Arabako herri arteko errepide bidezko garraio lineen bidaiarien kopuruak %28 egin du gora azken astean, eta gaurtik aurrera autobusen edukieraren muga desagertu da, hirugarren fasearekin batera. Ohiko lanaldi baten %70 inguruko zerbitzua eskaintzeari eutsiko diote, eta deseskaladaren hirugarren fasean zehar gora egingo dute pixkanaka, %100era iritsi arte.
Gainerako segurtasun-neurriak mantenduko dira fase honetan: maskara erabiltzea eta BAT txartelarekin ordaintzea derrigorrezkoa da, baita atzeko atetik sartzea ere. Horrekin batera, indartutako garbiketari, desinfektatzeari eta aireztatzeari eutsiko diete.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak, aurrerantzean ere, egunero aztertuko du Alavabuseko lineetako eskariaren bilakaera, zerbitzu eskaintza egokitzeko. Bidaiari kopuruak hazten jarraitzen du apurka-apurka, eta, asteon, egunean 1.138 bidaiari ibili dira batez beste.
Mugikortasunaren "bizkarrezurra"
Javier Hurtado Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko foru diputatuak azaldu duenez, helburua "une oro arabarren mugikortasuna bermatzea da". Eta konfiantzazko mezua helarazi nahi izan die erabiltzaileei: "Garraio publikoa, eta, zehatzago esanda, foru garraioa, segurua da".
Garraio publikoak hiri eta lurraldeko mugikortasunaren "bizkarrezurra" izaten jarraitu behar duela adierazi du Hurtadok: "Ezin dugu gure hirietako espazio publikoa automobil gehiagoz gainkargatu", eta ohartarazi du ez duela "inboluziorik" onartuko mugikortasun jasangarriari dagokionez, horrek auto partikular gehiago, kutsadura gehiago eta osasun gutxiago ekarriko lituzkeelako.