Lehen garaipena poltsikora

Aritz Martinez de Luna 2020ko eka. 17a, 23:51

Erraz gailendu da Baskonia Bilbao Basketen kontrako lehen partidan (64-87).

Zapatila hotsak, jokalarien oihuak eta ezohiko isiltasuna harmailetan. Hori da saskibaloizaleek datozen egunotan biziko duten "normaltasun berria".

Duela zenbait aste Euroliga bertan behera uztea erabaki zuten denboraldia bukatzeko zailtasunak aurreikusirik; Endesa ligak, aldiz, ligako partida asko jokatzeke zituen arren, ez zion txapelduna izendatzeari uko egin nahi eta aparteko txapelketa formatua asmatu dute.

Denboraldiko hamabi talde onenak bi astez, kantxa bakarrean eta ohikoa ez den kanporaketa formatu batean izango dira aurrez aurre. Sei taldeko bi multzotan antolatu dira talde ezberdinak eta elkarren kontrako partidu bakarra jokatu ostean, talde bakoitzeko bi lehenak finalerdietarako sailkatuko dira. Formatu azkarra, huts egiteko aukerarik ematen ez duena eta fisikoki gogorra.

Hilabeteetan zehar ia entrenatu gabe egon ostean, talde bakoitzaren gaitasun fisikoak garrantzia handia izan dezake datozen egunotan, eta gaurkoan gasteiztarrak sasoiko daudela erakutsi dute, bilbotarrekin alderatuta bederen.

Lehen zati parekatua jokatu arren, bigarren erdian partida puskatu eta markagailuan alde handia lortu du Baskoniak, norgehiagoka bukatzeko minutu askoren faltan. Defentsa sendoa, eraso bizkorrak eta hiruko marraz atzetik asmatzeko gaitasuna izan dute Ivanovicen mutilek. Aipatzekoa hilabete askotan zehar min hartutako Vildoza eta Granger joko-antolatzaileek uztaia txikitzeko erakutsi duten sasoi puntua.

Horrenbestez, lehen garaipena poltsikora, eta final-erdietarako txartela lortu nahi badute, garaipenak bata bestearen atzetik eskuratzen jarraitzea beharrezko izango dute halabeharrez. Porrota garesti saldu beharko du ligako txapeldun izan nahi duen taldeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide