Baskonia 79 - 72 Iberostar T.

Bide onetik jarrraitzen du Baskoniak

Aritz Mtz. de Luna 2020ko ekainaren 20a

Shengelia kapitania izan zen partiduko jokalaririk onenan. / Argazkia: ACB-Photo

Iberostar Tenerife mendean hartuta bere multzoko lidergoan jarraitzen dute gasteiztarrek. 

Kirolbet Baskonia

79

Iberostar Tenerife

72

Iberostar talde sendoa da, esperientzia eta kalitatea uztartzen duten jokalariak dituena, eta aulkitik gidaritzan beti Baskoniaren kontrako partidetan gauzak zail jarri izan dituen Txus Vidorreta bilbotarra entrenatzaile duena. Osagai horiek denboraldi osoan zehar talde sendoenetarikoa izatera eraman dute, baina ez-ohiko liga bukaera honetan horrekin ez dute nahikoa izan oraingoz kanariarrek.

Baskonia, gaur gaurkoz, talde sendoagoa da, fisikoki indartsuagoa eta jokalarien errotazio zabalagoa duena. Horri esker, eta defentsa lana oinarri, bigarren garaipena erdietsi zuten Ivanovicen mutilek bart iluntzean. 

Hasieratik nagusitu ziren gasteiztarrak eta partida osoan zehar aurretik egotea lortu zuten. Halere, ezin esan garaipen erraza izan zenik. Vidorretaren aginduei jarraituz, jokalariek ez zuten amore eman eta minutu gutxiren faltan bost puntura murriztu zuten aldea.

Baskoniak burua hotz mantenduta bigarren garaipena eskuratzea lortu zuten azkenik. Horrenbestez, lidergoan jarraitzen dute gasteiztarrek, bi garaipenekin Bartzelonarekin berdinduta. Eta hain zuzen katalanak izango dira aurkariak hurrengo partidan (igandean, 21:30).

Norgehiagoka horrek erabakiko du nor izango den multzoko liderra, eta final-erdietarako txartela eskuratzeko hautagaia nagusia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago