"Harri hauek mutuak dira, ez dute ahorik, ez dute begirik, baina zenbat historiaren lekuko diren! Mundua eta ingurua aldatzen joan dira, eta eliza honek 860 urte daramatza hemen. Niri horrek zirrara berezia sortarazten dit. Zer ez ote da pasatu inguru honetan?".
Gasteiztik 18 kilometrora, San Vicentejoko ermita erromanikoaren aurrean egin du hitzordua Roberto Gonzalez de Viñasprek (Bilbo, 1961) ALEArekin, bere aspaldiko bizitokiaren edertasunaz mintzatzeko. "Ez da erraza Trebiñun toki bat aukeratzea – aitortu du euskaltzainak–. Hain zabala izanik, txoko asko daude erakusteko modukoak. Elementu naturalak ere izan litezke. Trebiñu segun eta nondik zeharkatzen duzun erabateko aldaketak daude; zenbat eta ekialderago etorri ximurtzen doa lur-azala eta mendialde zabala du, baso garrantzitsuak daude, eta pagadi ederrak".
Hala ere, gizakiak sortutako tenplu ikusgarriaren aldeko hautua egin du Gonzalez de Viñasprek, estimu handian duelako erromanikoa, eta ermitaren historiaz eta bertako arteaz ere asko irakurri duelako. Hizkuntzalariaren hitzetan, San Vicentejoko Andra Maria Sortzez Garbia Arabako erromanikoaren tenplu "ohargarriena" da, beste gutxi batzuekin.
"Martinez de Aragon familiarena da eliza. Nola iritsi zen familia baten eskuetara?"
Usterik zabalena da 1162. urtean eraiki zutela ermita, Nafarroako erresumaren garaian, Antso Jakitunarekin. Portadaren ondoan, iparraldeko horman dagoen inskripzio batean jasotzen da urtea. Ez da erraza inskripzioa aurkitzea, baina ariketa polita izan daiteke ikusmen- zolitasuna trebatzeko.
Erabilitako harria bertokoa da, Axartetik ekarria, Gasteizko Katedral Zaharrean bezala; eta ermita txikiaren absidearen zutabeetan modu ikusgarrian antolatuta dago, kolorearen arabera.
Bi fasetan eraikia
Euskaltzainak azaldu duenez, bi zatitan eraiki zuten. "Nabaria da absidea. Dituen elementu apaingarriak, duen lanketa askozaz oparoagoa da beste aldean dagoena baino. Absidea izan zen eraiki zen lehena, eta jarraian beste guztia, bigarren fase batean". Bertan lan egin zuten harginak Languedoc (Okzitania, Frantzia) herritik, erromanikoaren sehaskatik, iritsitako lehen lerroko artistak izan ziren; eta Trebiñun moda berriak esperimentatzeko gune egokia aurkitu zuten. Hala, ekialdeko elementu exotiko ugari landu zituzten San Vicentejoko absidean; eta beste inon baino lehenago bertan diseinatu zituzten hiru arku lobulatuak: "Elementu hori agertzen da Galiziako Santiagoko katedralean sei edo zortzi urte geroago. Estilo konbinazio ordenatu bat dago hemen", azaldu du Gonzalez de Viñasprek.
Bigarren fasean eraikitako aldea, berriz, "oso urria" da elementu apaingarrietan, landu gabe dago harria. Halere, aipagarrien artean okulua dago. "Ez da oso ohikoa eta gainera geruzetan barrurrantz egina dago". Eguzki-erlojua ere nabarmentzen da.
Ez da elizaren menpeko
Harginen lanarekin eta elizaren eraikuntzarekin loturiko berezitasunez gainera, San Vicentejok gordetzen dituen sekretuen artean daude deitura aldaketa eta tenpluaren jabetza. Idazkun batean agertzen da tenplua Done Bikendiren omenez eraiki zela, baina gaur egunean Andra Maria Sortzez Garbiaren ermita da. "Egia esan ez dakit noiz izan zen aldaketa, baina bistan da tenplu hau lotuta dagoela herriarekin. Hemen zer izan zen lehen eliza eta gero herria? Herria egongo zen lehenago ziur aski".
Tenpluaren jabetzak ere zer pentsatu ematen du. "Martinez de Aragon familiarena da. Nola iritsi zen familia baten eskuetara? Ez naiz aditua kontu hauetan, baina historiaren parte hori ez dut inon irakurri edo topatu". Are gehiago, tenplua gaur egun arte iritsi da, XX. mende erdian Arabako Diputazioarekin akordio batera iritsi zelako familia. "Horren barruan abuztu partean zabaltzen dute, eta meza bat egiten dute. Gainera bisitagarria da eta oso ondo azalduta.
Aurtengoa hain da berezia ez dakidala zer egingo duten, baina Trebiñuko Konderriko Udalak turismo programa bat egiten du eta horretan sartuta dago".
Herriak eta herritarrak
Behatokia da eliza, historiaren lekuko. Bere ingurua nola aldatu den imajinatzeko toki pribilegiatu bat. "Inguruko herrietan fijatu gaitezen. Hor ikusten duguna Imiruri da. Arabako herri gehienak bezala 1025. urtean dokumentatzen da, Donemiliagako goldean. Uzkio ere dago. Egun Uzkio bakarra ezagutzen dugu, baina XI. mendean eta geroago bi Uzkio dokumentatzen dira. Bestea desagertuta dago. Lan bat egin genuen 2011. urtean, eta Erdi Aroko herri hustuak Trebiñun ikertu genituen.
Horretan, Imiruritik beste aldera, Agillura joateko, haran moduko bat dagoela jasotzen genuen eta bertan zegoen Bustuia herria. Dokumentatzea lortu genuen XVI. mendera arte eliza zutik egon zela", gogoratu du Gonzalez de Viñasprek.
Desagertutako herriez gainera, San Vicentejoko harriek entzumena balute, herritarren mintzoa adituko lukete."Inguru honetan XVIII. mendearen erdialdera hitz egin da euskara. Mendebaldeko euskara hain zuzen, egun Gipuzkoako Debagoienean edo Aramaion mantentzen dutena. Euskal eremu bete-betean dago San Vicentejo. Aurrean dagoen lursailari esaten zaio Lezpia, alegia Elexpea, elizaren azpian. Hemen nagusi da gaur egun euskaratik datorren toponimia, oso desitxuratua".