Une honetan, foru garraioaren erabiltzaileen eguneko batez bestekoa 850 pertsonakoa dela jakinarazi du Aldundiak; hau da, %70eko hazkundea izan da duela hamabost eguneko kopuruekin alderatuta. Hala ere, eskariak osasun krisiaren aurreko bidaiari kopuruen %25etik behera jarraitzen du.
Javier Hurtado Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren diputatuak azaldu duenez, Alavabus zerbitzuaren eskaria pixkanaka berreskuratzen ari da apirilaren lehen hamabostaldian lurra jo zuenetik. Gainera konfiantzazko mezu bat helarazi nahi izan die herritarrei: "Foru garraioa segurua da hartu diren neurriei esker: maskara nahitaez erabiltzea, garbiketa, desinfekzioa eta aireztapena indartzea, eta edukiera mugatua izatea", adierazi du.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saila, foru garraioaren eskariaren etengabeko ebaluazioa egiten ari da, enpresa emakidadunekin lankidetzan, arabarren mugikortasuna bermatzeko eta, aldi berean, osasun agintariek ezarritako segurtasun jarraibideak betetzen direla bermatzeko.
Bilakaera
Konfinamendu neurrien eta eskariaren beherakadaren ondorioz, martxoaren amaieran Alavabus zerbitzuaren eskaintza %30era murriztu zen. Eskaria berreskuratzen joan da apirilaren erdialdetik, eta zerbitzuak errealitate horretara egokitu dira: lehenik, apirilaren 20tik aurrera, eskaintza %50era handituz; geroago, maiatzaren 16tik aurrera, %55era handituz.
Goranzko bilakaerak jarraitzen du, eta azken bi asteetan %72 hazi da bidaiarien kopurua. Hori dela eta, aurreikuspenei jarraituz, Alavabusek bere eskaintza %70era igo du ekainaren 1etik aurrera. Horrela, zerbitzuak maiztasun gehiagorekin indartuko ditu.
Halaber, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak gogorarazi du osasun larrialdiaren hasieratik segurtasun neurriak aplikatzen ari direla: edukiera mugatzea, txartela BAT txartelaren bidez ordaintzea, bidaiariak atzeko atetik sartzea, lehen lerroetako eserlekuak erabilezin bihurtzea, eta autobusen desinfekzioa indartzea. Neurri horiez gain, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa da maiatzaren 4tik.