Arabako herriek 36 milioi euro lor ditzakete sare energetikoen gaineko tasa batekin

Erredakzioa 2020ko eka. 19a, 12:00
Gasteizko sare elektrikoaren azpiestazioa Arratzua-Ubarrundian. / GOOGLE MAPS

EH Bilduk diru-iturri berri bat proposatu du toki-erakundeak finantzatzeko: elektrizitatea eta gasa garraiatzeko sareen gaineko tasa bat ezartzea. Auzitegi Gorenak babesten du, eta Arabako herriek finantzatzeko balia dezakete.

Arabako toki-erakundeek elektrizitatea, gasa eta hidrokarburoak garraiatzeko sareetatik kobratu dezakete, eta horren gaineko tasa berri bat sortzea proposatu du EH Bilduk, herriek diru-iturri berri bat izan dezaten.

Izan ere, gaur egun, udalerriek elektrizitate eta gas-konpainia horien fakturazioaren %1,5 kobratzen dute. Baina Toki Ogasunak arautzen duen 2004ko Legeak dio elektrizitate, gas, ur eta hidrokarburoen enpresek tasa bat ordaindu behar dutela udalerriak zeharkatzeagatik.

Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak eta Javier Argote Arabako Batzar Nagusietako prokuradoreak aurkeztu dute EH Bilduren proposamena. Aurreikuspenen arabera, toki-erakundeek 8,25 eta 36 milioi euro artean jaso ditzakete tasa horren bitartez.

Tokiko ogasunek diru-iturri berriak bilatu beharko dituzte, aurtengo eta hurrengo urterako diru-bilketan espero den beherakada arintzeko. "Garrantzitsua da modu bidezkoan egitea, eta gas eta elektrizitate-konpainia handiek ekarpena egin dezakete eta egin behar dute, gurea den lurzorua okupatzeagatik", azaldu du Auzmendik.

Txelo Auzmendi Asparreneko alkatea eta Javier Argote Batzar Nagusietako prokuradorea. / EH BILDU

 

Auzitegi Gorenaren irizpidea

Duela gutxira arte enpresek ez dute ordaindu, tasa bera onartzen ez zutelako edo neurriz kanpokoa zela uste zutelako; EH Bilduk azaldu duenez, "sistematikoki auzitara jo dute". 2017. urtean, ordea, Auzitegi Gorenaren epai batek tasa hori ordaindu behar dela zehaztu zuela gogorarazi du Asparreneko alkateak.

Tasa hori ezartzeko lurzoruaren balioa kontuan hartzen da, tipologiaren, merkatuan duen balioaren eta metro lineal bakoitzari dagokion metro koadroko okupazioaren arabera.

Elektrizitate-sareen kasuan, ordaindu beharreko kuota 3.000 euro eta kilometro linealeko 12.000 euro artekoa dela kalkulatzen da, kasuaren arabera, tentsio baxu, ertain edo altukoa den kontutan hartuta. Gasari dagokionez, 500 eta 4.000 euro artekoa da Arabako toki-erakundeek lortu dezaketen diru kopurua.

Arabako sare energetikoaren kilometroak neurtzea ez da erraza, eta, EH Bilduko kideek azaldu dutenez, datuak enpresa pribatu baten esku daude egun. Hala ere, Araban eskura izan dituzten azterlan batzuen arabera, badira 1.500 kilometro lineal gasa garraiatzeko, eta beste 2.500 kilometro lineal goi-tentsioko eta erdi-tentsioko energia elektrikoa garraiatzeko.

Datu horien arabera, Araban 7,5 eta 30 milioi euro artean sar daitezke elektrizitate eroanbideen gaineko tasaren bitartez; eta 750.000 euro eta 6 milioi euro artean gas eroanbideen gaineko tasarekin.

Legeak baimentzen duen arren, Arabaren kasuan ur hodiak proposamenetik kanpo geratuko lirateke, gaur egun publikoak direlako. Hala ere, posible da etorkizunean zuntz optikoa tasa horren barruan sartzea. Izan ere, tasa hori datorren ekitaldiari begira ezartzea aztertzen ari da Gasteizko udal gobernua, EH Bilduk proposatu ostean.

Segurtasun juridikoa

Arabaren kasuan, toki-erakundeei dagokie tasa hori kudeatzea, baina informazio hori eskuratzea "oso zaila" da, multinazional handi horiek euren "makineria juridikoa" martxan jarri ohi dutelako tasa ez ordaintzeko, Javier Argote EH Bilduko batzarkidearen arabera .

Hori dela eta, ordenantza horiek egiterako orduan toki-erakundeei aholkularitza eta laguntza eman diezaiela eskatu dio EH Bilduk Aldundiari, ostiral honetan Batzar Nagusietan erregistratu duen mozio batean. Bertan, azterlan juridiko, ekonomiko eta tekniko bat egiteko, eta ordenantza hau onartzeko interesa duten toki-erakundeekin elkarlanean aritzeko eskatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide