Atletico 2 - 1 Alaves

Alavesek itxura ona emanez galdu du Madrilen

Ibon Gorrisi 2020ko eka. 28a, 18:02
Neurketa oso estua izan da eta Alavesek ondo eutsi dio. / LA LIGA

Talde madrildarra 2-1 nagusitu da epailearen laguntzarekin. Jardunaldi bat gutxiago falta da eta Alavesek gero eta gertuago du helburua, mailari eustea.

Atletico Madril

2

Alaves

1

Azkenengo zaplaztekoen ondoren, Wanda Metropolitano futbol zelaia aproposa zen itxura hobeagoa emateko. Taldeak irudi ona eman du baina horrek ez du balio izan hiru puntuak eskuratzeko. Talde madrildarrak ahaleginak eginez gero 2-1 irabazi dio.

Asier Garitanok goitik behera aldatu du hamaikakoa, bederatzi jokalari berri zelairatuz. Oraingo honetan ere, Abdellahi, harrobiko jokalari gazteak aukera izan du debuta egiteko. Ez da batere kikildu eta oso itxura ona eman du. Lehen zatian, Alavesek ez du zirrikiturik utzi eta talde madrildarraren erasoak area inguruan bukatu dira. Zelai erdian jokalari asko pilatu dira, eta oso zaila izan da baloia behar bezala alderik alde mugitzea. Neurketa oso estua izan da eta Alavesek ondo eutsi dio Atletico Madrili. Gol aukerarik gabe hutsnako berdinketarekin aldageletara joan dira jokalariak.

Bigarren zatian, antzera hasi da. Talde madrildarrak baloiaren jabetza izanik, baina arriskurik sortu gabe. Gauzak erabat aldatu dira Simeone, Marcos Llorente, Alaveseko jokalari ohia, zelairatu duenean. Partidari erritmo biziagoa eman dio, eta berak egindako jokaldi bati esker etorri da etxekoen gola. Izan ere, Adrian Marin atzelariak falta egin behar izan dio eta, horren ondorioz, Trippierrek bigarren zutoinera atera du; Saulek erremate ona eginez saretara bidali du baloia.

Sei neurketa falta dira eta jaitsieratik hiru partidara dago taldea

Oraindik orain, partida berdintzeko tarterik bazegoen. Halere, madrildarrak horretan oso iaioak dira, eta behin gola eginez oso zaila izaten da haiei gol egitea. Dena den, talde arabarrak ahaleginak eta bi egin ditu, eta 64. minutuan Burkek egindako errematea buruz gutxigatik kanpora joan da. Aukerarik garbiena izan da, baina, azken neurketetan bezalaxe, taldeari gol bat egitea asko kostatzen ari zaio.

Handik gutxira Pachecok bi geldiketa bikainak egin ditu. Halere, 71’. minutuan jokaldi erabat eztabaidagarria izan da. Ely atzelariak Llorenteri egindako sarrera penaltia adierazi du epaileak, jokaldi bideoz berriz ikusi gabe. Diego Costak ez du kalerik egin, eta bigarren gola egin du etxekoentzat. Partida maldan gora jarrita ere, Alavesek ez du amore eman, eta golaren bila jarraitu du. Luzapenean baloia Kokeren eskuan jo du eta epaileak, oraingoan bai, bideoz lagundurik penaltia adierazi du. Joselu aurrelariak jaurti du eta gola egin du. Ia-ia ezertarako tarterik ez bukatu da neurketa.

Sei neurketa falta dira eta jaitsieratik hiru partidara dago taldea, beraz, hurrengoan Granadaren aurka irabaziz gero taldeak urrats izugarria emango luke; uztailaren 1an, 19:30ean.

Hamaikakoak

  • Atletico Madril: Oblak, Trippier, Savic, Gimenez, Renan Lodi; Correa (56’. Diego Costa), Koke, Thomas, Saul; Joao Félix (64’. Carrasco), Morata (56’. Marcos Llorente).
  • Txartel horiak: 39’. Thomas, 74’. Savic, 91’. Koke.
  • Alavés: Pacheco; Martin, Tachi, Ely, Adrian Marin (78’. Luis Rioja); Edgar (61’. Ruben Duarte) , Abdellahi, Fejsa, Pere Pons (78’. Paulino), Aleix Vidal (61’. Joselu); Burke (85’. Camarasa).
  • Txartel horiak: 45’. Pere Pons, 58’. Adrian Marin.

Golak:

  • 1-0: 59’. Saul.
  • 2-0: 72’. Diego Costa (penaltiz).
  • 2-1: 92’. Joselu (penaltiz).

Wanda Metropolitano futbol zelaia

Futbol zelai izugarria baita Wanda Metropolitano baino ohitzen hasiak gara harmailetan telebistek jarritako koloreak ikusteko. Ordezko jokalariek ere neurri zorrotzak hartzen dituzte eta denak musukoarekin eserita daude harmailetan.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

Gau polita, beroa eta terrazaz terraza ibiltzeko ezin hobea. Hona hemen zaleek esandakoak:

  • Zer afalduko dugu bokata partida ikusten dugun bitartean, gero edo noiz?
  • Igual ahalik eta lasterren jatea komeni zaigu. Taldea dagoen bezala ikusita Vigon gertatutakoa errepika daiteke. Atletico Madrila badakigu zer nolako taldea den, borroka, borroka eta borroka.
  • Aiba!! Baina zer hamaikakoa zelairatu duen! Ez ohiko jokalariak eta gainera harrobiko bat. Beno, bada, honek esan nahi partida botako dugula. Ikusiko duzu. Eskerrak Mallorca eta Leganes, biek galdu egin dutela bestela!!
  • Beno, bada, itxura ona ematen ari dira. Ondo, ari dira. Erasoan beti bezala inongo aukerarik, baina atzealdean oso sendo.
  • Atletico Madrilek ez du inongo aukerarik sortu. Ondo taldea ondo. Ea ordezko jokalariek pauso ematen duten!
  • Beno, oso ondo lehenengo zatia.
  • Orain bigarren zatian, haiek golaren bila joango dira itsu-itsuan eta gure aukera izango da.
  • Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Berdin jarraitzen dugu.
  • Marcos Llorente, zer jokalari puxka!! Gogoratzen zarete? Ze denboraldi bikaina egin zuen Alavesen. Ibai eta Llorente, zer nolako parea!
  • Ze pena! Lehenengo gola egin dute. Ze pena!
  • Orain oso zaila izango da, oso. Beno, ari dira, ari dira. Ea berdinketa lortzen dugun.
  • Kaka zaharra! Hori ez da penaltia. Jokaldi inozoa. Gutxienez begiratu VAR edo kontsultatu.
  • Hau pena!, 2-0, ez dago irabazterik.
  • Bazen garaia! Gure aldeko penaltia. Ondo Joselu.
  • Taldeak itxura ona eman du, beti bezala, baina beti bezala galdu dugu.
  • Granadari irabazi gero egina. Irabazi behar bai ala bai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide