Hamaika Gara

Erabakitze eskubidearen aldarriak Arabako plazak berreskuratu ditu

Erredakzioa 2020ko eka. 8a, 09:46

Hamaika Gara ekimenak elkarretaratzeak egin ditu igandean Gasteizko, Aramaioko, Murgiako eta Laudioko herriko plazetan, "plazak berreskuratzeko" eta erabakitze eskubidea aldarrikatzeko.

Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Hamaika Gara ekimenak, eta Arabako plazak aldarriz bete ditu herritarrak igande honetan. Gasteizko Foruen plazan, Murgiako udaletxe plazan, eta Laudio eta Aramaioko herriko plazetan egin dituzte elkarretaratzeak.

"Covid 19 azaldu baino lehen gure autogobernuaren inguruan sumatzen ziren eta pandemiaren kudeaketak areagotu dituen gabeziez ohartuta, Hamaika Gara ekimenak herritarrak animatu nahi ditu ekintza apal bezain sinboliko batean parte hartzera", azaldu dute sustatzaileek.

Herritar bakoitzak etxetik eraman du bere aldarri propioa kartoi xume batean idatzita. Aldarri horiekin guztiekin mosaiko koloretsu bat osatu dute.

"Esparru guztietan" erabakitzeko aldarria Aramaion

Nork bere aldarria eramanda, mosaikoa osatu dute Aramaion Hamaika Gara ekimenaren barruan. Naturaren, zaintzaren eta bizitzaren aldeko aldarriak jaso dituzte, esaterako. Ekimenaren irudiak jaso ditu Goiena Telebistak:

 

Hamaika Gara ekimena

Hamaika Gara ekimena martxoaren 11n abiatu zen. Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak abiatu zuen, eta 24 eragile dira orain sustatzaileak. Egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak baldintzatu zuen: erreferenduma eskatzeko abian zen sinadura bilketa eten egin zuten, eta kalean egitekoak ziren mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide