Alaves 0 - 1 Osasuna

Alavesek burua altxatu gabe jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2020ko eka. 25a, 08:50
Alavesek ligaxka honako hau hasi denetik partida bakarra irabazi du. / LA LIGA

Partida oso parekatuan Osasunak gola egin du eta hiru puntuak eskuratu ditu. Alavesek maldan behera jarraitzen du.

Alaves

0

Osasuna

1

Ligaxka honako hau hasi denetik partida bakarra irabazi du, eta gainontzeko guztietan, itxura kaxkarra emanez, galdu egin du. Osasunaren aurkako neurketa oso parekatua izan da. Biek puntuak behar zituzten mailari eusteko. Argi eta garbi ikusi baita gola egiten zuenak hiru puntuak eramango zituela. Bada, futboleko lege hori bete egin da. Bigarren zatian, 63. minutuan Latok gorritxoen aldeko gola egin du eta Alaves erabat hondoratu da.

Asier Garitanok zazpi aldaketak egin ditu hasierako hamaikakoan. Bazirudien taldeak berreskuratuko zuela Ligan zehar erakutsitako nortasuna. Bi taldeek beldurrez ekin diote lehiari. Galtzeari beldur. Gainera, bero ikaragarria egin du, eta, jakina, horrek ere zeresana izan du partidaren erritmoan.

63. minutuan Latok gorritxoen aldeko gola egin du eta Alaves erabat hondoratu da.

Lehen zatian, Alavesek eraman du jokoaren ekimena. Halere, ez batak ez besteak ez dute inongo nagusitasunik erakutsi. Baloi gehienak area inguruan galdu egin dira. Apenas ez da gol aukerarik izan. Arabarrek bakarra izan dute Joseluren bitartez, baina ezerezean gelditu da. Osasunak, bere aldetik, ez du inongo erasoko jokorik erakutsi. Gauzak horrela, atsedenaldira golik gabe joan dira.

Bigarren zatia hasi bezain pronto arabarrek izan dute partidako gol aukerarik garbiena, Lucas aurrelariaren hanketan. Baina egindako jaurtiketa askogatik kanpora joan da. Hortik aurrera, gorritxoek aurrera pauso bat eman dute, eta gol aukerak sortu dituzte. Lehena Aridanek izan du, baina egindako errematea gutxigatik kanpora joan da. Hurrengo jokaldian, ordea, Latok egindako jaurtiketa saretara joan da. Golak lasaitasuna eman dio Osasunari, eta Alaves taldeari min ikaragarria egin dio. Izan ere, taldea gogorik gabe gelditu da. Ez da gauza izan erasoak egiteko, behin eta berriz berdinketaren gola joateko. Taldea azken laurdenean erabat desegin da.

Oraindik orain, jaitsiera postua bederatzi puntura dago. Neurketa gutxiago gelditzen dira, baina baten bat irabazi beharra dago. Hurrengo partida Atletico Madrilen aurka izango da larunbatean, gaueko 22:00etan.

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Ely (78’. Adrian Marin), Duarte, Borja Sainz (78.’ Edgar Mendez), Camarasa (85’. Manu Garcia), Tomas Pina, Luis Rioja (71’. Burke); Joselu, Lucas Perez.
    • Txartel horiak: 60’. Ely, 94’. Edgar Méndez
  • Osasuna: Herrera; Nacho Vidal, David Garcia, Aridane, Lato; R. Torres, Oier, Moncayola (81’. Brasanac), Ruben Garcia (81’. Estupiñan); Arnaiz (88’. Fran Merida), Enric Gallego.
    • Txartel horiak: 37’. Oier, 52’. Lato, 84’. David Garcia.

Golak:

  • 0-1: 63’. Lato.

Mendizorrotza futbol zelaia

Harmailak hutsik, nola ez. Bero ikaragarria futbol zelaian. Ura edateko atsedenak egin dituzte, eta, oraingoan, jokalariek asko eskertu dute. Ordezko jokalariak musukoarekin harmailetan eserita izan dira, ohi bezala.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

Bero ikaragarria Gasteizen. Era honetako partidak oso gustura ikusten dira terrazetan zerbait edaten. Hona hemen entzundakoak:

  • Hau pena hau, zalerik gabe partida izatea. Gogoratzen zer-nolako giroa izaten den Alde Zaharrean holako derbietan. Beno, bada, hurrengo urtean izango da.

  • Badirudi, Garitanok Ligan zehar zelairatutako hamaikakoa jarriko duela jokoan. Pacheco, Camarasa, Luis Rioja... ea neurria ematen duten.

  • Joko gutxi ikusten ari gara. Gola egingo duena irabaziko du, ikusiko duzue. Biak hor ari dira atzealdean sendo eta aurrealdean arriskurik hartu gabe.

  • Ez bata ez besteak ez dute galdu nahi. Baina jokaldi batean batak edo besteak gola egiten badu, akabo fandango.

  • Joselu eta Lucas Perez ez daude sasoian, kosta egiten zaie area inguruan zerbait egitea.

  • Beno, gutxienez lehen zatia amaitu da eta epaileak ez du inortxok ere kanporatu. Azken boladan gure taldeko baten bat kalera bidaltzen dutelako.

  • Beno, bada, ea bigarren zatian gola egiten dugun. Buff, Lucas, maitia, hor izan duzu. Ze pena!! Ez dugu beste bat izango.

  • Barkatu dugu eta badakizue zer esan nahi duen horrek, ezta. Barkatzen duenak galduko du.

  • Goool, gorritxoen gola. San Ferminetako suziria piztu dute. Partida irabaziz gero pauso ikaragarria emango dute Lehen Mailari eusteko.

  • Hau da hau!! Taldeak amore eman du. Ez dute ezer egiten. Osasunaren menpe gaude. Bigarrena etorriko da.

  • Eskerrak amaitu egin dela. Oraindik orain asko sufritzea tokatuko zaigu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide