Betiko erratzak, akelarre berriak

Ane Pedruzo 2020ko eka. 19a, 08:00
Eguzkilorea, Maurgako etxe batean. / Ane Pedruzo

Udako solstizioa ate joka dugu. Ezin galduzko su-erritua, oraingo honetan erratzari musukoa gehituta batuko diren sorginentzat. Eta ez dira gutxi izango, bestelako suetan erretako sorginen oinordeen sarea gero eta zabalagoa da eta, baita Araban ere.

 

Sorgina pirulina... ipurdia zikina?

Izenak izana dakarren heinean, badira sorginen etimologiaren inguruko irakurketa ederrak: zorte-egina edo sortu-egina. Bata zein besteari magia dario: zortea dakarrena; sortzen duena.

Patriarkatua, eliza eta kapitalismoaren eraginez, baina, bestelako sorgin ereduak nagusitu dira iruditeri kolektiboan: emakume itsusi eta zaharrak batetik, eta bere edertasuna baliatuz hirugarrenak (gehienetan gizonak) sorgintzen dituztenak bestetik. Biak ala biak gaizkia barruan dutenak, azalean; sakonean, egitura ekonomiko eta politikorako mehatxu direnak, eta horregatik, zigorra merezi dutenak.

Amaia Nausia historialariak dioenez, sorgin ehizaren hastapena XVI. mendeko feudalismotik estatu modernoen sorrerarako trantsizio garaian kokatzen da, patriarkatuaren errotzearen testuinguruan. Europako biztanleriaren herena akabatu zuen izurriaren ondorioz, demografia estatu gaia zen, eta emakumeak familia egituraren bitartez estatuaren mesedetan doktrinatzea ezinbestekoa zen. "Gizakiak produzitzeko" helburuarekin bat egiten ez zutenak arazo bat ziren. Ziklo naturalak alboratzea eta produkzio sistemara egokitzea ezinbestekoa zen. Kapitalismoak hortik edan zuen, emakumeen gorputzen ustiatzeari natura eta gizakiaren esplotazioa gehituz. Europatik harago, itsasoz besteko kolonietan ere eredu hori inposatu zen.

Irantzu Lekuek egindako sorginen horma-irudia, Zekuianoko tunelean. / A. Pedruzo

 

Sorgin bezala epaitu, torturatu eta eraildako emakume horietako asko ezartzen ari zen sistemarentzako arriskua suposatzen zuten emakumeak ziren: ondareak kudeatzen zituzten ezkongabe eta alargunak; naturaren zikloen eta sendabelarren ezagutza zutenak; sendalariak; sexualitatea askatasunez gozatzen zutenak, ugalketarako adinean egon edo ez; ugalketa prozesuak kudeatzen zituzten emaginak, haurdunaldiak nola ekidin edo eten zekitenak; espiritualki eta emozionalki trebeak ziren aholkulariak... Komunitatearentzat beharrezkoak ziren, boteretsuak.

Sorgina pirulina… emakume ederra!

Feminismoaren bidetik sorginen inguruko bestelako narratibak ugaritu dira, baita ikuspegi alternatibo horiekin bat egiten duten protagonistak ere. Arabara etorrita, botereak zehaztutako bidetik ateratzeagatik epaitu eta zigortutako Magdalena de Elorza, Maria de Ulibarri, Ana de Corres, Agueda de Murua eta beste askoren arima ez da galdu, eta gero eta gehiago dira, sasien gainetik irrintzika eta lainoen azpitik aske bizitzeko hautu irmoa egin duten emakumeak.

Ana Escoda Banchs, Nora Ziarsolo Garate (1984), Silvia Burgo Muñoz (1976), Naiara Paramo Argote (1983) eta Maite Garcia de Kortazar Jonas (1985) horietako batzuk dira.

Ana ibilbide luzeko dantzaria eta psikologoa da, psikologoa eta dantzaria. Oso gaztetik uztartu nahi izan ditu bi arloak, banaezinak ziren (eta dira) beretzat. 5 erritmo delako dantza-meditazioak gidatzen ditu Hermes zentroan, besteak beste. Nora emakumeen gorputzaren eta sexualitatearen jabetzea ahalbidetzen duten prozesuak eta zirkuluak zabaltzen dihardu, orain arte genero aholkulari lanarekin uztartuz, eta gaur egun aurrera erditu berri duen Bizigarri izeneko proiektu holistikoaren baitan. Silvia emagina da. (https://www.silviaburgo.com) Osasun sistemaren barruan hainbat urtez lan egin badu ere, betidanik izan du argi erditzeak etxean artatu nahi dituela, eta bere hiru seme-alabak etxean izan ditu. Naiara fisioterapeuta da, eta Igaro zentroko sortzaileetako bat. Nutrizio zelular aktiboan espezialista, terapia miofaszialetan eta erraien patologian aditua… Tituluetatik harago, bere burua sendalaritzat du. Maite Lamia biokosmetika egitasmoaren sortzailea da. Ia 3 urte daramatza naturak emandakoekin azala maitatzeko olioak eta kremak sortzen, Maurgako egoitza eta Gasteizko laborategiaren artean.

Euren buruari sorgin izaera aitortzea zailagoa zaie batzuei besteei baino. Ziarsoloren iritziz, garrantzitsua da sorginen idealizazioan ez erortzea: "Sorgina bere garaiko mundu-ikuskerari lotutako emakume arrunta zen, bere gorputzarekin eta naturarekin konexioa handia zuena, bere kontraesan eta arazoekin". Sorgin garaikideak irudikatzean, zalantzatiago azaltzen da: "Beharbada gure ziklo, erritmo eta naturarekin konektatuagoak egoteko eta gure gorputzarekin adiskidetzeko prozesuan gauden emakumeok bat egingo genuke sorgin modernoaren kontzeptuarekin". Argiago du gurean sorginak euskaldunak, feministak, ekologistak… eta bestelako borroka-ahizpetan iaioak direla: "Hemengo sorginak euskaraz eta euskaratik bizi du bere gorputza. Sexualitatearen esanahi berriak barneratu eta genero arauak desegiten ditu, bere gorputz barruko heteropatriarkatua eta kapitalismoa hil nahi ditu, kanpokoa gero eta ahulagoa izateko. Badaki gorputza eta natura bere lurraldea eta etxea direla. Egungo sistema politiko-ekonomikoak eta kontsumo eredu hegemonikoak bere etxea den ingurumena zenbateraino kaltetzen duen jakitun da eta eta koherentziaz jokatzen saiatzen da".

"Espiritualak dira, logika eta arrazoitik harago ikusteko gaitasuna dute sorginek"

Ana Escoda

Maitek, bere aldetik, besteen onurarako lanean aritzen diren emakume jakintsutzat ditu sorginak: "Ni sorgina izateko ikasten nago". Escodaren aburuz, "sorginak espiritualak dira eta logika eta arrazoitik harago ikusteko gaitasuna du. Senari kasu egiten diote, naturaren prozesuetan eta pertsonen ahalmenetan konfiantza dute. Pertsona bakoitzaren beso batean gaixotasuna eta bestean sendabidea dagoela sinesten dute". Eneagraman aditua, eneatipo adina sorgin dagoela uste du. Bera "Mary Poppins eta Samantharen arteko sorgin bihurria" dela dio.

Naiararentzako sorginak magia duten pertsonak dira: "Denok dugu magia bat: bilatu behar duguna (hori da zailena), onartu eta sustatu". Silvia sistemarengatik baztertua sentitzen den heinean aitortzen da sorgin: "Oraindik ere, XXI. mendean emaginok emakumeak manipulatzen eta engainatzen dituzten sorgin gaiztoen moduan ikusiak gara. Hain gara handiak, ezen profesional kategoria anitzek emaginon prestigioarekin bukatu nahi duten. Nik emakumeen haurdunaldiak, erditzeak, edoskitzaroak… lapurtzea ekiditen duen sorgina izan nahi dut, nire erratzean leku seguru batera eramango dituena".

Ezarritakoaren bestelako ikuspegi bat zuten, duten eta izango duten emakumeak dira sorginak; beste modu batzuk bilatzen dituztenak; hegemonikoa ez den hori egiteari beldurra badiote ere, egiten dutenak, eta horregatik periferiara alboratuak izan ohi direnak. Anak, Norak, Silviak, Naiarak eta Maitek, hegemoniatik urrun kokatzen den bizimodu-hautua eginda, erabakitasunez egiten dute aurrera.

Akelarrean!

Katalunian sortua, Ana Escodak bizitza osoa eman du "bere burua bilatzen, bere egirik zintzoena eskaini ahal izateko: gorputzaren eta mugimenduaren bitartez sendatzeko beharrari lotutako egia". Txikitatik dena dantzatu izan du: maitemina, tristura, bakardadea… Bere buruarekin konektatzeko modua zen. Ahal zuen guztietan leihoak ireki eta ilargiari dantzatzen zion. Dantza profesionalak New Yorkera eraman zuen eta, dioenez, bertan abiatu zuen bere sorgin abentura. "Une hartan ezagutu nituen Gabrielle Roth-en 5 erritmoak eta xaman hiritarraren kontzeptua. Oso konektatuta sentitu nintzen ideia horrekin". Dantzaleku eta tekniketatik harago, bakoitzak berezkoa duen dantza duela ulertu zuen orduan. Ostera, lesio gogor baten ondorioz, dantzatzeari utzi behar izan zion; baina ametsetan bere pasioari eutsi zion. "Haustura pertsonalak barrura begira jarri ninduen. Berriz dantzatzen hasi nintzenean beste toki batetik egin nuen, perfekzioa, lehia, birtuosismoa… alboratuz. Dantza sendabide moduan bizitzen hasi nintzen".

Gorputzaren eta mugimenduaren bitartez sendatzeko bidea egin du Ana Escodak. / Victor Hugo

Azken hamar urteetatik hona 5 erritmoetan erabat murgildurik dabil. "Erritmo-segida batez sortutako olatuaren bidez bost elementuak zeharkatzen ditugu. Lurrak zure gorputz fisikoa aztertzera gonbidatzen gaitu. Suak emozioetara eramaten zaitu eta urak askatzea eta arroztea dakartza, joaten uztea. Behin apurtuta, zahurgarritasunarekin konexioan, aireak hedatzen gaitu eta eter-arekin gelditasunean sartzen gara, barnekoa kanpokoarekin lotuz". Gaixotasuna izan da bere maisu gorena. Bere sendabidetik sentitu da gai hirugarrenei sendatzen laguntzeko. "Besteen blokeoak senti ditzaket. Denok egin dezakegun zerbait da, ikusteko modu bat da. Norberarekin konexioan egotea da abiapuntua. Arnasketak burua eta gorputzaren arteko zubi-lana egiten du. Bidea barrutik kanporakoa da", diosku apal.

Gorputza eta arnasa ezinbestekoak dira, baita ere, Nora Ziarsolo gasteiztarraren egunerokoan. "Nire bidea oso markatuta egon da emakume izaten nola ikasi dudan ohartzearekin: heteropatriarkatuak nola eta zenbateraino zeharkatu duen nire bizitza eta gorputza". Bere jabetze prozesua intelektualki eta arrazionalki egiten hasi zen, "baina ohartu nintzen nire gorputza ez zela konturatzen ari maila teorikoan deseraikitzen ari nintzen horretaz".

"Sorginak badaki gorputza eta natura bere lurraldea eta etxea direla"

Nora Ziarsolo

Horiek horrela, gorputza eta sexualitatea dimentsio sakon eta zabalagoetan ezagutzeko eta ulertzeko teknika desberdinak ikusi, bizi eta ikasi ditu: ginekologia autogestiboa, terapia menstruala, uteroaren eta aluaren konexiorako lanketak, rebirthing-a, arnasketa obarikoa… Egiten duen lana azaltzerako orduan, bere egiten du probatu ez duenak, ez daki zer den hau lema. "Gorputzarekin dugun deskonexioa lantzen saiatzen naiz, gorputza leku berri batetik bizitzen eta gozatzen. Dimentsio zabal honek sakontasun transzendental eta espirituala du, sexualitateak bizitzarekin konektatzen laguntzen digulako, bizirik sentiarazten gaitu". Dioenez, ez dira ezer ikasteko prozesuak, desikasi eta gogoratze prozesuak baizik: "Heldu zaigun ugalketarako balio ez duen sorgin zahar eta femme fatale irudi horrek zerikusi handia du emakumeok sexualitatearekin ditugun korapiloekin: ugalketarako eta besteentzako desio objektu izatera bideratuak izan gara, eta guzti hau deseraiki behar dugu. Jakinduria guztia gorputzean dugu jada, baina ahaztu dugu". Arnasketa obarikoak, esaterako, blokeatuta dagoen energia sexuala askatzeko eta zirkulatzeko aukera ematen du, eta "horrekin gorputza berpizten da, gogoratzen hasten da".

Bizigarri egitasmoa jarri du abian Nora Ziarsolok. / N. Ziarsolo

Norarentzat bere gorputzera bueltatzea hain izan da "indartsua, mingarria, eraldatzailea, bizigarria, pozgarria, gozagarria, sendagarria…" ezen beste emakume batzuekin konpartitzeko beharra sentitu zuela. "Minak sendatzen joan naizen ahala konturatu naiz ni neu naizela nire buruaren sendagarri. Emakume bezala bizitako minak ikasketa eta jakinduria bihurtzea alkimia egitea da. Zauri guzti horien atzean zeuden altxorretatik atera da egun eskaintzen dudana". Emakumeen zirkuluetan, bata bestearen sostengua eta bidelaguna dela dio: "Istorioak eta minak partekatzen dira. Niretzat hau da zauriei dimentsio politikoa ematea, tribuaren indarrarekin, sistemak desjabetutako gorputzak berreskuratzeko eta aldarrikatzeko, harreman berriak sortzeko, eta lapurtu diguten ahizpatasuna berreraikitzeko". Zirkuluen erdiguneko espazio hutsa emakumeen hutsune emankorrarekin alderatzen du: "Uteroaren emankortasuna mugagabea da, eta seme-alaba fisikoetatik askoz harago doa: proiektuak, ideiak, harremanak… gure burua eta bizitza erditzeko gaitasun mugagabea dugu. Energia sexuala benetan zer den ezagutzen hasten garenean konektatzen dugu emankortasunaren benetako esanahiarekin, kontatu diguten modu genital eta falozentrikotik askoz harago".

Norbere buruaren amatasun prozesuan dauden emakumeen zerbitzura dagoen doula dugu Nora. "Liluratzen nau emakumeak birjaiotzen eta euren buruak erdian jartzen ikustea".

Umeen erditzeak, momentuz, ez dira Noraren lan esparrua. Bai ordea Silvia Burgorena. Haurdunaldi eta erditzeetako prozesu fisikoez gain, emozionalak ere laguntzen ditu: "Etxeko erditzeak artatzen dituen emagina naiz", dio harro. Askotan egin du lan doulekin batera, eta kasu horietan erditzerako unean bera gehiago egoten da umeari adi, eta doula emakumearekin. Kasualitatez (edo ez), etxeko erditzeen egunaren bezperan (ekainak 6) egon ginen berarekin solasean.

Emagina izan aurretik erizain lanetan ibili zenean, enpatia falta handia sentitzen zuela aitortu du: "Nire erditzeetan artatu ninduten emaginak ezagutzerakoan konturatu nintzen osasun arloko langilea eta enpatikoa izatea bazegoela". Bera ama izan zeneko garaian etxean erditzeko aukerak topatzea ez zitzaion erraza suertatu. Baina lortu zuen, baita lekukoa hartu ere. Honezkero 55 erditze artatu ditu.

"Beldurrak askatasuna kendu digu. Ospitaleetan interbentzionismo handia dago"

Silvia Burgo

Historikoki emaginaren lana izandakoa ginekologoek bere egin izana eta erditze naturalak galbidean egotea tristuraz bizi du. "Duela 50 urte gure amonak etxean erditzen ziren. Egun etxeko erditzeak seguruak direnaren ebidentzia asko dauden arren, arriskutsua eta patologikoa bilakatu da". Dioenez, egungo erditzeen %90a ez da fisiologikoa: "Beldurrak askatasuna kendu digu. Ospitaleetan interbentzionismo handia dago, erditzeen denborak murrizte aldera farmako eta anestesia asko erabiltzen dira. Emakumeenganako eta jaioberrienganako konfiantza eza handia da". Emakume gehienek programatu zaizkien erditze datak gainditzen dituztela dio, 40. eta 41. astera helduz, "eta utziko balitzaie, asko 43. astera ere helduko lirateke". Bere ustez, induzitutako erditzeak bere horretan ez dira txarrak, baldin eta familiek informazio guztia badute.

Kontatzen duenez, bere hainbat bezero ziklo naturalekin konektatuta bizi dira, eta filosofia horri jarraiki etxean erditu nahi dute. Beste asko, ordea, zikloetatik harago, "ospitale esperientzia oso txarrak bizi izan dituzte eta ez dute berriz bueltatu nahi inondik inora".

Etxeko erditzeetan espezialista da Silvia Burgo emagina. / A. Pedruzo

Koronabirusaren garaian ospitale askotako erditzeen kalitateak are okerragora egin duela iritzi du: "Oinarri zientifikorik gabeko neurriak hartu dira, kontrol falta handia egon da eta familia askok inpotentzia handia sentitu dute erabakiak hartzeko ezintasunaren aurrean. MOEk berak esaten zuen amak positiboa emanda ere, ez zegoela justifikatuta jaioberria eta ama banatzea… Ikaragarria izan da".

Silviarentzat etxean erditzearen onurak asko dira: "Ematen dizun segurtasunetik hasita, etxeak mugimendu askea bermatzen dizu, gorputzak eskatzen dizunaren araberakoa. Kontrakzioak daudenean korridoretik ibiltzea oso ohikoa izaten da. Dutxa uneak ere egoten dira, baita lo-kuluxkak ere. Igerilekuko uraren beroa analgesiko oso ona da. Gainera bikotearen rola aktiboagoa da, gehiago eusten du emakumea. Guk tarteka jarrera zehatzak proposatzen ditugu, ezer inposatu gabe, emakumeari une oro erabakitzen uzten".

Katalunian gero eta zabalduagoak dauden erditze etxeen sorkuntza aldarrikatzen du, ospitaleen ondoan kokatuta, larrialdiren bat egotekotan gertu egoteko.

Naiara Paramo, ospitalean baino, bestelako esparruetan lan egitea nahiago duen horietakoa da baita ere. Egunero egiten du Legutio eta Gasteiz arteko bidea, beste hainbat emakumerekin abian jarri zuen Igaro zentrora joateko.

Aitortu duenez, bere bezeroen energia eta beharren araberako Naiara ezberdinak daude. Ogibideak asko lagundu dio den modukoa izaten: "Lehen, kontaktua asko kostatzen zitzaidan, jendea ukitzea. Nire lanbideak asko lagundu dit barnea eta emozioak garatzen, nire terapia pertsonalaren lehen urratsak ematen". Bere barnea lantzen hasi denetik askoz gehiago konektatzen du jendearekin, hobeto ulertzen ditu besteen beldurrak eta nahiak: "Kontaktuaren magia da".

"Denok dugu magia bat: bilatu behar duguna (hori da zailena), onartu eta sustatu"

Naiara Paramo

"Batzuetan bezeroek esaten digute sorginak garela. Nik sendalaritzat dut nire burua gehiago, laguntzen duen norbait", azaldu digu. "Igaron holistikoki egiten dugu lan, gorputzaren oreka estrukturala, emozionala eta erraietakoa bilatuz. Tratamenduetan gauza asko ateratzen dira, jendeak bere bizitza kontatzen dizu eta askotan entzute hutsarekin sendatzen ari zara. Laguntzeko modu asko daude, ezer egiten hasi aurretik egoerak entzuten jakin behar da".

Igaro zentroko sortzaileetako bat da Naiara Paramo. / Ane Pedruzo

Konfinamenduaren ostean, jendea oso txarto dagoela diosku. "Jende asko gurera heldu ahala negarrez hasten da. Badira senitartekoak galdu dituztenak, hilabeteetan inolako kontakturik izan ez dutenak… Horrelakoetan tratamendurik onena besarkada bat da, hitz egitea, entzutea, egotea".

Bere jardunaren %95ean faszia entzuten du: "Eskua jartzea eta gorputza entzutea asko gustatzen zait; ez da batere erasokorra, era honetan gorputza errespetatzen da. Gorputzak esaten didanaren arabera, han edo hemen askatzen noa. Fasziaren askatzea emozioekin oso lotuta dago. Terapiaren helburua nagusia ez bada ere, hein batean chacrak ere askatzen ditu".

Sendabelarrekin ere sarritan egiten du lan: "Panoramixen moduan edabeak egitea maite dut. Orekatu behar ditudan organoen arabera aukeratzen ditut sendabelarrak, edabe orekatuak lortzeko".

Hain zuzen ere, belar eta landareak dira Maite Garcia de Kortazarren bidelagun nagusiak, eta bere etxea natura. Duela urte batzuk azala asko okertu zitzaiola eta, sendabelarren inguruko ikastaroak egiten hasi zen, baita asko "engantxatu" ere. Lagun batek animatu zuen hain gustuko zuen mundu berri horretatik jotzera. Alor zientifikoa eta naturala uztartzen dituen Formula botanika eskolan 3 urteko formazioari ekin zion orduan: "Naturala eta zientziaren arteko nahasketa hori gustuko dut, beharrezkoa den funtsa dela uste dut". Dioenez, printzipio aktibo guztiak, jakinduria guztia, naturatik dator, "eta hori ahaztu dugu, ez digute azaldu, ez dugu gure erantzukizuna balitz bezala hartu, beste batzuen esku utzi dugu". Zentzu horretan, batzuetan mikromundu batean bizi denaren sentsazioa du, "nire inguruan jendeak izpilikua du, adibidez, eta badaki zertarako erabiltzen den… Baina oro har ez da horrela, dena eginda ematen digutelako".

"Sistemak ez du laguntzen nirea bezalako proiektuek aurrera egin dezaten"

Maite Garcia de Kortazar 

Bere inspirazioa basoaren, eta, oro har, naturaren lasaitasuna da. Ongizate hori sentiarazi nahi du sortzen dituen produktuen bitartez. "Zure buruarekin hobeto egotea, lasaitasun uneak izatea… azalaren ongizatearekin bat doaz. Azala gure ispilua da", kontatu digu. Bizitza azkarregi ez doan arren, gu bizitzatik azkarregi goazela dio: "Basoan nagoenean sentitzeari bide ematen diot. Basoan badago zerbait dena ondo dagoela sentiarazten didana. Baina horretarako gelditu behar; basoan egotea badagoelako, basoan benetan egon gabe. Sentsazio hori da olioen bitartez helarazi nahi dudana, norbere buruarekin egoteko uneak, arnasa hartu eta sentitzeko". Eta bide onetik doala ematen du: "Lagun askok esan didate nire produktu guztiek hari bat mantentzen dutela: baso usaina".

Lamia biokosmetika egitasmoa sortu du Maite Garcia de Kortazarrek. / A. Pedruzo

Lamia biokosmetika egitasmoarekin hasi zenean, bertako landareak erabiltzea zen bere asmoa, berak bildutakoak, baina ezarritako marko legalak ez zion horretarako aukerarik ematen. "Baratzean sendabelar asko ditut, baina merkaturatu ahal izateko uzta bakoitzaren mikrobiologia testak eta dokumentazio ugari egin beharko nituzke, eta horretarako diru asko behar da; las cremas del millón izango lirateke. Hala, kontraesan handiak daudela uste du: "Sistemak ez du laguntzen nirea bezalako proiektuek aurrera egin dezaten". Batzuetan bere lana erromantizatzen eta infantilizatzen dela sentitzen du eta ez zaio batere bidezkoa iruditzen: "Ez da bakarrik hippya eta bere krematxoak, negozio txiki bat ere bada, horrek dakarren guztiarekin".

Maitek ez du kosmetika hitza bereziki gustuko: "Ematen du apaintzeko zerbait dela soilik, baina kosmetika on batean sendatze parte bat ere dagoela uste dut", defendatu du. Guanajuaton jaioa, Mexikoko biztanleen polifazetikotasuna goraipatzen du: "Bakoitzaren barruan mila aukera daude. Mexikon jendea mila gauza da, behar dena aurrera egiteko". Eta horretan dabil bera, unean sentitzen duen aukeraren bidean, aurrera.

Temazcalli: izerditzeko etxea, nahuatl hizkuntzan. / A. Pedruzo

Maiterekin Maurgatik paseoan, Blanca bizilagunaren etxera heldu gara. Irakaslea, okina, xaboigilea… Blancak bertakoa zuen aita, eta aukera izan zuenen erroetara bueltatzea erabaki zuen. Mexikarrak bezala, Blanca ere gauza asko da, baita ortuak ematen dionarekin kontsumo talde txiki bateko arima ere, bere etxeko izenarekin bat egiten duen arima benetan "berezia". Bere etxe ondoko harizti ederrean duen temazcalli-a ikusteko egindako gonbidapena pozez jaso dugu. Temazcalli: izerditzeko etxea, nahuatl hizkuntzan. Mesoamerikako hainbat kulturek erritu sendagarri desberdinak egiteko erabiltzen zuten, eta egun ere erabiltzen da munduko txoko desberdinetan, Maurgan besteak beste.

Gehiago ezagutzeko moduko beste sorgintxo bat… lerro hauetan falta diren beste asko bezala. Su motelean hasitako sorgin-festa borborka dago honezkero. Zirkuluak zabaltzen jarraitzeko hurrengo hitzordua: solstizioko akelarrea!

Ikimilikiliklik!

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide