Garaio eta Landako hondartzek bandera urdina izango dute aurten ere

Erredakzioa 2020ko eka. 10a, 12:03

Landa eta Garaioko hondartzek bost urte jarraian mantendu dute Bandera Urdina. / AFA

Larunbatean hasiko da bainu sasoia, garbiketa indartzeko neurri bereziekin eta sorosle postu gehiagorekin. Garaio eta Landako hondartzek EAEko bost bandera urdinetatik hiru eskuratu dituzte.

Garaioko bi hondartzak eta Landako hondartzak bosgarren urtez jarraian mantendu dute Bandera Urdina, bertako uren kalitateari, garbitasunari eta zerbitzuen informazioari esker.

Osasun krisiak erabat baldintzatuta, Zadorrako urtegietako bainu sasoia larunbatean, ekainaren 13an, hasiko da. Horretarako, erabilera arau berriak onetsi ditu Aldundiak, eta uretan zein kanpoan distantzia sozialari eusteko gomendioak plazaratu ditu: bainu laburrak hartzea; freskatzeko, lehentasunez dutxak erabiltzea; edota aulki, etzaulki eta mahai eramangarrien erabilera murriztea. Debekatuta dago aulkiak eta koltxonetak hondartza ertzean eta uretatik kanpo erabiltzea.

Gainera, nabarmen indartuko ditu garbiketa eta desinfekzio lanak: besteak beste, dutxak, Landako piknik mahaiak, pasabide egokituetako eskudelak, begiratokiak eta edukiontziak egunero garbitu eta desinfektatuko dira.

Sorosleen postuak, talaiak eta langileen materiala ere sakonago garbituko dira. Bestalde, komun publikoak eta harraskak egunean gutxienez lau aldiz garbituko dira. Halaber, erabilera arauak eguneratu dira, zeinen helburua baita distantzia soziala mantentzea ez soilik kanpoan, baita uretan ere.

Osasun segurtasuneko neurri gisa, kendu egingo dira haurrentzako bainu gune mugatuak eta aulki anfibioaren zerbitzua. Halaber, itxi egingo dira iturri publikoak.

Taldeko kirolei dagokienez, ez daude baimenduta ez urtegitik gertuen dauden zonetan ez uretan, baina bai Garaio eta Landako parke probintzialetako gainerako zonaldeetan.

Sorosle postu gehiago

Aldundiak Landako sorosleen arreta indartuko du: bi postu egongo dira hondartzan, eta zodiak bat. Bestalde, bertan behera geratu da Uribarri Ganboako hondartzako sorosle postua, ez delako bainurako zona ofizialtzat jotzen.

Osasun eta distantzia neurriak betetzen direla kontrolatzeko, Foru Aldundiak zaintza dispositibo bat jarriko du, eta miñoiak ibiliko dira udako kanpaina osoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago