Gizon bat hil da traktorean izandako istripuan

Erredakzioa 2020ko eka. 1a, 20:36
Suhiltzaileek atera dute traktorean harrapatuta geratu den gizona. / Arabako Suhiltzaileak

Urizaharreko lursail batean gertatu da ezbeharra, 14:15 aldera.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, abeltzain bat hil da Urizaharrean, traktorearekin istripua izan ostean. Istripua 14:15 aldera gertatu da, A-3202 errepidetik gertu dagoen lursail batean, Urizaharra eta Bastida artean.

Ibilgailua altxatu egin da, eta  traktorearen eta atoiaren artean harrapatuta geratu da 66 urteko gizona. Arabako suhiltzaileak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin; bertan hil da.

2020: 34 hildako lanean

Urizaharreko heriotzaren aurrean, abeltzaintzako lan baldintzak hobetzeko neurriak eskatu dizkie LAB sindikatuak administrazioei, baita laneko arriskuen aurreko prestakuntza plana martxan jartzea ere.

"Sektoreko jarduerak arrisku anitz ditu. Langileek lan desberdin asko egiten dituzte, askotan bakarrik, zenbaitetan lan gogorrak eta neketsuak", ohartarazi dute: "Orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, estres termikoa, simaurra manipulatzen dute, ongarri kimikoak erabiltzen dituzte, makinaria ugari erabiltzen dute. Horrek, sektoreko ezbehar tasa altuari eragiten dio; gainera, lan arriskuen alorrean prestakuntza gutxi jasotzen dute".

Hildakoaren senitarteko eta gertukoei "babes eta elkartasunik zintzoena" adierazteaz gain, sindikatu abertzaleak gogorarazi du aurten gutxienez 34 langile lanean hil direla Euskal Herrian, eta Zaldibarreko bi langileak desagertuak jarritzen dutela duela 117 egunetik. Eta azken istripua salatzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide