Koronabirusak eragindako ezohiko egoeragatik, ekimen solidario asko jarri dira martxan azkenaldian Araban: tartean, Gure Laguntza proiektua. Herrialdeko tokiko merkataritza bultzatzea eta sustatzea du helburu nagusi, Gure izeneko plataformaren bidez. Harrera bikaina izan du, eta dagoeneko 360 negoziok eman dute izena. Proiektuaren sustatzaile Alvaro Traperok horren funtzionamenduaz eta hemendik aurrerako asmoez hitz egin du.
Zer asmorekin eta noiz sortu zenuten Gure Laguntza?
Koronabirusarekin martxoan ezarritako konfinamenduaren hasierako egunetan Alexander Pereda lankideak deitu zidan, eta garai hartan Araba mailan sortzen ari ziren ekimen solidario guztiak mapa batean jasotzeko asmoa zuela komentatu zidan. Gaia aztertzen hasi ginenean, konturatu ginen bereziki enpresa txikiak zirela osasun arloaren alde debalde mobilizatzen hasi zirenak, eta orduan, Gure Laguntza sortu genuen: hain justu ere, ekimen horiek guztiak mapa batean biltzen zituen mapa interaktiboa; gero, denborarekin, Gure plataforma etorri zen. Osasun krisian jabetu ginen inork ez zituela laguntzen garai latz horietan debalde lan egiten ari ziren enpresa txikiak, eta egoera horri aurre egiteko Arabako komertzioen eta enpresen topagune bat sortzea bururatu zitzaigun; alarma egoeragatik itxita egon den tokiko merkataritza bultzatzea eta sustatzea du helburu, konfinamendua iraun duen denbora zailetan eta baita hurrengo hilabeteotan ere laguntzea, desagertu ez dadin.
Nori dago zuzenduta zehazki?
Erretratu solidarioak egiten dituen neska autonomo bat izan zen plataforman izena eman zuen lehena.
Eremua da mugatzen gaituen bakarra: Arabara bakarrik dago mugatuta proiektua. Hortik aurrera, edonori dago zabalik. Erretratu solidarioak egiten dituen neska autonomo bat izan zen plataforman izena eman zuen lehena; hortik aurrera, denetarik aurkitu dezakezu: herrialde osotik banatuta dauden hortz-klinikak, tabernak, landetxeak, jatetxeak, osagarri eta arropa dendak, ekoizleak, garajeak edo ile-apaindegiak eta masaje-zentroak. Ohiko merkataritzaz gain, bestelakoak ere badaude; familia-gune bat ere badago, esaterako: familiak eroso eta konfiantzaz sentiarazten dituen toki bat, elkarrekin esperimentatzeko, ondo pasatzeko eta ikasteko aukera ematen duena, adierazpen eta mugimendu librea lagunen eta umeen erritmo eta nahiak errespetatuz. Edozeinek dauka tokia Guren, ez dago mugarik.
Nola funtzionatzen du?
Guk bonu bat baino ez dugu sortzen, negozioak berriz ere martxan jartzerakoan trukatu ahal izateko.
Enpresa edo negozio bat igotzea erabat doakoa da; negozio horiek bezeroekin harremanetan jartzen ditugu, hainbat bonuren bitartez erosketak aurreratu ditzaten. Gure webgunean –gure.laguntza.eus– aurkituko duten fitxa baino ez dute bete behar; jarraian, eskaintzari buruzko hainbat datu eskatuko dizkiegu, aukeran dauden bonu mota ezberdinak proposatzeko: esaterako, 50 euroko bonua 40 euroan erostea edo 10 eurokoak 7 euroan. Negozioak berak ere aukeratu dezake bonua. Behin igota, bezeroek plataforman kontsultatuko dute fitxa eta eskuragarri dituzten bonuak ikusiko dituzte. Baten bat erosi nahi izanez gero, zuzenean idatzi edo deitu ahal izango dute, eta bien artean aukeratutako ordainketa-metodoaren bidez ordainketa egingo du bezeroak. Guk bonu bat baino ez dugu sortzen, negozioak berriz ere martxan jartzerakoan trukatu ahal izateko.
Zenbat enpresek eman dute izena?
Aste hasieran 368 enpresa zeuden igota. Horietatik, 60 Laudiokoak dira, eta Amurrion eta Gorbeialdean 40 negoziotik gora dute izena emanda. Gainerakoaren %90 Gasteizen badaude ere, baditugu herrialde osotik banatuta dauden negozioak.
Erakundeekin ere egiten duzue lan, ezta?
Bai. Kuadrillek eta udalek diruz lagundutako kanpainak ditugu. Laudioko eta Amurrioko Udalekin hasi ginen, eta orain Gorbeialdeko Kuadrillarekin gabiltza. Gorbeialdeko Kuadrillak berak merkataritza normaltasunera itzultzea bultzatzeko bonu digitalen kanpaina jarriko du asteotan abian; 45 enpresa eta saltoki atxiki dira horretara. Hiru bonu mota daude: ostalaritza; merkataritza eta ostatuak; eta nekazaritza elikagaiak, artisautza eta aisia irekiera bonuak. Gure plataforman eskuratu daitezke horiek establezimendu bakoitzarentzat erreserbatutako espazioan, eta ondoren, salmenta puntuan bertan truka daitezke. Bonuetan aplikatutako hobaria Gorbeialdeko Kuadrillak hartuko du bere gain. Hori da dinamika. Egia esan, ez dugu arazorik izan negozio txikiek behar zuten guztira moldatzeko eta plataforma oso harrera ona ari da izaten; erakundeek erabili gaituzte beraien kanpainak egiteko, eta horrek guri ikusgarritasuna eman digu. Gogoan dut Laudioko kanpaina martxan jarri genuenean, zerbitzaria kolapsatzeko zorian egon zela, oso denbora gutxian jende asko sartu zelako.
Bonu horien bitartez zenbat euro mugitu dira orain arte plataformarekin?
Dagoeneko 71.000 euro baino gehiago dinamizatzea eta martxan jartzea lortu dugu, erabiltzaileengandik merkatariengana zuzenean joan direnak. Proiektua martxan jarri genuenean ez genuen pentsatu horrelako kopururik mugitzeko gai izango ginenik. Kontuan hartu behar da, atzean lanean debalde ari den jende gehiago baldin badago ere, bi autonomoen artean martxan jarritako proiektu bat dela. Egia da lan asko egin dugula, baina plataformak oso harrera ona izan du eta oso pozik gaude.
"Normaltasunerako" biderantz abiatu gara. Proiektuarekin jarraitzeko asmoa duzue?
Aurrerantzean tokiko merkataritza bultzatuko du negozio Gurek, horientzat garrantzitsuak izan daitezkeen baliabideak eskainiz
Bai. Covid-19 birusagatik sortu ginen, baina jarraitzeko asmoa dugu, plataformak funtzionatzen duelako. Egunotan, orain arte egindako bidea eta egoera berria aztertuko dugu. Konturatu gara Araba mailan ez dagoela tokiko merkataritza sustatzea helburu duen plataforma bat inoren menpe ez dagoena eta mugarik ez duena. Herrietan bereziki badaude komertzio asko ez daudenak inori lotuta, eta Gurek negozio eta bezeroen arteko topagune moduan funtzionatzen du; aurrerantzean ere tokiko merkataritza bultzatuko du negozio horientzat garrantzitsuak izan daitezkeen baliabideak eskainiz. Tartean, bonuen kanpaina egon da, baina bestelako baliabideak ere bilatu behar ditugu.
Eremu berrietara zabaltzeko asmorik al duzue?
Ikusiko du. Hainbat eskualdetan oraindik ere ez gara asko hedatu, baina bertako negozio nahiz erakundeekin harremanetan gaude eta proiektuan interesa dutela jakinarazi digute. Gasteizen sarea handiagoa da, baina herrietako errealitatea oso ezberdina da. Gainera, kuadrillen artean ere guztiek ez dituzte baliabide berdinak. Uste dugu Gure tresna ona izan daitekeela toki guztietara heltzeko. Bonuen kanpainek oso ondo funtzionatu dute eta beti izango dira eskura, baina orain egun batzuk behar ditugu dena behar bezala aztertzeko eta zehazteko, epe ertain eta luzera begira, zer baliabide diren egokienak proiektuarekin aurrera egin ahal izateko.