Koronabirusa

Etenik gabeko elkartasun gorria

Jon Rejado 2020ko eka. 8a, 08:51

Osasun krisiarekin ere, ehunka lagun gerturatu dira odola ematera. /Aiala Elorza

Arabako Odol Emaileen elkarteak bere jarduera egokitu behar izan du osasun krisia hasi zenetik. Itxialdiak iraun duen bitartean ehunka herritar gerturatu dira odola ematera; ohi baino gutxiago izan badira ere, ebakuntzak atzeratu dituztenez ez du eragozpenik eragin.

Zazpi egun falta dira Odol Emaileen Nazioarteko egunerako. Ekainaren 14a ospatzeko prestaketa lanetan murgilduta dago Arabako Odol Emaileen Elkartea. Koronabirusak baldintzatu du elkarte horren jarduna azken hilabeteetan, baina badago zer ospatu. Aiala Elorzak, aipatu elkarteko sustapen arduradunak, azaldu du odol emaileen elkartasuna ez dela eten itxialdian. "Egun arraro horietan, osasun zentroetara inork gerturatu nahi ez zuenean, odol emaileak etortzen ziren; 'beharra dago', esaten ziguten".

Datuei erreparatuta, odol emateetan beherakada bat egon dela azaldu du Elorzak. Iaz, Araban, 1.550 odol emate inguru egon ziren hilabeteko. Itxialdiak iraun duen bitartean 1.000 odol unitate inguru jaso dituzte, batez beste. Edonola ere, Elorzak azaldu du horrek ez duela eragozpenik eragin, odol beharrak ere aldatu direlako azken hiru hilabeteetan. "Osasungintza koronabirusaren aurka egon da lanean, nagusiki, eta ebakuntza eta tratamendu asko atzeratu dira; horren ondorioz odol beharra gutxitu da".

Odol gutxiago bildu arren, odola emateko lekuak ez dira ehuneko ehunean aritu, denbora guztian. Olagibelgo anbulatorioko odol emate puntu egonkorra hamar egun inguru itxi zuten, "garbiketa berezia" egiteko. Horrez gain, Araban herriz herri mugitzen diren odol emate unitate mugikorretako bat baino ez da martxan egon. Hala eta guztiz ere, datu "harrigarriak" egon direla azaldu du Elorzak. Apirileko datuak txarrak izan ohi direla azaldu du, bertan bat egin ohi dutelako Aste Santuak eta San Prudentziok. Koronabirusa agertu aurretik kanpaina berezia egitea zuten buruan, ea 1.000 odol emateetara heltzen ziren. "Krisi egoera dela-eta ez genuen hori egiterik izan, baina, hala eta guztiz ere, 932 pertsona etorri ziren gurera".

Ikerketaren kate-begia

Ohiko odol emateez gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik sustatutako ikerketa batean ere ari da laguntzen Odol Emaileen Elkartea: koronabirusa gainditu dutenen plasma jasotzen ari dira, gaixorik daudenekin sendabide moduan baliatzeko. Plasma odolaren osagai bat da, eta aferesi bidez eskura daiteke; hots, behar den osagaia (plasma, plaketak edo hematieak) baino ez da ateratzen teknika horren bidez. Bada, osagai horretan behar adina antigorputz badaude, transfusioa lagungarria gerta dakieke eriei.

Odol emate mugikorretako bat bakarrik izan da egun hauetan. / Aiala Elorza

Osasun Sailak jakinarazi du ikerketa martxan dagoela, eta emaitzak izan bitartean ez dutela ezer jakinaraziko. Bitartean, Aiala Elorzak azaldu du plasma hori hartzeko prozesua "erritmo onean" doala. Datuak gutxi gorabeherakoak badira ere, 500 plasma unitate inguru lortzeko xedea ezarri zen, eta orain arte "oso erantzun ona" izan duela azaldu du. "Balizko emaileei analisi bat egiten zaie, antigorputz kopurua ikusteko, eta erabilgarria dela erabakitzen bada plasma ateratzen zaie".

Odol emaileen datuetan aldaketa nabaritu da, baina are agerikoagoa izan da odola emateko prozeduretan eta erizainen lanean egondako aldaketak. "Dagoeneko normalizatu dituzte aldaketak, baina ez dira gutxi izan". Martxotik etengabe aldatuz joan da testuingurua, eta aldaketa horiek haien lan egiteko moduan islatu dira: Olagibelgo anbulatorioan, baita unitate mugikorretan ere. Araban, gainera, egokitzeko prozesu hori beste eskualdeetan baino lehenago heldu zen. "Beste probintzietako kideekin hitz egiten genuenean Araban aste bat aurreratuta gindoazela sentitzen genuen; izan ere, gure egoera pertsonala lehenago aldatu zen: eskolak itxi ziren…".

"Inork gerturatu nahi ez zuenean, odol emaileak etortzen ziren"

A. Elorza

Besteak beste, zenbait egunez, Gasteizen eta Arabako Errioxan ateratako odoleko plaketak baztertu zituzten. Elorzak gogora ekarri du eskualde horietan koronabirus kasuek gora egin zutenean hartu zela erabakia: "badaezpadako" neurria. "Ateratako plaketek bost egun baino ez dute irauten, eta, 20-22 gradu inguruan gorde behar direnez, erabaki hori hartu zen". Gerora Bizkai eta Gipuzkoako beste eskualde batzuekin ere egin zen, "oraindik ere ziurtatuta ez dagoen arren odolaren bitartez kutsa daitekeenik".

Segurtasuna bermatuta

Eguneroko lanean, emaileek ukitzen dituzten objektu guztiak kendu dituzte, edo etengabe garbitzen edo aldatzen dituzte: aulkietan zeuden izarak, kuxinen zorroak, egunkariak, odola eman osteko mokadua hartzeko eremuko ur pitxerrak… "Begirada aldatu behar izan genuen horretaz guztiaz jabetzeko", azaldu du Aiala Elorzak. Horrez gain, erabaki zuten erizainek zein emaileek maskara janztea, horretarako beharra ezarri aurretik. "Beste probintzietako kideei horretarako aukera aipatu genienean arraro egin zitzaien, ez ote ziren emaileak ikaratuko; ordurako, ordea, Gasteizen horien erabilera zabaltzen hasia zen kalean".

Emandako odolaren segurtasuna bermatzeko neurrietara ere heldu dira aldaketak. Eman aurretik medikuarekin elkarrizketatxoa izateaz gain, odola atera eta hurrengo egunetan txarto sentituz gero abisatzeko epea luzatu da. "Aurretik bi egunean sukarra izanez gero abisatzeko esaten genien emaileei; gaur egun, bi asteko epea ere dute abisua emateko". Horrez gain, Galdakaoko Transfusio eta Giza Ehunen Zentroan dauden ohiko segurtasun neurriak mantendu dituzte.

Etorkizunera begira, Aiala Elorzak nabarmendu du lanean jarraituko dutela "normaltasuna" lortzeko bidean, baina testuingurura egokituz. "Egunero ari gara gure lana berrikusten". Osasun krisiaren aurretik enpresa askotan izaten ziren, unibertsitatean, institutuetan… "Leku horietan ezin gara sartu; haien egoera ez da normala, eta hori zuzendu bitartean ezin dugu bertan lan egin". Ordea, kalean duten presentzia handitu dute; osasungintza normaltasuna berreskuratzeko bidean eskatzen hasi den odola eskuratzeko. Elkartasun gorriaren beharrak ez duelako etenik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago