Espanyol - Alaves

Alaves ezinean aritu da Espanyol taldearen aurka

Ibon Gorrisi 2020ko eka. 14a, 13:00
LA LIGA

Ia-ia partida osoan hamar jokalariekin aritu ondoren, azken sailkatuaren zelaian 2-0 galdu du.

Alavesek gatz eta piperrik gabeko partidan bi eta huts galdu du. Gaizki, oker, lekurik gabe, deseroso aritu da. Taldea ez da behar bezala neurketan sartu. Pacheco atezainak area ingurura ailegatu den lehendabiziko baloian huts nabarmena egin du. Handik gutxira, 18. minutuan areaz kanpotik baloiari eskuarekin heldu dio. Gonzalez Fuertes epaileak ez du inongo zalantzarik izan eta txartel gorria zuzena erakutsi dio. Jokaldi honek erabat baldintzatu egin du partidaren nondik norakoak.

Asier Garitanok Edgar Mendez kendu behar izan du, Roberto, ordezko atezaina, atepean jartzeko eta taldearekin debuta egiteko. Gerora onena izan da. Hortik aurrera aukera guztiak Espanyol taldearenak izan dira. Jokalari bat gutxiagorekin aritzeak zama izugarria izan da. Halere, Roberto atezainak geldiketa bikainak egin ditu lehen zatian zehar etxekoen golak eragozteko. Bazirudien neurketa golik gabe joango zela aldageletara, baina luzapenean Bernardok gola egin du eta maldan gora jarri zaio talde arabarrari.

Gauzak okertu dira bigarren zatia hasi bezain pronto. Izan ere, hasi eta bi minutura Wu Lei aurrelariak bigarrena egin du eta ia-ia erabakita utzi du neurketa. Handik aurrera ezer gutxi ikusi da. Etxeko taldearentzat, sailkapenaren zuloan sarturik, hiru puntuak hil ala bizikoak ziren. Horrexegatik, atzean sartu dira eta ez diote inongo zirrikiturik utzi Alaves taldeari arriskua sortzeko. Gainera, hamar jokalariekin aritzeak nekea sorrarazi du. Horren ondorioz, erasoan ezin izan dute asmatu. Gutxienez, okerren artean albiste pozgarria. Pina erdilaria lesioaren ondoren berriz berdegunean izan da.

Hasia da atzerako kontua eta okerreko hankarekin sartu da Alaves azken txanpa zorabiagarri honetan. Jaitsira postuak oraindik orain zazpi puntura daude baina datozen partidak oso gogorrak izango dira. Aukera paregabea galduta azken sailkatuaren aurka, aurrera begira beharra dago. Hurrengo partida Realaren aurka izango da datorren ostegunean, ekainak 18an, 19:30ean. Ezin hutsik egin!

  • Espanyol: Oier; Javi Lopez, Bernardo, Cabrera, Didac; Mar Roca, David Lopez (84'. Iturraspe), Embarba (50'. Darder), Oscar Melendo (77'. Vargas); Wu Lei (50'. De Tomás), Calleri (84'. Ferreyra).
  • Txartel horiak: 3'. Embarba, 25' Wu Lei, 72'. De Tomás, 84'. Calleri.
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Ely (55'. Luis Rioja), Duarte; Martin, Camarasa (81'. Borja Sainz), Fejsa (55'. Pina), Edgar (21'. Roberto); Aleix Vidal (46'. Pere Pons), Burke.
  • Txartel gorria: 18'. Pacheco (areaz kanpotik eskuekin baloia hartuko duelako).
  • Txartel horiak: 52' Laguardia, 64'. Luis Rioja, 77'. Burke.
  • Golak:
    • 1-0: 45+2'. Bernardo.
    • 2-0: 47'. Wu Lei.

RCDE Stadium futbol zelaia

Harmailak hutsik, kazetariak eta bakan batzuek bakarrik aukera izan dute futbol zelaira sartzeko. Koronabirusaren pandemiak eragindako hiru hilabete luzeko etenaldiaren ondoren Alavesek estreinaldia izan du. Partidaren hasieran minutu bateko isilunea gorde da koronabirusak eragindako hildakoak omentzeko. Lehen eta bigarren zatian 30. minutuan jokalariek bost minutuko atsedenaldia izan dute. Ordezko jokalariek baita gainontzeko guztiek ere musukoa eraman dituzte eta beharrezkoa distantzia gorde dute.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

Eguerdiz eguraldi zoragarria izan dugu Alde Zaharreko tabernetako terrazetan, partida ikusi ahal izateko. Beharrezkoa diren neurriak harturik, hona hemen esan eta entzundakoak:

  • Erabat arraroa da zalerik, jenderik gabe harmailak izatea. Partida hauei arima falta zaie. Gu gara futboleko arima. Aspaldian Mendizorrotzean ateratako pankarta zioen: "Harmailetan zalerik gabe, musikarik gabe dantzatzea bezalakoa baita".
  • Hori bai egia borobila. Beno, bada, orain futbola horrela ikustea tokatu zaigu. Ea zer egiten duten. Espanyol azkena dago sailkapenean ea punturen bat urratzen dugun!
  • Gezurra dirudi, baina entrenatzaileen oihuak entzuten dira telebistatik.
  • Uf, Pacheco maitia! Zer ari zara. Lehenengo baloian huts ea sartzen diren partidan.
  • Beno, bada, Pacheco, zer egin duzu? Txartel gorria. Hori da hori hanka sartzea, hobeki esanda, eskua sartzea. Hemendik aurrera gorriak ikusiko ditugu.
  • Beno, bukatzear lehen zatian ea eusten diogun berdinketari. Kaka zaharra, Espanyolen gola. Gureak egin du. Bigarren zati oso ona egin beharko dugu partidari buelta emateko.
  • Beno, bada, bigarren gola. Agur, agur, partida kaxkarra eta gainera haiek puntuak behar dituzte. Taldea ez dabil. Egia esanda, horrela ez dago irabazterik. Lehen zatian ez dugu jaurtiketarik egin eta bigarren oso gutxi. Kornerrak ere ez ditugu atera. Pentsa ezazu zer nolako partida jokatzen ari garen.
  • Ea ahalik eta lasterren bukatzen den! Bukatu da, bukatu da, akabo!
  • Gutxienez, Pina itzuli da, jokalari garrantzitsua da.
  • Bufff, hurrengo partida Realaren aurka. Ikusiko dugu!!!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide