Erabakitze eskubidearen aldeko aldarria plazetara

Erredakzioa 2020ko eka. 4a, 16:46
Hamaika Gara ekimena aurkezteko deialdia. / Gure Esku Dago

Gasteizko, Aramaioko, Murgiako eta Laudioko herriko plazetan "elkarretaratze berritzailea" egitera deitu du Hamaika Gara ekimenak.

Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidea defenditzen duen Hamaika Gara ekimenak Arabako plazak aldarriz betetzera deitu ditu herritarrak igande honetan. Gasteizko Foruen plazan, Murgiako udaletxe plazan, eta Laudio eta Aramaioko herriko plazetan deitu dituzte hitzorduak.

"Covid 19 azaldu baino lehen gure autogobernuaren inguruan sumatzen ziren eta pandemiaren kudeaketak areagotu dituen gabeziez ohartuta, Hamaika Gara ekimenak herritarrak animatu nahi ditu ekintza apal bezain sinboliko batean parte hartzera", azaldu dute sustatzaileek. Elkarretaratze "berritzaile eta desberdina" izango dela esan dute, agintariek aholkatzen dituzten osasun- baldintza guztiak kontuan hartuta. Elkarretaratze horretan herritar bakoitzak etxetik eramango du bere aldarri propioa kartoi xume batean idatzita. "Lelo horiek zerikusirik izango dute gure etorkizuna libreki erabakitzeko dugun eskubidearekin". Aldarri horiekin guztiekin gero mosaiko koloretsu bat osatuko dute, eta horrek jarriko dio amaiera ekintza sinboliko eta aldarrikatzaileari.

Hamaika Gara ekimena martxoaren 11n abiatu zen. Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak abiatu zuen, eta 24 eragile dira orain sustatzaileak. Egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak baldintzatu zuen: erreferenduma eskatzeko abian zen sinadura bilketa eten egin zuten, eta kalean egitekoak ziren mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.

Igande honetako ekintzak Euskal Herri osoan antolatu dituzte, 11:00etan. Arabari dagokionez, Gasteizen (Foru plaza), Aramaion (herriko plaza), Laudion (herriko plaza) eta Murgian (udaletxe plaza) izango dira elkarretaratzeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide