Joventut76 |
Baskonia74 |
Unicajaren kontra lortutako garaipenari esker, Baskoniak final-erdietarako txartela poltsikoan zeukan partida hasi aurretik. Egoera horretaz jakitun, Ivanovic entrenatzaileak azken partidetan nekeak pilatutako Shengelia eta Henry deialditik kanpo uzteko erabakia hartua zuen gaurko norgehiagokaren aurretik. Egoera horretan normalean minutu askorik jokatzeko aukerarik ez duten jokalariak protagonismoa izan behar zutela suposatu zitekeen, eta halaxe izan da.
Sedekerskis gaztea izan da minutu gehien jokatuta dituena, Kurucks antolatzaile gazteak Baskoniarekin bere lehen puntuak lortzeko aukera izan du eta denboraldian zehar ia batere jokatu ez duten Miguel Gonzalez eta Sergi Garciak minutu asko jokatzeko aukera izan dute. Pollonarak beste batzuetan izan ezin dezakeen lidergoa beregain hartu eta oso partida serioa jokatu du. Itxura ona orokorrean, eta etorkizuneko Baskonia nolakoa izan daitekeen ikusteko aukera eskaini duen partida.
Emaitza gutxienekoa zen gaurkoan, baina jokalari gazteek maila eman dezaketela erakusteko aukera baliatu nahi izan dute eta, azkenik, partida parekatua jokatu dute bi taldeek. Joventutek ere ez zuen ezer jokoan baina denboraldiari garaipenarekin agur esan nahi izan diote, eta beti dauka pizgarri berezia Euroligako talde baten kontra jokatzeak gainera.
Unicajaren kontra bezala, azken jokaldietan erabaki da partida, eta gaurkoan porrota jasan du Baskoniak, baina inork ez dio emaitzari erreparatuko. Zaletu zein jokalariak igandeko final-erdian dituzte begiak jarrita, aurkaria nor izango den bihar jakiteko jakinminez.