Gaur, ekainak 19, banatzekoak ginen aurtengo Bai Euskarari Sariak. Covid-19ak hankaz gora jarri dizkigu zeinbait aurreikuspen eta ez dugu ekitaldirik egingo, baina nahi genuke gure komunitatea saritu eta aitortu. Izan ere, aurten ez ditugu hiru sari bakarrik eman nahi. Gure komunitatean jarraitzea, egoera latzenetan ere euskararen aldeko apustua egitea sarituko dugu aurten; 1.344 saridun izango ditugu.
Bai Euskarari komunitatea osatzen duzuen guztiok ari zarete, bakoitza bere arloan, euskarak geroz eta espazio gehiago izan ditzan eragiten. Bai Euskarari Sarien bidez arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi izaten ditugu. 1.344 entitateok zarete eredu eta ZORIONAK eta ESKERRIK ASKO esan nahi dizuegu horregatik.
Une zailak bizitzen ari zarete Bai Euskarari komunitatea osatzen duzuen entitate asko eta asko, baita Bai Euskarari Elkartea bera ere. Azken hilabete hauetan lanean aritu gara gure komunitateari eskaintzen dizkiogun tresnak eta baliabideak hobetzeko eta berriak sortzeko. Era berean, datozen hilabeteotan komunitateko entitateei eskaintzeko neurri-zerrenda bat osatzen ari gara. Elkar zaintzea eta elkar babestea baita kontua. Une honetan komunitatearen elkartasunaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, ahal dugun neurrian elkar babestuz eta lagunduz.
Aurrera egiteko eta babesteko beharrezkoa dugu elkarrekin egotea, elkarrekin lan egitea, elkar zaintzea eta elkarrekin saretzea. Jarrai dezagun geroa elkarrekin eraikitzen, euskaratik eta euskaraz.
Ekitaldiaren eguna izanik, urtez urte Bai Euskarari Saria jaso dutenak ere gogoratu nahi genituzke gaur:
2009 JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe.
2012 Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (Athletic).
2014 Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz.
2015 Euskal Herria Esnea, Nekatur eta Gaizka Garitano.
2016 Sorginen Museoa eta Lezea (Zugarramurdi), Laneki eta Mikel Lezamiz (Mondragon).
2017 Miren Fuldain Farmazia (Getaria), Zergatik (Urnieta), Joxemari Sors eta Jon Jaka (Elkar Fundazioa).
2018 Talleres Mitxelena, Fideslan, Jon Garaño eta Aitor Arregi.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.