagatik baino. Eta emaitza ikusita, taldearen gidaritza Ivanovic azeri zaharraren esku uztea erabaki aproposa izan zela argi eta garbi geratu da.

Hil ala biziko final-erdian, eta lehen zatian zalantza asko izan arren, taldeak bere garaipenerako gosea eta izaera lehiakorra erakutsi ahal izan ditu. Hori da Ivanovicen zigilua, eta Baskoniak tituluak irabazteko ezinbesteko duen ezaugarria; horrela irabazi zuten liga txapelketa Ivanovic eta Baskoniak duela hamar urte.

Hain zuzen, irabazle grina duten jokalariak izan dira nabarmendu direnak: defentsa lanetarako prest daudenak, epaileen erabaki zalantzagarrien aurrean burua galtzen ez dutenak eta momentu zailetan kokiltzen ez direnak. Gaurkoan Dragic, Shengelia, Henry, Pollonara... izan diran bigarren zatian jokoaren erritmoa ezartzeko gaitasuna erakutsi dutenak. Eta azken minutuetako urduritasun eta akatsak izan badira ere, astearteko finalean egoteko txartela lortu dute azkenik gasteiztarrek.

Bartzelona izango dute aurkari, bere jokoa defentsa gogorrean oinarritzen duen taldea, eta aparteko kalitatea duten jokalariak dituena. Burgosen kontrako final-erdia erraz irabazi du, eta Baskoniaren kontra ere garaipena lortu zuen ligaxka fasean. Baina finala partida bakarrera da, eta hor edozein taldek izango du irabazteko aukera. Azken batean, larrialdi krisiak eragindako zoramenean, Baskoniak beste taldeek baina berreskuratzeko gaitasun handiagoa erakutsi du, eta pronostikoak puskatzeko gai direla frogatu dute azken bi asteetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide