Koronabirusa

Alavabusek zerbitzu guztiak %100ean izango ditu martxan astelehenetik aurrera

Erredakzioa 2020ko eka. 19a, 11:00

Alavabus herriarteko foru lineen %100 martxan izango dira astelehenean. / AFA

Osasun krisian zehar zerbitzuak murriztu ostean, ekainean bidaiari kopurua hirukoiztu egin da. Azken asteetan zerbitzuak pixkanaka berreskuratzen joan da Alavabus, eta ekainaren 22tik aurrera %100ean izango da herriarteko foru garraioa.

Alavabus herriarteko lineen zerbitzuak osasun krisiaren aurreko eskaera lehengoratuko dute, eta horietako %100 izango dira martxan astelehenetik aurrera, normaltasun berrian arabarren mugikortasuna bermatzeko.

Hala, Araba erdialdeko, Aiaraldeko eta Arabako Errioxako linea guztiak, eta Gasteiztik Durangorako zein Miranda Ebrorako lineen zerbitzuen %100 martxan izango dira. Salbuespen bakarra ibilbide luzeko lineak izango dira, alegia, Bilbo-Iruñea eta Bilbo-Logroño, jatorria eta helmuga Arabatik kanpo baitago; bi linea horietan hasierako eskaintza %50ekoa izango da.

Izan ere, bidaiarien kopurua hirukoiztu egin da azken hilabetean, eta 1.500 bidaiari izan dira egunean, batez beste. Hortaz, Arabako foru garraio publikoa modu jasangarrian mugitzeko ardatza izatea nahi du Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatu Javier Hurtadok.

"Mugikortasun jasangarria sustatzea legegintzaldi honetako politiken lehentasunezko ardatzetako bat da; sailak garraio publikoaren aldeko apustu sendoa eta argia egiten du, eta horren froga da zerbitzuen %100 eskaintzeko erabakia", adierazi du.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatu Javier Hurtadok. / GASTEIZKO UDALA

 

Udako ordutegia

Bestalde, erabiltzaileek ordutegiak argi izan ditzaten, astebete aurreratuko dute udako ordutegia bi denboraldi eta ordutegi ezberdinak dituzten foru lineetan. Udako ordutegia uztailaren 1ean hasi beharko litzateke, baina ekainaren 22ra aurreratuko dute salbuespenez, irailera arte, egun gutxiren buruan aldaketak egin beharra saihesteko.

Segurtasun neurriak

Indarrean jarraituko dute foru garraioan erabiltzaileen eta langileen osasuna babesteko segurtasun neurriek, besteak beste:

  • Derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.
  • BAT txartelarekin ordaintzea gomendatzen da.
  • Lehenengo ilarako eserlekuak ezin dira erabili.
  • Ibilgailuaren atzeko atetik sartu behar da.
  • Garbiketa, desinfekzioa eta aireztatzea areagotu dira.

Segurtasun neurri horiek Eskualdeko Garraio Zerbitzua ematen duten ibilgailuetan ere aplikatzen dira. Hurtadok azaldu duenez, gainera, 4.200 arabarrek erabili dute zerbitzu hori martxoan, apirilean, maiatzean eta ekaineko lehenengo hamabostaldian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago