Koronabirusa

EuskarAbentura espedizioa 2021era atzeratu da

Erredakzioa 2020ko eka. 1a, 11:42

2019ko EuskarAbentura espedizioa, Gesaltza Añanan. / EUSKARABENTURA

EuskarAbentura Elkarteak espedizioaren 3. edizioa datorren urtera atzeratzea erabaki du, "osasun eta segurtasun baldintza guztiak bermatzeko zailtasuna" dela eta. Aurtengo udan baloreak lantzeko alternatibak bilatzen ari dira.

Aurten antolatu behar zuen espedizioa 2021eko udara atzeratzea erabaki du EuskarAbentura Elkarteak. Osasun eta segurtasun baldintza guztiak bermatzeko zailtasunaz gain, egungo egoeran egitasmoaren helburuak lortzeko "ezintasuna" aipatu du elkarteak.

Egitasmoa hasi zenetik, udaro 120 gazte euskaldunek osatutako espedizioak Euskal Herria oinez zeharkatu du uztailaren 1etik 31ra, Mauletik Getxoraino.

Apirilaren hasieran, EuskarAbentura Elkarteak proiektua kolokan zegoela adierazi zuen, Covid-19ak eragindako krisia zela eta; behin-behineko neurri gisa, edizioa abuztura atzeratzeko erabakia hartu zuen. Aste honetan, elkartearen batzar orokorrak behin betiko erabakia hartu du: 2020ko udan ez da espediziorik egingo, eta 3. edizioa 2021era atzeratuko da.

Espedizioa egin ahal izateko hainbat konponbide eta aukera posible aztertu ondoren hartu dute erabakia: "Osasuna erdigunean jarrita, gaur egun indarrean dauden neurriak eta jasotako aholkuak kontuan hartuta, egoerak ez du espedizioa aurrera ateratzea ahalbidetzen", azaldu dute. "Espedizioaren indar handiena partaideen artean sortzen den harremana eta hurbiltasuna da, hain zuzen ere. Hurbiltasun emozionala eta fisikoa, askotan banaezinak dira", gaineratu dute.

321 gazte matrikulatuta

Elkarteak aurtengo matrikulazio-kanpainan izena eman duten 321 gazteak izan ditu gogoan: horietatik %15,3 arabarrak dira; beste %33 bizkaitarrak, %23,7 gipuzkoarrak, %23,1 nafarrak, %2,8 zuberotarrak, %1,6 lapurtarrak eta diasporako beste bi gazte.

Izena emateko, haietako bakoitzak proiektu original bat eta motibazio gutun bat bidali zituen, eta "kalitate handiko lan asko" jaso dituztela azaldu dute. Aurtengo hautagaiek egindako esfortzua aitortu nahi dute, eta, horregatik, datorren urterako gordeko ditu 2004an jaiotako gazteek egindako proiektuen ebaluazioen emaitzak.

2021eko matrikulazioa

2021eko matrikulazioa 2004 eta 2005 urteetan jaiotako gazteei zuzenduta egongo dela argitu du EuskarAbentura elkarteak.

Bestalde, 2003an jaio direnen parte hartzeak espedizioaren antolakuntzan izango lukeen eragina aztertu nahi dute. Elkarteak interesatuekin harremanetan jarriko da, eta honen inguruko erantzun bat emango die.

Aurtengo udarako alternatibak

Bien bitartean, elkarteak bere baloreak transmititzen lanean jarraitu nahi duela adierazi du, eta gazteen aurtengo aisialdi beharrak osatuko dituen jarduerak pentsatzen ari da. Euskal gazte sare euskalduna indartzeko alternatibak aztertzen ari da EuskarAbentura Elkartea.

"Euskal Herria eta kultura ezagutzen laguntzeko, balore positiboak lantzen dituzten bitartean; besteak beste, parekidetasuna, ingurumenaren errespetua eta bizi ohitura osasuntsuak", azaldu dute. EuskarAbenturaren sare sozialetan argitaratuko dute jarduera horien inguruko informazio eguneratua.

"Ez da agur bat, laster arte bat baizik. Aurten ezingo da espedizioa burutu, baina inoiz baino gogo gehiagorekin helduko diogu hurrengoari, irailetik aurrera", adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago