Celta6 |
Alaves0 |
Etxetik kanpo Alaves ematen ari den itxura erabat penagarria izaten ari da. Aurrekoan Espanyolen aurka ez zen gauza izan jaurtiketa bat bera ere egiteko. Celtaren aurka plisti-plasta egiten aritu izan dira eta gol zaparrada ederra jaso du. Realaren aurka partida borobila egin ondoren, bazirudien taldeak neurria hartuko ziola txapelketaren mota honi. Baina, ezta hurrik eman ere!
Okerrena ez da jipoi galanta jasotzea, berdegunean emandako itxura baizik. Bi penalti, txartel gorri bat zuzena eta gehiagorik ez. Beharbada, Roberto atezainak egindako geldiketak dira aipatu behar den gauza bakarra. Horrez gain, partidak utzitako zapore gozoa Javi Lopez eta Paulino gazteen debuta izan da, ezbairik gabe. Halere, egutegi bete-betea izateak hutsak segituan konpontzeko aukera ematen du.
Partida hasi eta berehala maldan gora jarri zaio neurketa talde arabarrari.
Partida hasi eta berehala maldan gora jarri zaio neurketa talde arabarrari. Izan ere, hamahirugarren minutuan Murillok buruz 1-0koa jarri du markagailuan. Taldea ia-ia tarterik izan gabe partidan sartzeko Fejsak egindako penaltia etorri da, eta, nola ez, Iago Aspasek ez du hutsik egin. Hori gutxi balitz, ordu erdia bete aurretik Martin atzelariak txartel gorria zuzena ikusi du Rafinha erdilariari egindako sarrera gogor bateagatik. Handik gutxira etorri dira Rafinha beraren bi gol ederrak eta jokalariak 4-0ko markagailuarekin joan dira atsedenaldira.
Bigarren zatian, Alaves erabat etsita Celtaren eskuetan izan da. Galiziarrek erakustaldia eman dute. Gainera, eguraldia lagun, hondartzan izango balira bezala aritu dira. Hau da, patxadaz, gozatuz, baloiak loratuz… Horren ondorioz, penaltiz Nolitok bosgarrena egin du, eta, partida bukatzear zela, aurrelari honek ere pase bikaina eman dio Santi Minari seigarrena egiteko.
Eskerrak egindako hutsa berehala ahaztuko dugula, izan ere, datorren asteazkenean, ekainaren 24an, 19:30ean derbia izango da Osasunaren aurka. Ea gutxienez etxean gauzak behar bezala egiten diren.
Datuak
- Celta: Ruben; Kevin, Murillo (72’. Aidoo), Araujo, Olaza; Okay Yokuslu (46’. Bradaric), Fran Beltran (64’. Brais Mendez), Denis Suarez; Rafinha (46’ Nolito), Iago Aspas (64’. Santi Mina), Smolov.
- Txartel horiak: 16’. Okay Jokuslu
- Alavés: Roberto; Martin, Laguardia (46’ Ely), Magallan, Javi Lopez; Borja Sainz (31.’ Ximo Navarro), Fejsa, Pere Pons, Edgar (83’ Luis Rioja); Joselu (57’ Burke), Lucas Perez (46’. Paulino).
- Txartel gorria: 26’. Martin
- Txartel horiak: 14’. Lucas Perez
- Golak:
- 1-0: 13’. Murillo.
- 2-0: 20’. Iago Aspas (penaltiz).
- 3-0: 39’. Rafinha.
- 4-0: 41’. Rafinha.
- 5-0: 78’. Nolito (penaltiz).
- 6-0: 86’. Santi Mina.
Balaidos futbol zelaia
Harmailak huts-hutsik, ordezko jokalariak musukoekin eta neurriak hartuz. Dagoeneko ez gara harritzen jendea ez dagoelako harmailetan. Telebista, nolabait esateko, gauza baita itxura emateko. Hau da, batzuetan ematen du jendea dagoela harmailetan. Gainera, taldeek zaleen oihuak jartzen dituzte bozgorailuetatik, eta ematen du bizi-biziak direla neurketak.
Alde Zaharreko tabernetan partidari begira
Eguraldi primerakoa Alde Zaharrean eguerdiko poteoa egiteko terrazaz terraza. Horietariko batean, telebista kalean jarrita, ikusteko parada ezin hobea izan dugu, eta bertan entzundakoak honako hauek izan dira:
- Ordubiak, hau ez da ordu bat futbolean aritzeko, poteatzeko baizik.
- Ikusiko dugu gure Garitano maitiak zer-nolako hamaikakoa zelairatuko duen! Ai ene! Baina zer itxura kaxkarra, ezta? Zelai erdia erabat berria baita. Gutxienez, gazteak, Javi Lopez jarri du atzealdean. Ea aukera aprobetxatzen duen! Pacheco, zer? Badirudi taldetik alde egin nahi duela eta horrexegatik ez du jarri atepean.
- Itxura kaxkarra dauka partida honek. Begira, 1-0 egin dute. Kaxkarra ez, penagarria. Hau da hau! Baina ze penaltia egin duzun motel. Etxetik kanpo ez dugu bururik altxatzen. Hau deskalabrua!!
- Bi eta huts eta orain Martin kalera. Baina zertan ari gara. Partida guztietan hamar jokalariekin jokatu behar al dugu?
- Bota dute partida. Ematen du bakarrik etxeko puntuekin konformatzen direla. Garbi izan behar dute gure helburua. Beno, hiru neurketako kotxoia daukagu. Hori asko da, baina ez lotan gozo-gozo izateko.
- Ez dago sinesterik, 4-0. Hau porrota! Hau itxura kaxkarra! Bota dute partida. Bigarren zatian sobran izango da.
- Mesedez, aldageletara. Alavesek denboraldi honetan egin duen partidarik txarrena, inongo zalantzarik gabe.
- Bigarren zatian, gauzak ez dira aldatuko. Orain Paulino berdegunera atera du. Gutxienez, bi gauza positibo, bi gazteen debuta. Garbi ikusten baita aurrera begira ari garela. Bai, bada, hurrengo denboraldirako taldea eginez, ez al da?
- Haiek gozatzen ari dira. Partida erraza, golak, gainera aurrerapauso jaitsira postuetatik aldentzeko. Buff, bosgarrena. Ea epaileak ahalik eta lasterren bukaera adierazten duen! Seigarrena. Baina zer da hau!
- Ze itxura eman duten! Negargarria. Beno, bada zer egingo dugu, hurrengo partida asteazkenean eta berriz ere derbia Osasunaren kontra.
- Ea Baskoniak beste itxura ematen duen eta Barcari irabazten dion!