Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna

Sexu eta genero disidentzia antolatzera deitu dute ekainaren 28aren atarian

Erredakzioa 2020ko eka. 24a, 11:00
2019ko ekainaren 28ko manifestazioaren hasiera, Gasteizen. / ALEA

Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguneko manifestazio nagusia Gasteizen izango da igandean, E28 Koordinadorak deituta. Baina ekintza eta mobilizazio gehiago egingo dira Araban.

Igande honetan, ekainaren 28an, 51 urte beteko dira Stonewalleko istiluak gertatu zirenetik, 1969. urtean. Hilabete honetan ere, ekainaren 10ean, 41 urte bete dira Espainiako polizia nazional batek Francis trabestia tiroz hil zuenetik, Oreretan; bere hilketak LGTBI+ mugimendua bultzatu zuen Euskal Herrian. Urtero bezala, aste honetan mobilizazioak eta bestelako ekintzak antolatu ditu Arabako LGTBI+ mugimenduak.

Aurten, sexu eta genero disidentzia antolatzeko beharrak ezaugarrituko du Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna; izan ere, igandeko 12:00etan Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko den manifestazioaren leloak zera dio: Sexu eta genero disidentzia antolatu, guztia iraultzeko. Maskara eramatea eta segurtasun distantzia mantentzea gomendatu du E28 koordinadorak, eta, manifestazioaren ostean, marianitada bat egingo dute Gaztetxean.

Manifestazioaren aurretik, ordea, 11:30ean Bloke Bolleroa aterako da Bollerias plaza bezala berrizendatutako Burulleria plazatik.

Hala ere, Gasteizko mobilizazioa ez da lurraldean antolatuko den ekintza bakarra: adibidez, ostiralean, Agurainen, trikipoteo bat antolatu du Inguma neska gazteen taldeak, eta 19:00etan abiatuko da San Juan plazatik.

Igandean bertan, Mendialdeko Lamingorriak eta Mendiandreak talde feministek Kanpezun batupoteo bat egingo dute, 13:00etatik aurrera; hau da, poteoa batukadarekin.

Bestalde, Gasteizko Sorginenea Emakumeen Etxean zine-bollo proiekzioa antolatu dute ostiralean, Zaharraz Harro jaien egitarauaren barruan: 19:30etik aurrera, film laburren emanaldia egingo da, Ikusten ez duguna izenburupean. Sarrera librea eta doakoa izango da, edukiera bete arte.

Eredu gay-kapitalistaren aurka

Arabako LGTBI+ mugimenduak argi dauka zer ospatu eta aldarrikatzen duen, eta zer ez, ekainaren 28an: "Azken urteotan, eredu gay-kapitalistak bere egin nahi izan du E28a, eta batzuetan berea bakarrik; gure gorputzetan eta nahietan merkatu-hobi bat ikusten dutelako", azaldu diote koordinadorako kideek ALEAri.

Gainera, uste dute koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoerak "familia eredu zuri eta nuklear bat" finkatzeko balio izan duela, eta horrekin apurtu nahi dute.

Sare sozialen bitartez alderdi politikoei zuzendutako ohar bat plazaratu dute: "E28a ez da zuen protagonismorako eguna; mesedez, ez etorri zuen pankarta, bandera edo bestelako bitartekoekin. Transbollomaribi kolektiboari atxikimendua eguneroko eginkizunekin emateko aukera duzue".

Ibilbide luzea Araban

Ekainaren 28aren atarian, Lumagorri Heterosexismoaren aurkako Taldeak eta Hala Bideok egindako Bide zuzena, ibilbide okerrak dokumentala berreskuratu nahi izan dugu.

2019an estreinatutako ikus-entzunezko lan honek Gasteizko LGTBQ kolektiboen azken mende laurdeneko historiaren birpasoa egiten du, 1993tik 2018ra. Dokumentalaren zatirik handiena gaztelaniaz dago, baina euskarazko azpidatziak ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide