Distira gabe geratuko dira udako zeruak

Mirian Biteri 2020ko eka. 13a, 08:00
2018an, Frantziako Alpeetako Courcheveleko nazioarteko jaialdia irabazi zuen Valeceak; goiko irudian, eskainitako ikuskizunaren zati bat. VALECEA

Koronabirusak gogor astindu du Arabako pirotekniaren sektorea. Udarako jaiei begira, FML eta Valecea enpresek aurreikusita zituzten kontratuak bertan behera geratu dia, eta urtea bukatutzat ematen dute.

Garai latzak bizi ditu Arabako pirotekniak, gainerako beste alorrei bezala min handia egin diolako koronabirusak. "Martxotik dena dago geldi", laburbildu du Pirotecnia Valeceako kudeatzaile Aitor Valdecantos Martinez de Lezeak. Pirotecnia FML-ko kudeatzaile Miguel Martinez de Lezeak, bere aldetik, nabarmendu du gaur egun "ziurgabetasuna" dela nagusi: "Inork ez daki bihar zer gertatuko den, eta ziurgabetasun horrek dena beltza ikustera eramaten nau".

Araban hiru piroteknia enpresa daude. Añana aldean dauden FML eta Valeceak aisialdiarekin lotutako produktuak ekoizteaz eta saltzeaz gain, mundu osoan zehar antolatzen diren txapelketetan parte hartzen dute. Bestalde, Barrundiako Larrea herriko Lecearen hastapenak aisialdiarekin lotuta badaude ere, gaur egun itsas seinaleak egiten dituzte bertan. 

Valeceako kudeatzaileak azaldu du zortzi herrialdetan saltzen dutela Berantevillan ekoizten duten material piroteknikoa, eta bereziki Europan antolatzen diren jaialdietan ere parte hartzen dutela; 2018. urtean, esaterako, txapeldun ordeak geratu ziren Monaco art en ciel izeneko nazioarteko jaialdian, eta Courchevelekoa irabazi egin zuten.

Valeceako Aitor Valdecantos: "Dena geratu da, eta horrekin gure fakturazioaren %40 inguru".

Nabarmendu du nazioarteko salmentek "zertxobait salbatu" dituztela eta ez diotela lan egiteari utzi behar izan. Baina, gaineratu du urtea galduta dagoela, udara begira zituzten kontratu gehienak bertan behera geratu direlako: "Euskadin, Nafarroan eta Errioxan 120 tiro egiten ditugu normalean; aurten, Bilbon eta Tarragonan parte hartzeko gonbidatuta geunden, eta Gasteizen ere ziurrenik egongo ginen. Baina, dena geratu da, eta horrekin gure fakturazioaren %40 inguru". Azaldu du geldiunea aprobetxatu dutela enpresaren bilakaeraz hausnartzeko eta aukera berriak aztertzeko. 

FML-ko Miguel Martinez de Lezeak, bere aldetik, azpimarratu du udaberrian ez dela ikuskizun askorik izaten eta hilabete horietan "ezkontza edo jaitxo baterako" datozen bezero partikularrez arduratzeaz gain, ekainetik urrira bitartean aurreikusita izaten dituzten askotariko ikuskizunak prestatzen ibiltzen direla. Bat egin du Valdecantosekin, "urtea bukatutzat" ematen dutela esatean: "Hitzartuta geneuzkan ekimenak bertan behera geratu dira. Baikor izanda, pentsa dezakegu Gabonetan normaltasunera itzuliko garela, baina udako jaien denboraldia galdutzat ematen dugu, festak eta su artifizialak ez direlako atzeratzen".

Arazorik ez segurtasun neurriak betetzeko 

Enpresa batekoek eta bestekoek argi dute lehentasuna pandemia geldiaraztea dela orain. Baina, defendatu dute piroteknikarekin lotutako ekimenak "arazorik gabe" egin daitezkeela, aire zabalean antolatzen direlako, eta "arduratsuak izanik" ez litzatekeelako arazorik egon behar segurtasun neurriak betetzeko. FML-ko kudeatzaileak "herri txikiak" jarri ditu adibide gisa: "Publikoak distantzia mantendu dezake eta maskarekin joan daiteke, baina ziurgabetasunak beldurra eragiten du, eta horrek geldiunea".

Valdecantosen arabera, su artifizialak ondo ikusi ahal izateko, ez gara bata bestearen ondoan elkarrekin egon behar. "Plaza handietan distantziak mantendu daitezkeen arren; baina, legediak dio ikusleak aulkietan eserita egon behar direla". Aukera ezberdinak daudela gaineratu du: "Gasteizen, adibidez, badakigu Tortilla mendian 60.000 lagun inguru elkartuko direla Mendizabaletik botatako su artifizialak ikusteko. Horren ordez, hainbat ikuskizun egin daitezke Gasteiz inguruan. Arriskurik gabeko irtenbideak bilatzea da giltza", nabarmendu du.   

FML-ko Miguel Martinez de Lezea: "Ahaztuta gaude, eta jarduera egitea bideragarria bada ere, ez dute zalantzarik izan sinatuta genituen kontratuak bertan behera uzteko".

Miguel Martinez de Lezeak Katalunia jarri du eredu moduan: "San Juanetan ohikoa da piroteknia jaurtitzea, eta Generalitata hori sustatzearen alde dago. Hemen, aldiz, ez. Koronabirusaz haratago, piroteknia gutxiengoan dagoen sektore bat da. Jende guztiak su artifizialen ikuskizunak gustuko baditu ere, gero ahaztuta gaude, eta jarduera egitea bideragarria bada ere, ez dute zalantzarik izan sinatuta genituen kontratuak bertan behera uzteko. Baina ez dugu etsiko".  

Bost belaunaldiko ibilbidea 

Ibilbide luzea du Arabako pirotekniak. Barrundian du jatorria, Gasteizko alde zaharrean aurretik Agirretarren piroteknia egon bazen ere. Hain zuzen ere, XIX. mende amaieran jarri zuen martxan Martinez de Lezea familiak lehen enpresa, Ozetan. Garai hartan, bolboraren fabrikazioa artisau-jarduera zen, eta bolboragileek bigarren mailako jarduera moduan zuten suziriak eta pirotekniako gainerako gaiak ekoiztea; baina, denborarekin, aisialdiarekin lotutako piroteknian espezializatu zen. XX. mende hasieran, Gasteizera lekualdatu ziren, eta handik urte gutxira hainbat hildako utzi zituen eztanda bat gertatu zen.

Enpresa osatzen zuten bi anaiek beren bidea banatzea erabaki zuten orduan; bat, aisialdiko piroteknian lan egiteko, eta bestea, industrialean. Felix Martinez de Lezea Burgosko Miranda Ebrora joan zen eta piroteknia-lantegi bat zabaldu zuen; bertako su artifizialak ikusleen gozagarri izan ziren 70 urtez. Bere oinordekoek ere bide beretik jarraitu zuten: 1980. urtean, Berantevillan, Valecearen lantegi berria zabaldu zuen Mari Carmen Martinez de Lezeak eta haren senar Jose Luis Valdecantosek, gaur egungo jabe Aitor eta Jose Gerardoren gurasoek. 1985an, Luis Martinez de Lezea Bergonda herrira joan zen, eta, han, FML tailerra jarri zuen martxan, egun Felix, Luis eta Miguel semeek zuzentzen dutena.

Gasteizen geratu zen adarrak beste ibilbide bat hartu zuen 1948an. Lehenengo Lecea eta egungo Pirolec-eko gerente Izaskun Astondoak (Areatzako Astondoa Pirotekniakoa) azaldu du urte horretan lehenengo itsas seinalea egin zela, eta negozioa horretan zein jolaserako ez diren beste artikulu batzuk ekoiztean espezializatu zen. 1978an erroetara itzuli zen, Gasteiztik Barrundiara itzuliz; zehazki, Larreara joan zen eta 2013anx negozioa jabez aldatu bazen ere, bertan jarraitzen du egun.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide