Gazte Sortzaileak Beka deialdia zabalik, abuztuaren 28ra arte

Erredakzioa 2020ko eka. 16a, 13:30
Arabako gazte sortzaileek abuztuaren 28ra arte aurkeztu ditzakete proiektuak. / GAZTE SORTZAILEAK

Gazteek euskaraz sortutako ekitaldi kulturalak diruz laguntzeko 2020ko Gazte Sortzaileak Beka deialdia abiatu dute Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Oihaneder Euskararen Etxeak. Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago abuztuaren 28ra arte.

16 eta 35 urte bitarteko gazte sortzaile arabarrek euren proiektuak aurkeztu ditzakete jada aholkularitza profesionala eta 4.000 euroko diru-saria eskaintzen dituen 2020ko Gazte Sortzaileak Beka deialdira.

Proiektuak 2020ko abuztuaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira Gasteizko Udaleko Erregistro nagusian edota gizarte etxeetan. Horretarako, oinarriak ondo irakurri eta bi dokumentu bete beharko dituzte parte hartzaileek:

  • Eskabide orria: datu pertsonalak eta eskabidea.
  • Proiektua aurkezteko orria: proiektuaren nondik norakoak azaldu; besteak beste, proiektuaren izenburua, aukeratutako kategoria, arte adierazpen nagusia eta proiektuaren laburpena (gehienez 70 hitz) zehaztu beharko dira.

Aurreko dokumentuez gain, proiektu bat aurkeztu beharko dute hautagaiek, euskaraz, lana zehaztasunez azaltzeko. Luzera 2-4 orrialdekoa izan beharko da, eta jardueraren ezaugarri nagusiak jaso beharko ditu, gutxienez: argumentua, egitura, formatua, landu edo lortu nahi den helburua eta kronograma bat.

Horrekin batera, proiektua aurrera eramateko aurreikusten diren behar teknikoak eta aurrekontua zehaztu beharko dira ere. Aukeran, proiektuaren lagina edo erakusgarria aurkezteko aukera dago, edozein formatutan.

2019ko lanen aurkezpenak

Koronabirusak eragin duen ezohiko egoera dela eta, aurrerago adieraziko da 2019ko lan irabazleak noiz eta non estreinatuko diren:

  • Maketa: Edurne Azkarate (antzerkia).
  • Hormak zulatuz: Eñaut Gorbea (kale-ikuskizuna).
  • Ixa: Gorka Alvarez de Arkaia, Egoitz Diaz, Unai Portilla (APPa / ikus-entzunezkoa).
  • Kittorik ez!!!: Ane Gebara (antzerkia).
  • Hitzak dira hots: Uxue Ruiz de Arkaute (erakusketa).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide