Alaves 2 - 0 Real Sociedad

Alavesek balio handiko garaipena lortu du Realaren aurka

Ibon Gorrisi 2020ko eka. 19a, 09:00
59. minutuan etorri da Borja Sainz aurrelari gaztearen gola. / LA LIGA

Merezimendu osoz irabazi du harrobiko bi jokalariek sarturiko golei esker.

Alavesek garaipen oso baliotsua lortu du Realaren aurka. Puntuak behar beharrezkoak ziren jaitsiera postuetatik aldentzeko. Merezimendu osoz irabazi du oso lehia serio jokatu duelako. Gainera harrobiko bi jokalariek sarturiko golei esker etxean gelditu dira hiru puntuak.

Arabarrek sendotasun ikaragarria erakutsi dute atzealdean. Izan ere, Realak ia-ia ez du gol aukerarik izan. Hasierako minutuetan aukeratxo txikia izan du, baina hortik aurrera etxeko taldea izan da jaun eta jabe. Lehen zatian, gipuzkoarrek baloiaren jabetza izan dute, eta alderik alde mugitu dute, baina inongo sakontasunik gabe. Alavesek lehen zatian arazorik gabe eutsi egin dio Realak sorturiko joko eskasari. Halere, ondo egindako pare bat kontraerasoetan arriskua eraman du Remiro atezainaren atera. Gauzak horrela, hutsnako berdinketarekin joan dira jokalariak aldageletara.

"Alavesek garaipena nahi zuen eta ez du zirrikiturik utzi"

Bigarren zatian, etxeko taldeak aurrerapausoa eman du eta partida ahalik eta lasterren haustera atera da. 59. minutuan etorri da Borja Sainz aurrelari gaztearen gola. Hasiera batean epaileak ez du balekoa eman baina gero bideoz lagundurik markagailura igo da. Norgehiagoka bideratuta zegoen. Dena den, minutu asko gelditzen ziren eta bazirudien Realaren susperraldia etorriko zela. Halere, gauzak ez dira batere aldatu. Alavesek garaipena nahi zuen eta ez du zirrikiturik utzi. Ekinaren ekinez aritu da, atzealdean serio, eta sendotasunez jokatuz. Zelai erdian baloiak moztuz eta lapurtuz, eta aurrealdean behin eta berriz golaren bila.

Reala ezinean aritu da partida osoan zehar eta bigarren zatian zerbait sortu nahi izan duenean Alavesek ez dio inongo aukerarik eman. Gainera, lehia bukatzear zela Martinek bigarren gola egin du, eta etxekoak pozaren pozez joan dira aldageletara. Ia atsedenik gabe, hurrengo neurketa igande honetan izango da Celtaren aurka, Balaidos futbol zelaian, eguerdiko 14:00etan.

Datuak

  • Alaves: Roberto; Ximo Navarro, Laguardia, Magallan, Duarte; Borja Sainz (83’ Edgar), Tomas Pina, Camarasa (94’. Pere Pons), Luis Rioja (90’. Martin), Joselu, Lucas Perez (90’. Fejsa).
    • Txartel gorria: 86’ Toma Pina, (70’. eta 86’. txartel horiak).
    • Txartel horiak: 50’. Duarte.
  • Reala: Remiro; Zaldua, Aritz Elustondo (64’. Le Normand), Llorente (94’. Gorosabel), Aihen; Zubeldia, Odegaard (64’. Portu), Zurutuza (64’. Alcaide), Januzaj; William José (64’. Isak), Oyarzabal.
    • Txartel gorria: 81’. Zaldua (54’. eta 81’. txartel horiak).
    • Txartel horiak: 42’. Llorente, 48’. Aritz Elustondo.
  • Golak:
    • 1-0: 59’. Borja Sainz.
    • 2-0: 95’. Martin.

Mendizorrotza futbol zelaia

Harmailak hutsik, ez ohiko itxura. Pankartek zioten bezala, "zalerik gabe, pasiorik ez". Alaveseko jokalariek elastiko urdina eraman dute osasungintzako langileei omenaldia eskaintzeko. Partidaren hasieran minutu bateko isilunea gorde da pandemia honen ondorioz hildakoak gogoan izateko. Era berean, kapitainek lore eskaintza egin dute.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

Arratsalde eguzkitsua terrazetan partida ikusteko. Tabernetako barrualdean ere jendea elkartu da norgehiagoka ikusteko. Hona hemen egindako hizketaldiak:

  • Reala Europara begira dago. Partida oso gogorra izango da.
  • Gutxienez ohiko hamaikakoa aterako da. Eskerrak Joselu eta Lucas Pérez daudela. Bi hauek egonda seguru garaipena lortuko dugula.
  • Beno, bada, Realak zerbait egin nahi du. Hortxe izan du aukera Oyarzabalek.
  • Taldea ondo ari da, atzealdean oso sendo. Egia esanda oso ondo ari dira Ximo, Laguardia, Magallán eta Duarte. Oso serioak dira eta ez dute sekula santan inongo arriskurik hartzen.
  • Joselu eta Lucas Pérez beti hor daude borrokatzen. Ea baloiren bat harrapatzen duten eta gola egiten duten.
  • Ondo, lehen zatian ondo. Taldea beste itxura ematen ari da eta ez aurrekoan Espanyolen aurka emandakoa.
  • Lehen zatian eutsi egin diogu Realari orain bigarren honetan golak egin behar ditugu.
  • Goooooooool! Jokoz kanpo, ez, ez ez da egia izango. Eskerrak bideoaren laguntza eskatu duela. Gola da, gola da. Ondo epailea, ondo egina. 1-0, hori da hori, gainera gazteak sartu du gola. Merezi zuen.
  • Orain sufritzera, ikusiko duzu Realak egiten duen aurrera.
  • Bada, ez, oso gaizki ari dira. Edo hobeki esan guk ondo jarrita gaude berdegunean.
  • Hiru puntuak behar beharrezkoak dira. Bai ala bai irabazi beharra dago.
  • Badoa, badoa partida eta garaipena eskura.
  • Martin, Martin, gola.
  • Oso ondo taldea, itxura oso emanez garaipena. Hiru puntuak eta jaitsiera postuak gero eta urrunago.
  • Hurrengo neurketa Vigon.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide