'Euskal Eskola Publikoaz Harro!' kanpainaren bideoa aurkeztu dute

Erredakzioa 2020ko eka. 18a, 11:16

Euskal Eskola Publikoaz Harro kanpainaren bideoa aurkeztu dute, hezkuntza komunitateari eskerrak emateko eta datorren ikasturtean "indarberrituta itzultzeko motorra" izan dadin.

Abenduan, EAEko Eskola Publikoaren aldeko hainbat eragilek Euskal Eskola Publikoaz Harro kanpaina abiatu zuten, eta, aste honetan, bideo bat aurkeztu dute, Euskal Eskola Publikoaren hezkuntza komunitateari eskerrak emateko.

Kanpainaren helburu nagusia Euskal Eskola Publikoaren garrantzia aldarrikatzea da, baina "sare publikoaren defentsan erakundeek agertzen duten utzikeria" salatu dute ere; izan ere, hezkuntza sistema "pribatizatzeko joera etengabeari" aurre egin nahi diote: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Eskola Publikoko hezkuntza komunitate osoari, eta bertako parte izateak harro sentiarazten gaituela adierazi nahi dugu".

Covid-19aren pandemia iritsi arte, 140 ikastetxek eta eragile ugarik bat egin dute Euskal Eskola Publikoaz Harro kanpainaren manifestuarekin, eta ikastetxe horietako hezkuntza komunitateen argazki masiboak jaso dituzte bideoa osatzeko.

Aste honetan kanpainaren bideoa aurkeztu dute agerraldi batean. / EHIGE

 

Kanpainan jasotako atxikimenduak eta argazkiak "hezkuntza komunitate bat egituratzen hasteko bultzada bat" izan direla diote: "EAEn Euskal Eskola Publikoaz harro dagoen eta ordezkari politikoei sare publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzea eskatuko dion hezkuntza komunitate bat" osatzeari ekiteko asmoa azaldu dute.

Bideoa ikastetxetako hezkuntza komunitate osoari zabaltzera gonbidatu dituzte herritarrak, datorren ikasturtean "indarberrituta itzultzeko motorra" izan dadin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide